Kristina Goikoetxeari elkarrizketa

Kristina Goikoetxea Amsterdamen bizi den idazle durangarra da. Han hasi zen literatura idazten, nederlanderaz. Evamar eleberria argitaratu zuen 2007an, eta bere lan guztiak zeharkatzen ditu ibilian dabilenaren pausoak, inongoa ez denaren arnasak. Emekiro (Zirimiri press, 2010) bilduman parte hartu du, beste bost euskal idazlerekin batera, eta bere ibilbideaz eta idazle esperientziaz galdetu diogu.




Zein harreman zenuen literaturarekin Euskal Herrian bizi zinenean?
Betidanik gustatu zait literatura, institutuan ikasgairik maiteena nuen, eta etxean, txiki-txikitatik, olerkiak idazten nituen eta lagun bati, Iñigori, ematen nizkion bere iritzia jakiteko. Hark ere berak idazten zituenak ematen zizkidan… Baina inoiz ez pentsatu idaztea gauza “serioa” izan zitekeenik. Etxean “ofizio” bat ikasi behar nuela esaten zidaten, niretzat idaztea afizioa zen eta, beharbada, horregatik ez nuen zeregin seriotzat hartzen.
Durangoko azoka ere bertatik bertara ezagutuko zenuen.
Bai, hasieran eskolatik joaten ginen, gero neure kabuz, lagunekin… Baina, batez ere, bertatik kanpo bizitzen hasi nintzenean hasi nintzen Durangoko azoka ulertzen eta bizitzen. Atzerritik itzultzen nintzen eta, azokako korridoreetan oinez nindoala konturatzen nintzen zortea neukala han bizitzeagatik eta lau egunetan jarraian azokara joateko aukera izateagatik: liburu guztien artean mugitzea, elkarrizketak entzutea, saioak, kontzertuak… Bat-batean zorteduna nintzela sentitzen nuen. Aspaldi ez naiz izan. Pena.
Noiztik bizi zara Durangotik kanpo?
18 urterekin alde egin nuen Durangotik. Udan Londresen izan nintzen lanean eta ingelesa ikasten eta hurrengo ikasturterako Granadako unibertsitatean onartu ninduten, itzulpengintza eta interpretazioa ikasteko, ingelesez eta alemanez. Unibertsitateko 4. urtean atzerrira joan behar izaten zen, eta nik inork nahi izaten ez zuen hiri bat hautatu nuen: Masstricht. Bertako itzultzaile eskolan hasi nintzen ikasten, eta ohartu nintzen bertako guztiek nederlanderaz egiten zutela, ingelesarekin ez nuela nahikoa izango. Beraz, nederlandera ikasten hasi nintzen, eta kasualitatez ikasten hasi nintzen hizkuntza hura bihurtu zen nire lan-tresna (nederlanderatik testuak itzultzen hasi bainintzen) eta nire hizkuntza literario.
18 urte zenituenetik atzerrian bizi zara, beraz.
Bai, Masstrichteko denboraldiaren ostean Austrian eman nuen urtebete, gero Durangon egin nuen denboralditxo bat, ondoren Leidenen hasi nintzen Nederlanderar filologia ikasten, eta filologiako azken urtea Caboko Hirian (Hegoafrika) unibertsitatean egin nuen, 1997an. Urte hartan Afrika gehiago ezagutzeko grina sortu zitzaidan, baina ez nuen aukerarik izan 10 urte igaro arte. Caboko Hirian urtebete egin eta Amsterdamen jarri nintzen bizitzen eta, geroztik asko bidaiatu dudan arren (Brasilen izan naiz, Cuban, Afrikan zehar…), Amsterdam izan dut oinarrizko kanpamendua. Beraz, gure aitak dioen bezala: Durangon baino urte gehiago daramatzat Durangotik kanpo.
Noiz erabaki zenuen idazle izango zinela?
