Hutsuneak eta antologiak, Erlea aldizkariaren zenbaki berrian

Atzo aurkeztu zuten zazpigarren zenbakia, Euskaltzaindiaren egoitzan

Erlea aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu zen atzo. Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen argitalpena da hauxe. “Besteren artean, erbestea eta lorak, hutsuneak eta antologiak, dira zenbaki honen protagonista”. Bernardo Atxagak azaldu zuenez, Erlea aldizkariak euskal idazleari, poetari, ilustratzaileari, argazkilariari… zabaldu nahi dio leihoa, “lehen mailako aldizkaria egitea, hori da helburua”.

Zazpigarren zenbaki honetan “kanpotik etorri zirenen seme-alabekin hitz egin nahi genuen”, hala aitortu zuen Bernardo Atxagak. “Objektuak” atala Antonia Manot Jon Paredes Manot “Txiki”ren amari eskaini dio, eta hori, bere hitzetan, “oso atal berezia da. Nire ustez -gaineratu du- hemen egon zen momentu bat, bi komunitateak elkartzeko aukera izugarria eman zuena, eta hori “Txiki” fusilatu zutenean izan zen. Elkarrizketak esanahi eta edertasun handia du”.

Gai horretaz ere, bakoitza bere erara, mintzatzen dira Juan Carlos Pérez, José Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero edota Pepe Altair, besteak beste.


Antologiak, lore-sortak

Erlea aldizkariaren zenbaki berrian antologietan erreparatu dute. Bernardo Atxagak azaldu zuenez, anthos hitza, grezieraz, lore esan nahi du. Antologia hitzak, beraz, lore-sorta esan nahi du. Eta hori izan da bigarren gaia, hots, antologiei espazio bat zabaltzea. Koldo Izagirreren, Asun Garikanoren, Jabier Kaltzakortaren, Lourdes Otaegiren edota Iñaki Sarriugarteren testuak atmosfera horren barruan sartzen dira.

Erlea 7 honetan, sinadura hauek batu dira: Lorenzo Rojo, Karmele Jaio, Jon Benito, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre, Kepa Altonaga, Asun Garikano, Mikel Urdangarin, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Miguel Sanchez-Ostiz, Juan Ignacio Pérez, Jabier Kaltzakorta, Luzien Etxezaharreta, Joxemari Iturralde, Iñaki Sarriugarte, Pepe Altair, Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Xabier Elorriaga eta Joseba Luzuriagarenak.

Azala Karen Amaiarena da. Argazkiak eta ilustrazioak Ernesto Valverdek, Mikel Valverdek, Jose Ramón Urtasunek eta Zaldieroak egin dituzte. Zaldieroaren komikia, “Urrezko liburutegia” eta “Foroa-azkenaldiko liburuak” ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k.

Bernardo Atxaga Erlea aldizkariko zuzendariarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurkeztu zuten Erlea-ren zazpigarren zenbakia.

Argazkia eta informazio iturria: euskaltzaindia.net

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.