Harkaitz Canoren “Txalorik ez, arren” liburuaren aurkezpena, gaur Donostian

Harkaitz Canok Txalorik ez, arren izeneko saiakera laburra argitaratuko du Argitaletxea EDO!ren eskutik. Gaur aurkeztuko dute liburua Donostiako Le Bukowskin 19:00etan egingo den saio berezian. Bertan Canok Iñigo Astiz izango du solaskide.

Iñigo Astiz eta Harkaitz Canoren arteko solasaldi baten bitartez aurkeztuko du gaur Argitaletxea EDO!k Txalorik ez, arren liburua, Xortak izeneko bildumaren barruan. Bertan topatu litezke, besteak beste, lerro hauek:

Nori edo zeri egiten diogu txalo? Artelanei buruz ari garenean, adibidez? Zer txalotzen dugu?Artelana bera, hark eragin digun zirrara eta hunkidura, ala, ona, ezaguna, eskandalagarria eta modan dagoela esan diguten egilea bera? Zirkuitu berri eta ezezagunak txalotzen ditugu, ala zirkuitu-laburra eta itzal-aldia eragingo diguten ziklo itxiak? Azken urteotan gero eta kezkagarriagoa zaidan sentipena da, gaur egun, idazleari ez zaiola eskatzen idazteko, eskulturgileari ez zaiola eskatzen eskultura egiteko, musikariari ez zaiola eskatzen musika sortzeko. Nork bere burua nabarmendu behar du eta sortzen duen gutxia errepikatu, errepikatu daitezen txaloak, zirkuitu itxian. Beti lan berdinak txalo berdinek oihartzunduak. Pertsonaia bilakatu. Gero, txalo enlatatuek eramango dute batetik bestera —bera eta bere pertsonaia, etengabe barre egiten diona txiste pribatuari—. Baina nork fabrikatzen ditu masak modu akritikoan jaulkitzen dituen txalo prefabrikatu horiek? ”

Inoiz publiko aurrera atera direnek berehala ezagutuko dituzte Txalorik ez, arren liburuko pasarteak, kasuak eta gomutak. Ezagutu, haien azalean iragazi dituztelako inoiz, segur aski. Hortik harago, eguneroko bizimoduan ere topatuko dugu, Canoren eskutik, tarteka autoironiaz azaldu digun “txalo-menpekotasuna”: “Txikitatik hasi nintzen teatroa egiten intimitatean, eta behin baino gehiagotan, sukaldeko olioa irakiten ari zela entzundakoan, txaloak irudikatzen nituen eta publikoa agurtzen. Txalo haiek niretzat ziren. «Mila esker, eskerrik asko, eskuzabalegi zarete nirekin».

Artearen esparrutik harago doan menpekotasuna da, nolanahi ere:

Eta, hala ere, denok etengabe espero dugu txaloa. Lankideena. Familiarena. Maitalearena. Publikoaren txaloa. Miresten ditugun autoreena. Hildako autoreena. Maite ditugun egileena. Gorrotatzen gaituztenena. Bihar jaioko diren ikus-entzule eta irakurleena. Berrehun urte barru jaioko direnen txaloa”.

Argitaletxea EDO!ko arduradunek zabaldu dutenez, “Artiumek gonbidatuta, Antoni Muntadasen On translation serieko instalazio baten inguruan 2009an egindako hitzaldia du Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren testuak abiapuntu. Artelan haren aitzakian txaloak historian eta arteen luze-zabalean izandako esangura desberdinak aletu ditu Canok. Berdin Grezia eta Erroma klasikoa edo Shakespeareren garaiko antzerkia zein Pasoliniren probokazioak edo Twitter-eko «autotxaloak», guztiak txaloaren atzean ezkutatzen diren harreman anbibalenteez jarduteko aitzakia dira Canoren testuan: noren onespena bilatzen du artistak? lehendik lagun zituenena ala etsaiena? zer zentzu du edozer txalotzen duen publikoaren onespenak? zer esan nahi du arrakasta izateak? zein arrisku ditu laudorioak jasotzeak? zenbateraino baldintzatzen du egilearen izenak obraren harrera?

Jolasari eta ironiari uko egin gabe, arrakastaren eta onarpen -beharraren tiraniarekiko kritikoa den testu hibridoa ondu du Harkaitz Canok, hanka bat historian eta mundu zabaleko arteetan jarrita, eta bestea orainean”.

Idoia Beratarbidek sortu du liburuaren azala, hemen osorik ikus dezakezuena:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.