“Gabrielen lekua” sentikaria otsailean

Sentikariko trailerra aurkeztu berri dute

Gabrielen lekua sentikaria ikusteko aukera berriak egongo dira otsailean, Gasteizen, Donostian, Andoainen eta Leioan. Musika, poesia, bertsoa, antzerkia eta irudia jartzen ditu elkarrizketan oholtzan gainean ikuskizun honek, Gabriel Arestiren obra eta pentsamendutik abiatuta. Data berriak zabaltzearekin batera, sentikariko trailerra ere eman dute ezagutzera Gabriel Aresti kultura elkarteko kideek.

Urrian estreinatu zuten Gabrielen lekua sentikaria, Gabriel Aresti kultura elkarte sortu berriak bultzatutako proiektua. Arte diziplina ezberdinak jartzen ditu elkarrizketan eszenan sentikari honek, hastapen helburu honekin: “Gabrielen lekua proiektuan parte hartu dugunok Gabriel Arestiren literaturak, jarrerak zein pentsamenduak gure sorkuntzan duen garrantzia hausnartu dugu. Horren emaitza da antzerkia, poesia, bertsoa, musika eta irudia oholtzara igoko dituen sentikaria: sormenezko mailutasunari luzatutako begirada bat”.

Bi pertsonaiaren arteko talkak gidatu eta lotuko du publikoaren arreta: Eme liburuzaina eta Lur poeta izan nahi duen gaztearen arteko hika mikak, hain zuzen ere. Sentikariko egileek azaldu dutenez “bi pertsonaia hauen arteko elkarrizketaren harian, belaunaldien arteko aldea, Euskal Herriko historia, sormenaren zentzuaz egingo dugu gogoeta. Umorez, mailutasunez”.

Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi aktoreak (Argazkia: Joseba Barrenetxea).

Haien arteko solasa jarraitzearekin bat, oholtza gaineko musikariek, bertsolariak, poetak diziplina artistiko ezberdinen arteko elkarrizketa eszenaratuko dute, artearen bitartez gaurkotuz gidoian adierazitakoak.

Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea du helburu ikuskizun honek, “belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua”, egileek diotenez.

Otsaileko emanaldiak:

-Otsailak 5, Gasteiz: Artium museoan, 13:30 eta 19:30.

-Otsailak 14, Donostia: Lugaritz, 12:30 eta 21:00.

-Otsailak 21, Andoain: Bastero, 21:30.

-Otsailak 23, Leioa: Kultur Leioa (Kultur Maratila), 20:00.

OHOLTZARA IGOKO DIRA:

Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Iraia Elias.

Bertsoa: Andoni EgaƱa.

Deklamatzailea: Oier Guillan.

Musika: Rafa Rueda, Naia Membrillera, Iban Urizar.

Alain Urrutiaren irudiak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.