Pasioaren Ertzak Literatura Lehiaketa

Amorebieta-Etxanoko udal liburutegiaren ekimenez antolatu da

“Erabat pertsonala den kontzeptua da pasioa. Zentzu zabala duen hitza. Grina, irrika, lehia, zaletasuna, gogoa… Era askotan uler daitekeena. Ederra eta indartsua”, halaxe zioten martxoa partean Amorebieta-Etxanoko liburutegiko sustatzaileek, lehiaketa honen berri lehen aldiz eman genuenean. Pasioaz idatzi beharko da, beraz, ‘Pasioaren ertzak’ izeneko literatura lehiaketan. Hori bai, modu laburrean: testuak ez ditu 150 hitz baino gehiago izango. Trukean, lehiaketako irabazleak 150 euro poltsikoratuko ditu.

Pasioaren Ertzak egitasmoak hiru adar ditu. Lehena argazkilaritzari lotua zegoen. Iraganean diogu, otsailean burutu baitzen “Argiaz idatzi” izeneko ikastaroa.

Bigarren adarra sarreran aipatu dugun literatura lehiaketa da. Eta aurkezteko epea martxoan zabaldu bazen ere, oraindik bada aurkezteko denbora, maiatzaren 31n itxiko baita lehiaketan aurkezteko aukera (azpian dituzue oinarriak).


Erakusketa, hirugarren adarra

Argazkilaritza ikastaroa eta literatura lehiaketak dira “Pasioaren ertzak” egitasmoaren lehen bi adarrak edo ardatzak. Baina bada hirugarren bat, hitzak eta irudiak uztartzen dituena: pasioa loturatzat duen erakusketa. Literatura lehiaketan epaimahaiak aukeratuko dituen testu onenekin batera, ‘Argiaz idatzi’ argazkilaritza eta literatura-tailerrean egindako lanak batuko dira. Erakusketa 2014ko irailean izango da Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroko erakusketa gelan.

Oharra: Argazkilaritza ikastaroa eta literatura lehiaketa independienteak dira elkarren artean. Ikastaroa egiteak ez du suposatzen lehiaketara aurkeztu behar denik ezta alderantziz ere.


Pasioaren Ertzak Literatura Lehiaketa

Pasioa edo grina idazgaia izanik testu laburra sortaraztea da Amorebieta-Etxanoko liburutegitik proposatzen diguten erronka. Testuak ez du izango 150 hitz baino gehiago. Edozein testu mota onartuko da (prosa, olerkia, bertsoa, haiku-a…). Hizkuntzari dagokionez, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz idatzitako testuak onartuko dira. Hauek dituzue oinarriak.

Parte-hartzea

- 18 urtetik gorako edonork har dezake parte.

- Bai euskaraz (euskara batuan edo edozein euskalkitan) eta baita gaztelaniaz idatzitako testuak onartuko dira.

- Edozein testu mota onartuko da (prosa, olerkia, bertsoa, haiku-a…).

- Testuak Pasioa du idazgaitzat, hitzaren zentzu zabalean ulertuta.

- Testuak nora bidali: amoreliburutegia@gmail.com

- Liburutegiak mezu bat bidaliko dio parte-hartzaile bakoitzari, testua jaso dela konfirmatzeko.

- Testuak aurkezteko epea: martxoaren1etik maiatzaren 31ra bitartean (biak barne). Epe horretatik kanpo jasotako testuak ez dira onartuko.

- Lehiaketa honetan parte-hartzeak arau hauek eta epaimahaiaren erabakia erabat onartzea dakar.

Lanak nola aurkeztu

- Parte hartu ahal izateko, datu hauek bidali behar dira: izena eta lehen bi abizenak, adina, herria, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

- Parte hartzaileek lehiaketan emandako datuak benetakoak eta osoak izan beharko dira.

- Bidalitako datu pertsonalak antolatzaileek baino ez dituzte edukiko, eta haiek bermatuko dute testuen anonimatua epaileen hautatze- eta erabakitze-prozesuan.

- Testuak jatorrizkoak, argitaragabeak eta aurreko edozein lehiaketatan saritu gabeak izango dira, baita beste inongo lehiaketetan aurkeztu gabeak ere.

- Argitaratzeko eskubidea. Aurkezturiko idazlanak liburutegiaren esku geratuko dira. Liburutegiak bere web guneetan edo beste komunikabide edo euskarri batzuetan argitaratu ahal izango ditu, egilea aipatuta betiere.

Epaimahaia

- Epaileak Amorebieta-Etxanoko idazle bi eta Ametx erakundeko langile bat izango dira eta epaileek ez dute ez egileen izenik ez izengoitirik ezagutuko.

-Epaileen epaia apelaezina izango da eta 2014ko ekainaren 19an ezagutaraziko da.

Sariak

- Epaimahaiak aukeratzen duen testu onenari 150 euroko saria emango zaio.

- Era berean, epaimahaiak aukeratutako testuen ERAKUSKETA egingo da.

- Antolatzaileak harremanetan jarriko dira irabazleekin telefonoz edo posta elektronikoz. Ezinezkoa izanez gero irabazleekin harremanetan jartzea hiru eguneko epean (epaileen emaitza ematen denetik aurrera), saria zerrendan dagoen hurrengoari emango zaio.

- Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaiaren irizpidearen arabera, idazlanek behar bezalako mailarik ez badute. Aldi berean, lanen kalitateak merezi badu sari gehiago edo aipamen bereziak eman ahal izango ditu. Era berean, epaimahaiak ahalmena izango du sor litekeen bere eskumeneko edozein arazo erabakitzeko, arazo hori oinarrietan aurreikusia ez bada.

Erakusketa

Hitzak eta irudiak uztartuz pasioa loturatzat duen erakusketa burutuko da.

Epaimahaiak aldez aurretik aukeratutako testuekin batera, ‘Argiaz idatzi’ argazkilaritza eta literatura-tailerrean egindako lanak aurkeztuko dira.

Erakusketa, 2014ko irailean izango da Zelaieta Zentroko erakusketa gelan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.