Mozkorrak omentzeko objektu-liburua

La tía Nela: Homenaje a los borrachos izeneko liburua plazaratu dute Javier Herran idazleak eta Dinora Palma Gonzalez ilustratzaileak, Diente de perro argitaldariaren laguntzaz eta Crowdfunding ekimen bat makulu. Bertan Mexikoko taberna-zulo batean bizitakoen kronika anitza eskaintzen dute egileek.

Gasteizko Zuloa bezalako liburu dendatan topatuko duzu horrelako edizio bat, bestelakoetara gutxitan iristen den liburu horietako bat: poemak, gomutak, ipuin laburrak, kronika hautsiak, ilustrazioak, guztia hari bakarrean. Liburu-objektua ere bada: azala letrarik gabeko irudi batek osatzen du, haren gainean zulo bat du, zeinetik zintzilikatu eta koadro bilaka daitekeen: “zintzilikatu irakurri ostean”, iradoki dute egileek. Zenbat bide har ditzake argitaratutako liburu batek, zenbat aukera eman ditzake objektu gisa?

Liburu honetako testuak Mexikon eta Guatemalan idatzi zituen Javier Herran bilbotarrak, 2005 eta 2011 artean. Garai hartan ezagutu zuten liburuko egileek La Tía Nela izeneko taberna, eta bertako gau giro bukowskitarra. Dinora Palma Gonzalezen zirriborroek jaso dute hitzek ezin dutena, zuri beltzean, gau giroko dardarak trazu baten ibilbidera eramanez.

Liburura gerturatzeko amua, honakoa:

“Tía”ren oihua

Zuen gustukoak izateko hezten gaituzte, txikitatik ikasi dugu, zuentzat interesgarriagoak suertatu gaitezkeelakoan egiten ditugu ikasketak. Zuen gustukoak izatearekin amesten dugu. Bizitza osoa eman dut neure burua zuretzat prestatzen, eta ez du ezertarako balio izan. Zuk, zuek ez duzue nahi arerio suertatuko den emakume argirik, garrantzitsuago sentiarazten zaituzten neskatila tontoak baizik, zeuon buruaz seguruago sentiaraziko zaituztetenak, jakintsu sentiaraziko zaituzten neska gazteak nahi dituzue, babestuko dituzuen emakume ahulak nahi dituzue. Zuen amodio propioa bazka dezatela nahi duzue, ezagutzen duzuen amodio mota bakarra delako. Bizitza nahi duzue. Belauniko gurtuko zaituzteten neskatilak nahi dituzue, goizetan zakila slurpatu eta ondoren esker onez irribarre egingo dutenak.

Zuek bezalako gizonek behar zaituztenean soilik dakizue benetan maitatzen. Ez dago entregarik zuengan, zuregan, ez da inoiz egon. Emegose den animalia izaki, zeure burua berresteko bilatzen nauzu, klan bateko buruzagiaren moduan. Zuek ez dakizue maitatzen, ez zaretelako jaisten, ez gaituzuelako gora egiten uzten. Distantziaren gizonezkoak zarete, biktima eragileak, zapaltzaile eternalak. Sekula oheratuko ez zinatekeen emakumeak errespetatzen dituzu soilik, zuretzat ez dira emakumeak ere, emeak baizik, inguratzen dituen mina biziki atsegin duzulako liluratzen zaituzte, ezin kontsolatu ezin babestu dituzun horiek, burua altxatu beharrik gabe begietara so egiten dizuten horiek. Zuek, beti-aita halakoak, jaun errespetatuak, buruzagi gorrotatuak, gizon urrunak. Zuek, bakarrik zaudete”.

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.