Izua pizteko ipuinak

Zortzi ipuin gotiko (Elkar, 2013) liburua plazaratu du Jon Eugik

Gazte-talde batek Halloween gauean hilerrira egindako bisita, etxe sorginduak, madarikazioak, funeraria bateko langilearen ezustekoak, mamuak eta deabruak… Idazleak hainbat gai eta giro erabili ditu irakurlearen izu-sentimendua pizteko. Kazetaria da Jon Eugi, eta orain arte abenturazko nobela bat (Piraten uhartea, 2009) eta haurrentzako ipuin bat (Animaliakeriak, 2011) argitaratu ditu. Zortzi ipuin gotiko liburuan, beldurrezko zortzi ipuin batu ditu.

Edgar Allan Poe, Robert Louis Stevenson edo Bram Stoker idazleen itzala aipatu zuen liburuaren aurkezpenean Xabier Mendigurenek, Elkar argitaletxeko editoreak. “Ez da kasualitatea. Ezta nor bere buruari laudiorioak botatzea. Tradizio horren barruan sartu delako Jon Eugi ipuin hauekin, liburuko titulutik hasita”.

Tradizio horri segida, “genero bat aukeratu du Jon Eugik eta genero horren lege, ohitura eta usadioen arabera idatzitako liburua da Zortzi ipuin gotiko ipuin bilduma”, Mendigurenen esanetan.


Eroso, gazte literatura etiketapean

Helduen literaturaren barruan sartu izan da beldurrezko generoa, baina azkenaldian gazte literaturan txertatu dira estilo honetako liburuak. Ez da soilik euskal literaturan gertatu den fenomenoa izan. Halere, hori ez da kezka iturri Jon Eugirentzat: “nire liburuak haur eta gazte literaturan sartu izan dira eta eroso sentitzen naiz hor”.

Arestian aipatu bezala, Zortzi ipuin gotiko (Elkar, 2013) liburuan deabruak, sorginak, mamuak… ageri dira. “Beldurrezko generoan erabili izan diren generoak eta gaiak baliatu ditut”, aitortu zuen liburuaren aurkezpenean Elgoibarko idazleak.


Idazketa aberatsa

Generoko zinearekin alderatuz, “literaturan denbora eta esaldi dezente erabili behar dira egoera bat planteatzeko, horregatik irakurlea beldurtzea ez ezik, irakurlea irakurketarekin gozarazten saiatu naiz”. Horretarako idazketa aberatsa baliatu duela azaldu zuen Jon Eugik, “generoak ahalbidetzen duelako horrelako estiloa erabiltzea”.


Genero honen itzala euskal letretan

Xabier Mendigurenek liburuaren aurkezpenean aditzera eman zuenez, “Edgar Allan Poek esate baterako jarraitzaile asko izan ditu Euskal Herrian. Jon Mirandek edota Joseba Sarrionandiak euskarara ekarri zituzten bere ipuinak”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.