Mikel Peruarenaren “Edan ase arte” osorik irakurtzeko aukera armiarma.com-en

Duela bi aste Armiarma.com-ek Mikel Ibargurenen Ahapetik osorik irakurtzeko eman digun aukera aipatu genuen. Oraingo honetan Mikel Peruarenaren Edan ase arte da osorik irakurri dezakeguna. 2006an Kutxa literatur saria irabazita argitaratu zen liburua (Argazkia: Argia).

Lan ildo berri bati heldu diote armiarma.com-eko kideek, ohiko moduan literatur edukiak eskuragarri jartzeko ahalegin eskerga eginez. Kasu honetan lehiaketen bidetik plazaratu diren hainbat liburu hasi dira osorik sareratzen, eta baita bilduma zahar batzuetakoak ere: Kriseilu, Lur, Hordago… Armiarma.com-eko arduradunek azaldu digutenez “ez daukagu ordena finkorik, eta astero emanen dugu libururen bat, orain arte bezala, baina batzuetan data espeziala denean, akaso zerbait berezia egin eta ez dugu liburuik emango”.

80ren bat liburu dituzte digitalizatuta sareratzeko prest, oraingoz egile hauenak (gehiago etorriko dira ostera): bilduma zaharretako tituluen egileen artean Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Franz Kafka, Joseba Zulaika, Patri Urkizu, Tomas Meabe, Xabier Gereño, Xabier Kintana,Gotzon Garate; lehiaketen bidetik liburuak plazaratu dituzten egileen artean berriz Igor Estankona, Joxerra Garzia, Juanra Madariaga, Martin Iturbe, Mikel Ibarguren, Mikel Peruarena, Oier Guillan, Patxi Salaberri, Urtzi Urrutikoetxea, Xabier Mendiguren. Egileen baimen eta kolaborazioari esker sareratuko dituzte liburuak.

Oraingoz, Mikel Ibargurenen Ahapetik irakurtzeko aukera eman ostean, honela aurkeztu digute Mikel Peruarenarena:

Hiru urte geroago Zarama taldeak izenburu berarekin atera zuen abestiaz oso bestelakoa da Mikel Peruarenaren aldarria bere bigarren poemategian (Edan ase arte): bizitzatik edan behar dugu, bizia edan bizi ahal izateko, hilobiko lauza bizkar gainean daukagula ibili behar dugunez. Eraispena modako hitza zen garaiko animalia mindua dugula aitortu zigun poetak, eta horrek eskubidea eman zion noski zorrotza eta egiatia izateko, “Literatura bergizarteratzeko neurriak” edo “Zapatak hutsik” bezalako poema gogor eta ederretan (aukera dago liburuan) mintasuna argigarrizko kontzientzia bihurtzerainokoa. Eta batzuetan sarkastikoa den irriñoa behin eta berriz irakurlearengana. Jexux Aranbururen bandoneonak nostalgia erantsi zion egin zituen errezitaldietan, poemen mezua biderkatuz. Edan poesiatik, edan poesia ase arte.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.