1987ko ‘Emakumea eta literatura’ jardunaldiez solasean

“Sareinak” taldeko kideekin mintzatu gara Arrasaten antolatu duten mahai-inguruari buruz

1987. urtean, Jakin aldizkariak ‘Emakumea eta literatura’ monografia argitaratu zuen. Sareinak taldearen ustez,  “ale hori aurrekaria izan zen euskal literaturan, hainbat ikuspegitatik Genero Ikasketetara hurbildu baitziren egileak”. Ordukoa gogora ekarri eta azken hogeitamar urte hauetan egoera zertan aldatu den hausnartzeko, mahai-ingurua antolatu du Sareinak kolektiboak. Elkarrizketa egin diegu Sareinak-eko kideei.

Ostiral honetan Arrasateko Emakumeen Txokoan, 19:30ean hasita izango da mahai-ingurua, parte hartzaile hauekin: Aurelia Arkotxa, Nerea Azurmendi, Tere Irastortza eta Laura Mintegi.

Ekitaldi honen inguruan gogoeta egin dugu Sareinak taldeko kidekin:

Genero ikuspegiaz hausnartzerakoan, jardunaldi haiek aitzindari izan zirela esan daiteke?

Jardunaldi haiek 80eko hamarkadan idazle zenbaitzuek eginiko lanaren emaitza izan ziren. Hamarkada hartan Euskal Herrian zehar mahai-inguruak egin zituzten gai horren inguruan hainbat idazlek. Horien artea Arrasaten izango ditugunak, baina, baita beste batzuk ere, esaterako, Itxaro Borda. Lehen emakume idazleen antologia ere ordukoa da, Itxaro Bordak apailatua. Hortaz, jardunaldi horiek giro horren fruitu izan ziren. Euskal literaturaren III. astean Jakinek “Emakumea eta literatura” gaiaren inguruan bost egunetan jarraian hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu zituen partaide hauekin, eta urte horretako monografikoan jasota geratu ziren. Monografiko horrek bildu zituen  literaturaren azterketa zenbait genero ikuspegitik eginak: ordura arte halako azterlanik ez zen euskaraz.

Bidegile hauen lana hor dago. Baina esanguratsua ere bada, 27 urteren bueltan lan asko dagoelako egiteko emakumeen izenak, liburuak eta lanak bisibilizatzeko garaian, ezta?

Orduko mahai-inguru haietan, esaterako, Virginia Woolfen Gela bat norberarena aipatu egin zen, erreferentziazko lan gisa. Eta oraintsu itzuli da euskarara, eta itzulpen horrek adierazten du badela orain kezkarik gai horren inguruan, generoaren eta literaturaren (eta oro har, artearen) arteko harremanak ikertzeko premia sumatzen dela. Hala ere, egoera aldatu dela iruditzen zaigu: gaur egun emakumeen lanak ikusgarri egiteko lana oraindik ere egin behar da, jakina, baina, gehiago dugu egiteko lan horiek “nolako ikusgarritasuna” duten auzitan jartzeko.

Jakina, feminismoaren eragina argia da. 80eko hamarkadan Euskal Herriko mugimendu feminista bizi-bizi zegoen, eta azken urteotan ere mugimendu feminista indartu da. Indartze horrek izan du eraginik kultur kritikan, eta kultur sorkuntzan.

1987tik hona urte asko pasa dira, baina orduko protagonista batzuk batu dituzue mahai-inguru baten bueltan. Zaila izan al da denak batzea? Ala alderantziz, aldarte onean hartu dute proposamena?

Gogo onez jaso zuten proposamena guztiek, eta asko poztu ginen! Ez genuen uste hain erraza izango zenik data baten bueltan idazle horiek guztiak biltzea, eta guztia aldeko izan dugu, batez ere hasiera-hasieratik prest agertu direla! Gure ustez saio berezia izango da, idazle horiek batera eta elkarrekin solasean aritzeko aukera gutxi izaten dugulako, eta are gutxiago halako atzera begirako bat egiten.

SAREINAKeko kideak: Amaia Alvarez Uria, Onintza Irureta, Josune Muñoz, Gema Lasarte, Iratxe Retolaza eta Ainara Sarasketa.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.