Gorka Etxeberria Casqueiroren hiru poema

Pasa den astean eman genizuen Gorka Etxeberria Casqueiroren 60 ordu zoologikoan liburuaren berri. Aste honetan, egileak berak aukeratutako hiru poema irakurri ditzakezue bertan. 60 ordu zoologikoan poesia liburua egileak berak argitaratu du, Elkar dendetan eta hainbat tabernetan eskuratu daiteke: Oreretako Landare, Mikelazulo eta Arkaitzan, Donostiako Herria, Ilargi, Urkamendi eta Ensantxen, Arrasateko Dat, Taupa eta Iluntzen.

Larunbata, 00:22h

Nire gaurko izarra

tabernatik urrundu da,

baina ez nago bakarrik.

 

Bero-bero nago.

Komunera noa berarekin.

 

Atea itxi

eta komunaren gainean

jarri dut,

nahi nuen eran,

luze.

Gero eta beroago nago.

 

Barrura,

suabe-suabe.

Gau osoan

elkarrekin egongo gara,

gogoa badut behintzat.

Atera baino lehen

azken laztantxoak egin dizkiot

behatzarekin.

Bagoaz kanpora.

Billetea gorde

eta nortasun-agiria karterara.

 

 

Igandea, 17:00h

Igandero legez,

tximino bihurtzen gara

milaka pertsona,

ni ere

futbolzalea naiz.

Bi ordu hauetan

ez zait inporta

zenbat lagun

hiltzen diren gosez munduan,

ez zait inporta

nork egiten duen zer.

Gauza bakarra inporta zait:

marradun kamisetako horiek

baloi txiki hori

hiru makilen artean

sartzea.

Azkazalak janda ditut

pipa-zorro batekin batera,

mila komentario egin ditut ere

entrenatzaile profesionalen gisan,

arbitroaren amarekin ere

akordatu naiz.

 

Igandero berdin.

 

 

 

Astelehena, 07:00h

Badira presoak

gauero-gauero

espetxera joan behar dutenak

lotara,

dena utziz

bakarrik lo egiteko.

Espetxera

joaten dira

eguzkia noiz

iritsiko den pentsatzen,

egunsentiro

makutoa hartuz

askatasunera

bueltatzen direnak.

 

Horrela

sentitzen naiz

ni ere.

Espetxera lotara

joan behar duena bezala,

preso.

Baina

nire espetxea

ez da Martutene,

Langraitz edo Soto del Real,

lantokia da.

Nire eskuburdinak

mailua eta iltzeak dira,

haien marradun trajea

jantzi beharrean

mahoizko trajea dut jantzita,

hiltzen naizen arte

kondenatuta nagoenaren

adierazle.

Preso horien

amets bera dut:

egunsentia.

Egunsentian

iritsiko da asteburua.

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.