“Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da”

Alferrik ez balitz (Elkar, 2014) liburua eman du argitara Karlos Linazasorok

Ipuingintza, nobela, poesia… Ia genero guztiak jorratu ditu Karlos Linazasorok. Aforismo bilduma plazaratu berri du, Alferrik ez balitz (Elkar, 2014). “Oso miniatura zalea naiz, gero eta gehiago, esentziara joan behar dela uste dut. Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da. Eta egungo bizimodurako genero egokia iruditzen zait. Aldiz, jendeak trilogia potoloak eta horrelakoak irakurtzen ditu gehien, eta gainera oso txarrak. Zenbait eta xumeago eta laburrago ahalegin intelektual handiagoa eskatzen du, irakurzaletasun benetakoa”, tolosar idazlearen hitzak dira.

1.000 aforismo ondu ditu Karlos Linazasorok liburu honetarako. Genero berezia da aforismoa: itxuraz sinple, baina ondo egiteko trebetasuna behar duena. Gogoeta txundigarriak, poesia printzak, mikroipuinak, adar jotzeak, paradoxak eta bestelakoak aurkituko ditugu Linazasororen liburu berrian, “guztiak ere egileak ohi duen zorroztasunez eta ironiaz landuak”, Elkarrek prentsa-ohar bidez azaldu duenez.

Erraz irakurtzen badira ere, aforismo hauek poliki dastatzea komeni dela dio Karlos Linazasorok. “Bai, dastatu egin behar dira. Askok badute bigarren irakurketa bat. Niri aforismoak galtzerdiak bezalakoak gustatzen zaizkit, galtzerdiari bezala buelta eman eta espero duzunaren kontrakoa eskaintzen dutenak. Esaera zaharren eta errafrauen dogmei buelta ematen saiatzen naiz, berdin-berdin balio dezaketela uste dut.”


“Nahiago dut batetik bestera zer datorren ez jakitea”

Erlijioa, denbora, maitasuna, literatura… Gai asko ageri dira, guztiak nahastuta. Aforismoak dena den, kronologikoki daude jasota Alferrik ez balitz liburuan. “Nahiago dut hori gaika sailkatzea baino, irakurlea harritzeko gaitasuna galtzen delako bestela. Nahiago dut batetik bestera zer datorren ez jakitea”.

Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, 1962) filologoa da ikasketaz eta bibliotekaria lanbidez. Ipuinak, antzerkia, poesia, haur eta gazte literatura… Oparoa da bere bibliografia. Aforismoen alorrean, liburu hauexek kaleratu ditu orain baino lehen: Isiltasunaren adabakiak (Pamiela, 2003), Beti eder dena (Erein, 2006) eta Esan gabe doaz (Utriusque Vasconiae, 2009).


“Faltan dagoenetik, soberan dagoena”

Liburuan dioenez, aforismoa da literaturaren penaltia. “Edo beste era batera esanda, faltan dagoenetik, soberan dagoena”. Honela mintzo zen Karlos Linazasoro Alferrik ez balitz liburuaren aurkezpen egunean. Bideo honetan topatuko dituzue hitzok.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.