Tira, ez zen une batetik besterako erabakia izan, poliki-poliki joan naiz ideia horretara hurbiltzen. Caboko Hiritik bueltan Egunkariako Begia gehigarrirako idazten hasi nintzen. Bestetik, lehen literatur lana itzuli nuen, Riana Scheepers-en liburu bat eta, bat-batean, adierazteko beharra sentitu nuen, kontatzeko beharra, eta literatura hautatu nuen tresnatzat. Izan zitekeen beste adierazpide bat: dantza, pintura… Horiek ere gustuko nituen, baina egunerokoan erabiltzen nuen tresna hautatu nuen: hitza. Hitzaren artea, seguru asko gertukoen sentitzen nuena. Lagun batek Idazle Eskolako frogak egingo zituela esan zidan, eta neuk ere frogatzea erabaki nuen: sarrera-frogra gisa eskatzen zituezten ipuinak idatzi nituen… Hura izan zen literatura idatzi nuen lehen aldia, eta nederlanderaz egin nuen. Handik aurrera gauza batek bestea ekarri du…
Zeintzuk izan dira zailtasun nagusiak bide horretan?
Batetik, edozein idazleren ohiko zailtasuna: idatzitakoa argitaratzekoa. Literatur aldizkarietan argitaratzen hasi nintzen, Literatur Eskolako irakasle guztiek hala esan baitziguten: hura zela argitaletxeren batean muturra sartu ahal izateko bisita-txartela. Bitartean, nobela baten eskuizkribuarekin ari nintzen lanean… Izen handiko pare bat aldizkaritan ipuin pare bat argitaratzea lortu nuenean nobela gustuko nuen argitaletxe batera bidaltzera ausartu nintzen. Orain erraza dirudi, baina bide luzea izan zen: asko idatzi nuen, ezezko asko jaso nituen, eta idatzitako asko bota nuen zaborretara. Prozesuaren parte da. Paperarekin duzun eguneroko borroka, bizitzeko adina diru irabazteko modua egitea… Eta edozein idazlek hain ondo ezagutzen duen eguneroko hori.
Eta hizkuntza ez zen zailtasun?
Bai, jakina. Segurtasun falta handia nuen. Horregatik, euren ama hizkuntzan idazten ez zuten idazleen lana irakurtzen hasi nintzen. Haiengan bilatu nuen inspirazioa: Becket, Ionescu, Conrad… Eta gertuagoko ereduak ere bilatu nituen: Kader Abdolah izan dut eredu nagusi. Persiarra izan arren nederlanderaz idazten du. Heldua zela hasi zen nederlanderaz idazten, akatsak egiten zituen, baina literatura ona egiten zuen hala ere! Zorionez, irakasle izan genuen Idazle Eskolan, eta berak ere segurtasun falta handia zuela aitortzen zigun, baina beti esaten zigun garrantzitsuena kontatzea zela, esatea, ez esaten duzuna zein hizkuntzatan esaten duzun. Hori auzokide batek zuzendu lezake… Musikarekin alderatzen zuen eta zioen: “garrantzitsuena asmatu duzun melodia da, ez hura jotzeko darabilzun instrumentua”. Gaibera, ez zidan biktima papera hartzen uzten. Ordutik, ama hizkuntzan ez idaztearen alde onei erreparatzen diet: jende askok esaten dit oso modu freskoan erabiltzen dudala hizkuntza, nabaritzen dela ez dudala hizkuntzarekiko lotura erroturik. Izango da nirea Holandako erret hizkuntzaren aurkako atentatua dela uste duenik, baina…
Zer da orain arte argitaratu duzuna?
Pare bat poema argitaratu ondoren (2001) ipuinak idazteari ekin nion. Guztira, lau ipuin argitaratu ditut, eta ondoren Evamar (2007) nobela iritsi zen. Nobelaren ostean ordu erdiko audio-liburu bat idatzi nuen (2008), entzuteko liburu bat, www.radioboeken.eu helbidea aurki daitekeena. Eta ondoren urtebete hartu nuen Afrikan zehar bidaiatzeko. Orain bidaia hartan idatzitako ipuinak lantzen ari naiz, eta haietariko bat argitaratu da Emekiro bilduman.
Zertaz ari da Evamar eleberria?
