Erein argitaletxearen nobedadeak

Felipe Juaristi, Pello Salaburu eta Juan Kruz Igerabideren liburu berriak aurkeztuko ditu Erein argitaletxeak apirilaren hasieran: poesia, saiakera eta nobela, hurrenez hurren.

Hauexek dira Erein argitaletxeak aurkeztuko dituen liburu berriak:

Felipe Juaristiren Piztutako etxea, poesia.

Aurkezpena: Apirilaren 3an 11:00etan Donostiako Udal Liburutegi zaharreko sotoan.

“Piztutako etxea nire lanik sakonena da. Gogoeta egiten dut, esperantzaz, izuaz, desiraz, maitasunaz eta pasioaz, besteak beste. Abiapuntua da bizitzak bere arauak dauzkala eta, seguru asko, ez ditugula sekula santan guztiak ezagutuko, bizi garen bitartean bizitzaz ez beste ezertaz arduratzen garelako. Baina beste ezer hori bizitzaren muina ere izan daiteke, jakin gabe, noski. Gizakia zerk bultzatzen duen bizitzera da jakin beharrekoa. Baina beti ez dago gizakiaren esku halako jakituria. Ez zaio argirik iristen bere barreneko sotoan gordeta dagoena ikusteko. Beraz, bizi da gizakia, besterik gabe. Eta ez da gutxi. Izan ere, gizakia handia da, izakietan handiena. Baina inork gutxik daki hori”.

Pello Salabururen Errateko nituenak, saiakera.

Aurkezpena: apirilaren 9an 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegi zaharreko sotoan.

Pello Salaburuk 2012ko udazkenean lan bidaia bat egin behar izan zuen Cuzcora. Hala aitortzen du berak liburuaren sarreran: “Nola bakarrik ibiltzen nintzen maiz kara hango karriken artean, Cuzcora egin nuen bidaiaren artekek hainbertze oroitzapen ekarri zizkidaten gogora, nire bizitza lanbrotuan zehar zinez edo ustez gertatuak, eta horiek guziak mantso-mantso paper mutur batean paratzen hasi nintzen”.

Alderdi horretatik Errateko nituenak bada bidaia baten kronika eta bestetik oroitzapen liburu bat ere. Hango eta hemengo gauzei buruz autoreak daukan iritzien azalpena ere bada. Aho bizarrik gabe mintzo da gure egoeraz eta bizitzaz. Eta, batzuetan, “hango” kontuez ari dela, kitxua hizkuntzaz adibidez, susmoa sartzen zaio irakurleari ez ote den, zehar bidez bada ere, hemengo kontuez ere ari eta alderantziz.

“Paperak bete ahala, hango historiak, eta hemengoak, nire bizitzan aspaldi gertatuak eta oraingoak –denak batera etortzen baitziren uholdean, bereizketarik gabe–, ahal nuen moduan josten saiatu nintzen, tarrapataka batzuetan, atzendu baino lehenago, baina, egia erran behar baldin badut, azkenean ongi ez nekien eskribitzen ari nintzen hura bidaiaren oroitzapena zen, edo eskuek, horretako baimenik izan gabe, irristan ekoizten zuten ezin baratuzko jarioa”.

Baina beste gauza bat ere bada Errateko nituenak: iritziaren eta kronikaren fikzioaren eta errealitatearen nahasketa erakargarri bat, prosa bikain batean garatua. Ekialdeko euskalkietatik euskara batuari ekarri sendoa egiteko saio eredugarria.

Juan Kruz Igerabideren Zangotraba, nobela.

Aurkezpena: apirilaren 10ean 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegi zaharreko sotoan.

Eleberriko protagonistak bizitza doblea darama: aduanetako langilea da Joxe, eta detektibea Juan Fernandez, maitasun-kontuetan espezializatua. Biak dira bat eta bera? Edo hobe genuke gizakiaren sakonean murgildu eta nortasun konplexuaz mintzatu? Protagonistak bizi dituen garaiek ere ez dute laguntzen nortasun hori orekatzen. Garai zoroak, trantsizio garaiak: ametsa, ilusioa eta eldarnioa elkarrekin dantzara irten ziren urteez ari da nobela. Edurne bikotekidea, Dionisio lagun-min eta lankide, ez batak ez besteak jakingo du protagonistaren baitan irakurtzen. Azken batean, “inpostore” baten aurrean gaude: lagunen lagun bai, baina lagun desleiala. Ez da faltako poliziarekin elkar-hartze ilunik eta ETAren aurkako gerra zikinaren zipriztinik. Ezta saldukeriarik ere, zangotrabarik adiskide minenak azpiratzeko.

Pertsonaia komikoa gertatzen da eta ez da falta umorerik kontakizunean. Adiskidetasuna eta traizioa tramaren muina dira.

Zinema beltzaren igurtziak iIun-beltzeko atrezzo neurtua eskaintzen dio nobelari; eszenategi horretan gertatuko dira infideltasunaren unerik iradokigarrienak, zigarretaren kearen, sexuaren eta krimenaren giro patetikoan.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.