Dresdeko bonbardaketa eta extralurtarrak

1945eko otsailean bonbardatu zuten Dresde, Alemanian. Han zen Kurt Vonnegut idazlea hiria suntsitu zutenean, eta gertaera horrek biziki markatu zuen gerora egingo zuen literatur ibilbidea. Besteak beste, Slaughterhouse-Five, edo haurren gurutzada nobela idatzi zuen gertaera hartatik abiatuta, zientzia fikzioa eta umorea gerraren kritika zorrotzarekin uztartuz.

Gerra-presoa zen Kurt Vonnegut Dresden, Erresuma Batuko 245 hegazkinek hiria suntsitu zutenean. Erasoan hildako lagunen kopuru zehatza ezaguna ez den arren, zenbaitek 25.000 eta 40.000 lagunen artean hil zirela diote.

Bonbardaketatik bizirik irten ziren zazpi preso estatubatuarren artean zegoen Vonnegut: “Bost” zenbakia zuen hiltegian gorderik lortu zuten bizirautea. “Suntsiketa osoa” izan zela esango zuen ostera idazleak, “hilketa ulertezina”. Naziek gorpuak pilatzen jarri zuten lanean, haiek hobi komunetan ehorzteko asmotan hasiera batean, baina Vonnegut-ek azaldu izan duenez “gorpu gehiegi zeuden, eta azkenean naziek su-jaurtigailuak zituzten tipo batzuk bidali zituzten. Hauts bihurtu zituzten biktima zibilen hondakin horiek guztiak”.

Gertaera hori izan zen gero Slaughterhouse-Five nobela sasi-autobiografikoaren ardatza. Nobela honetan gerrako bere esperientziak eta Dresdeko bonbardaketa, zientzia fikzioarekin eta denboran zehar egindako jauzien gaiarekin uztartzen ditu egileak, guztia umore beltzetik gertu dagoen kritika zorrotzarekin tartekaturik. Nahasketa estilistiko bitxia eskaintzen du beraz, liburuan bertan egileak omentzen (edo parodiatzen?) dituen zientzia fikziozko nobela “merkeak” Amerikako Estatu Batuetako gizartearen eta gerraren kritikaren bitartez beste eremu batera uztartuz.

Dresdeko bonbardaketan egoteaz gain, Billy Pilgrim protagonistak bere bizitzan atzera eta aurrera egingo du fisikoki denboran jauzi eginez, Trafalmadore izeneko planetako biztanleek Pilgrim bahitu eta denbora bizitzeko beste era bat irakatsi ostean.

Billy Pilgrim Trafalmadore planetan, extralurtarrek bahitutako beste biktima batekin

Kurt Vonnegut Jr. (Indianapolis, 1922ko azaroaren 11a-New York, 2007ko apirilaren 11a) zientzia fikziozko nobelak idatzi zituen batez ere, satiraz eta umore beltzez ondo horniturik. Denera hamalau nobela idatzi zituen, haien arteko batzuk Estatu Batuetan oso ezagunak. Slaughterhouse-Five izeneko honek laburbiltzen du ondoen bere ibilbidea eta pentsamoldea:

Begira, Sam, liburu hau honen labur, nahasi eta eztabaidagarria baldin bada, hilketa bati buruz ezer inteligenterik esan ezin delako da. Sarraski baten ostean hildako jendea besterik ez da geratzen, zeinak ez dioen ezer eta ez duen desio ezer; guztia isilean geratzen da betirako. Soilik txoriek kantatzen dute.

Eta zer diote txoriek? Sarraski bati buruz esan daitekeen guztia: Txio-txio-txi? Edo horrelako zerbait”.

1972an liburuan oinarritutako filma zuzendu zuen George Roy Hill zinemagileak, Butch Cassidy and The Sundance Kid,The sting eta The world according to Garp bezalako filma ezagunen egileak. Slaughterhouse-Five filmak ez du, agian, liburuak duen karga kritiko eta politikoa horren agerian uzten, baina liburuko pasarteetako asko bere horretan jasotzen ditu, egungo zinemagintzak efektu berezien laguntzarik gabe. Hona hemen filmaren trailerra:

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.