Uranda herria imaginarioan kokatzen da, nire haurtzaro eta gaztaro garaietatik gogoratzen ditudan herrietatik ateratako fikziozko herri batean. Urandan den-dena da posible eta bertan nire gurasoek behin eta berriro kontatutako istorioak bizitzara itzuli dira. Horrela joan zen sortzen Urandako dekoratua. Agian, herri hau Euskal Herriko mapan aurkitu nahi izando duzue, baina niretzat Uranda leku guztietan egon liteke, edonon daudelako jeneralak, grisez jantzitako gizonak, mendiko kobazuloak, herrixkak, hiriak eta hiriburuak, iparralde bat eta hegoalde bat, baita leku batetik bestera dihoan jendea ere, zerbait hobearen, zerbait berriaren, zerbait ezberdinaren bila. Hala ere, istorio honekin hasteko benetako motibazioa nire izeba bati eginako bisita izan zen. Alzheimerra zuen, eta bere etxean emandako arratsaldea benetan hunkigarria egin zitzaidan. Han zegoen bera, eserita, antzinako argazki-albuma esku artean, guztiok bere inguruan, bere ilobak, seme-alabak, anai-arrebak, denok… Orduan argazkiak seinalatu eta aspaldiko istorioak kontatzen hasi zen, gazte garaikoak, oraindik inoren ama, amona edo izeba ez zela garaietakoak. Hauek kontatzen zituen heinean, behinola izandako neska gazte bihurtu zen. Guztiok harrituta begiratzen genion. Eta orduan pentsatu nuen: bai, hori guztioi gertatzen zaigu. Jendeak ama edo amona gisa ezagutzen gaitu, baina ez dute ideiarik ere, ez nolakoak ginen, ezta nola sentitzen ginen oraindik halakorik ez ginenean. Ideia horrekin bueltaka ibili nintzen garai batean, eta horrek bultzatu ninduen ikuspuntu ezberdinetatik ikusitako liburua idaztera. Irakurleak ikusten du Javier pertsonaia nolakoa den eta nola sentitzen den mutil gaztea izanda, baina bere biloba Evamarrek ezin izango du hori sekula jakin. Evamarrentzat beti izango da “Aitona Javier” bezala.
Batetik bestera ibiltzeak, inongoa ez izatearen sentipenak zeharkatzen du zure literatura. Euskal Herrian geratu izan bazina idazle izango zinatekeela uste duzu? Zer idatziko zenukeen?
Lehenago edo beranduago grina azaleratuko zitzaidala uste dut. Baina han gelditu izan balitz zailagoa zatekeela iruditzen zait. Agian, Euskal Herriaz pentsatzen dudanean han bizi nintzen garaian nolakoa nintzen oroitzen dudalako: oraindik garatu gabe nengoen, nortasuna eraikitzeke… Batzuetan uste dut atzerrian bizitzeak nire burua aurkitzen eta libreago sentitzen lagundu didala. Neure burua berrasmatu dut. Sorterritik urrun bizi zarenean zure buruarkin egiten duzu topo aurpegiz aurpegi, eta agian horregatik atera da barrua nuena. Baina Euskal Herrian bizita ere, lehenago edo beranduago, nire buruarekin topo egingo nuen, batzuetan izaten dut fantasia hori, nolakoa zatekeen enkontru hori han geratu izan banintz, zein izago ote zen jarraituko nuen bidea. Seguru nago nire buruaren bila arituko nintzela han ere, nire esentziaren bila, adierazteko moduen bila… Baina bidea zein izango zen ezin jakin. Orain kontagai ditudan gauza askori buruz ezingo nukeen idatzi, baina hautatu dudan bidea hautatzeagatik bizi ez ditudan beste hainbat gauza biziko nituzkeen… Eta beste gauza batzuk berdinak izango ziren han eta hemen: egiten dugun bideak zizelkatu egiten gaitu, baina harria berbera da han eta hemen, nidearen hasieran eta amaieran.
Eta holandarra bazina?
Hori bai egiten zaidala imaginatzen zaila. Ezin dut imaginatu nolakoa nintzakeen hemen jaio izan banintz… Agian, Euskal Herrian biziko nintzen, destinua bihurria izaten da!
Zure lanak euskaraz irakurri ahal izatea gustatuko litzaizuke?
Jakina, nire zati bat etxera itzultzea bezalakoa litzateke, ni oraindik nomada bainaiz. Nire istorio asko sortu ziren lekura itzuliko lirateke, eta istorio horiek euskaraz irakurtzeak eragin handia leukake nigan, bai idazle bezala eta baita pertsona gisa ere. Baina ez dakit eragin hor zehatz-mehatz zein izango litzatekeen esaten.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>