Maiatz aldizkariaren 57. zenbakia

Durangoko Azokan zabaltzen hasi ostean, eskuragarri dago jada Maiatz aldizkariaren ale berria. Bertan ohiko bideari eutsi diote: poemak, narrazioak, testu esperimentalak, literatur iruzkinak… Aipatzekoa da antzerki bat osorik paratu dutela ale honetan, aspaldiko partez: Gerard Bagardieren eskutik.

Honako berba hauek topatu dugu Maiatz aldizkariko ekarpen berri honen aitzin solasean:

“Eta horra 57garrena! urte hondar hontan euskarazko idatziak bizi eta indartzen ari dira. Orotarik aurkitzen da hemen, Euskal Herriko zauriak idekirik dira eta bakea leinuru batean. Eta zer da bakea lana galtzen delarik? Hitzek balio dutela beti zerbaiten eraikitzeko, errepika dezagun.

Antzerkien argitaratzeari lotzen gara berriro, Gérard Bagardie-k euskaldun berri baten lana zer ditaiken frogatzen digula. Erresistentzia, gerla denborak, gogoratzea betikoa da eta bereziki sartuko garen urtean, 14eko Gerla Haundia aho beteka aipatuko digute. Hea ondoko aldizkarirako bakotzak ekarpen zerbait egiten ahal dugun?

Idaztea beharrezkoa bada irakurtzea ere. han eta hemen indar asko egiten da irakurketari buruz. Aldizkari hau horretarako balia daitekela errepika dezagun.

Aldizkari hau bizi da EKEren laguntzarekin eta harpidedunei esker. betiko leloa dugu: gure inguruan harpidetza berrien egiteak indartuko gaituela. Ametsa dea harpouide bakoitza bat berria bederen egitea? Are, xede hau ontzat hartuko dela eta obratuko, pentsa dezagun”.

Hauxe da harpidetzak egiteko bidea: maiatz@hotmail.fr

Ohiko moduan ugariak bezain anitzak izan dira parte hartzaileen lanak. Hona hemen haien izenak: Ttotte Etxebeste, Luixa Giltzu, Eneko Bidegain, Amaia Iturbide, Josu Jimenez Maia, Joseba Aurkenerena, Ainara Maia Urroz, Juankar Lopez Mugartza, Itxaro Borda, Migel Gonzalez, Eñaut Etxamendi, Eric Dicharry, Jean Iroz, Jakes Lafitte, Gerard Bagardie, Lucien Etxezaharreta eta Jean Louis Davant. Horiez gain, Guillaume Apollinaire-ren Zone/Inguru eman dute paperean, Koldo Izagirrek itzulia.

Nun da Popo? galderari erantzuten dio Ttotte Etxebesteren testu sortak. Hona hemen lagin moduan jaso dugun testu horietako bat:

Idatzi ez galtzeko

Idatzi ez ahanzteko

Biziaren denbora laburrean

Idatzi oihukazko

Idatzi ez hiltzeko

Hitzak kolorez ezarriz dantzan

Papera xuriaren hitzak

Ezin aurkituz gau xuriak

Hitz debekatuak

Hitz illunak

Hitzak senditu malkoen gisa

idatzi bizia emaiten modura

idatzi ezin erran diren hitzak

hor orain idatzi azkenak

idatzi kantu bat, otoitz bat

hitza hitz bizi, hitz zaharretan

idatzi bakartasun bidaian

idatzi mundu berri bat

idatzi bizi zati bat

Hitz ahantziak

Hitz zaurituak

Hitz xumeak

Idatzi kale erdian

Edo mudu puntan

Idatzi naizelako

Idatzi begiak idikitzeko

Idatzi borrokarako

Idatzi bakerako

Idatzi ametserako

Idatzi harriaren gainean

Idatzi Lur bustian

Odeiaren gainean

Presondegiko muruetan

Idatzi atzokoa

Idatzi gaurko

Idatzi biharkoa

Idatzi hitzak bat bestearen ondotik

Melodia edo tramatura izanik

Otxozailaeko harpetatik

New Yorkeko turetatik

Gernikako merkatutik

Saharako basamortutik

Idatzi gizakiaren istorioa

Nere, zure, beraien hitzak

Garrantzi gabeko hitzak

Ezer ez baitu garrantzirik

Hitzak behin betikoz ixildurik

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.