Oscar Mansoren “Su guztiak”

“Su guztiak” izeneko poema bidali digu Oscar Manso idazle errenteriarrak, gazteleraz idatzitako jatorrizkoaren itzulpena. Mansori Breve historia de los conquistadores (batBada/Mikelazulo, 2010) poemarioa irakurri diogu lehenago, eta musikari gisa ere Kakahuete izeneko taldean entzun ahal izan dugu.

.

SU GUZTIAK

Su guztiak, su bakarra

Julio Cortazar

 

 

Jorge Luis Borges

beltza eta esklabo jaio zen

ez zuen sekula irakurtzen ikasi

ez daki idazten

Ez da existitzen El Aleph

ez Funes oroimentsuari buruzko

inolako kontakizunik

 

Hirugarren Reicheko

mundu ordena berriaren pean

ez dago lekurik Kafkarentzat

ez Einstein edo Philip Rothentzat

Stanley Kubrick Roman Polanskirentzat

 

Guztiak hil dira gaur

 

Lehergailu bat jausi zen Bruselan

Julio Cortazar jaio berriaren gainean

Ez da existitzen Rayuela

Ez dago kronopiorik ez famarik

 

Heriotza guztiak heriotza bakarra

 

Bala galdu batek

albo kaltea

bilakatu du Melville

zenbaki bat

Ez da existitzen Moby Dick

 

Atenasek

Espartak konkistatua izanik

bere filosofo guztiak ikusi ditu hiltzen

Ezpatapean jausi da Aristocles

Platon legez deitua izan baino askoz ere lehenago

 

Ez dago klabikordiorik Somalian

Mozart txikiarentzat

Itsu eta gose

inkontzienteki imitatzen du

hienen kantu iluna

gerturatzean

 

Gabriel Garcia Marquez

Columbineko ikasle ameslaria zen

Bere ondasunen artean topatu zen karpeta bat

literaturako apunteekin eta poema bat idazteko

ahalegin birekin

 

Federico Garcia Lorca

Roque Dalton

Marco Tulio Ciceron

 

Leonardok behar ez zuen gizona

maitatzeko akatsa egin zuen

Eskuak anputatu zizkioten

begiak itsutu

betirako ilundu haren ezpainak

harriaren fereka hotzarekin

 

Guztiak hil dira gaur

zifren artean uzkurturik

 

John Steinbeck 204. biktima da Bagdaden

Virginia Woolf 58.a Kabulen

Cervantes 72. presoa inon ez dagoen kartzela batean

 

Eman diezaiegun izen bat

tragedia neurtzeko

 

Sakrifikatua izan den Fiodor Dostoievskik ez ditu jainkoak asetzen

baina herriak lasaiturik egiten du hasperen

artoa hazten ikustean

 

Gozotasun infinituak torturaturik eta anputaturik

jauzi da Alejandra Pizarnik

 

Infanteriako peoiak sakrifikatu behar badira

hor doaz Quevedo nerabea

Kavafis bizargabea

Bolaño despistatua

 

Erregeari zuzendutako bala geratu behar denean

horra egin du salto Tom Waitsek

inork ez du uste Leonard Cohen galera handia denik

Parra familiak egingo du soilik negar Nicanor argitaragabeagatik

 

Kenzaburo Oé Hiroshiman

Kawabata Nagasakin

 

Su guztiak

su bakarra non

erre egiten diren gizaki guztiak

gizaki bakarra

 

Izen guztiak

gure izena

 

Oscar Manso errezitaldi batean. Argazkia: Joseba Barrenetxea.

 

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.