Iratxe Esnaola “Kafkaren Aulkia”n

Igandean (apirilak 6) Kafkaren aulkia emanaldian parte hartuko du Iratxe Esnaola idazleak, Pasai San Pedroko udal aretoan. Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariak eta Pello Ramirez musikaria izango ditu bidelagun.

Bertsolariek ez dakite zer irakurriko duen idazleak. Musikariak bai, eta soinu banda proposamen bat eramango dio idazleari emanaldiaren egunean. Musika aukerak adostuko dituzte biek, bertsolariek inguruan zain diren bitartean. Emanaldian deserosotasuna izango dute akuilu denek, idazle baten lerro artetik bertso printzak ateratzeko.

Uxue Alberdik eta Andoni Egañak idazle ezberdin baten berbak jaso dituzte aldiro, Kafkaren aulkia proiektuaren emankizunetan. Iratxe Esnaolarenak entzungo dituzte igande honetan 19:00etan Pasai San Pedroko udal aretoan, Berdintasun Arloak antolaturik. Ez dago ezer gehiago aurreratzerik, publikoak parte hartzaileekin batera deskubrituko dituelako egunean bertan saioaren nondik norakoak.

Urrian aurkeztu zuten publikoki Kafkaren aulkia irakurraldi bertsotua, eta dagoeneko idazkera anitzeko idazleak pasa dira sormen kulunkari honen aulkitik: Harkaitz Cano, Arantxa Urretabizkaia, Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe, Jon Sarasua…

Igande honetako emankizunaren sarrera doakoa izango da.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.