Bidaiariek idatzitako Pasaia

Garai bateko Pasaia, egungo Pasaia. XIX. mendeko bisitariek Pasaiaz idatzitakoa, azken urteotan Hugoenea Idazlearen Etxetik igaro diren idazleek Pasaiaz esandakoak. Garai bateko irudiak, egungo argazkiak. Horren guztiaren aterpe da Literaturaren Pasaia (Zabaldiya bilduma, 2014)  liburua.

Herriko historiaren eta ondarearen berri eman asmoz, ‘Zabaldiya’ izeneko bilduma abiarazi du Pasaiako Udalak. Literaturaren Pasaia liburua izan da argitara eman duten lehen erreferentzia eta Euskal Idazleen Elkartearen laguntza jaso dute.


XIX. mendeko idatziak

Bi atal nagusi ditu liburu honek. ‘Pasaialariak’ izenekoan, herriari buruz idatzitako XIX. mendeko pasarteak batu dituzte, hiru hizkuntzatan, eta argazkiez lagunduta.

Larraitz Arretxea Sanzek hautatu ditu atal honetako idatziak, eta Koldo Izagirrek ekarri ditu euskarara.

Victor Hugoren testuak dira nagusi baina badira beste bisitari batzuen idatziak ere liburu honetan: Francisco de Paula Madrazo, L. Capistou, Jules Garmier, Lucien Louis Lande, Alfredo Laffitte, Charles Bernadou edota Menassadek XIX. mende amaieran idatzirikoak.


Hugoenean izan diren idazleen lekukotzak

Liburuaren bigarren zatian, Hugoenea Idazleen Etxean egonaldiak egin dituzten idazleren testuak bildu dituzte. Bigarren atal hau osatzeko garaian, zeresan handia izan du Euskal Idazleen Elkarteak. 2009tik hona, Hugoeneatik igaro diren 36tik gora idazleren erreferentziak ageri dira Literaturaren Pasaia liburuan.

Beste atal batzuk ere topatuko ditu irakurleak: Amaia Agirregabiria alkatearen, Koldo Izagirre idazlearen eta EIEko lehendakari izandako Ander Iturriotzen hitzaurre bana.


Koldo Izagirre: “Geu bihurtzen gara bidaiari”

“Testu hauek ez zituzten guretzat idatzi. Gurera azaldu ziren bidaiari-idazle haiek gutaz eta gure herriaz deus ez zekiten irakurle frantses eta espainiarrentzat idatzi zuten idatzi zutena”, hala hasten da Koldo Izagirreren hitzaurrea.

Bisitari-idazle haien “buruak ez zien eman biharko egunean beraiek deskribatutako lekuetan bizi garenok izango gintuztenik irakurle: gu, irakurle ez idealak, irakurle errealok, tronpagaitzok”.

Victor Hugo eta XIX. mendeko idazle haien narrazioen bitartez, “geu bihurtzen gara bidaiari, denboran ez ezik espazioan ere, lekukotza hauek, zenbaitetan, begi bistara ekartzen ahal baitizkigute oharkabean dauzkagun bazterrak, arazoak, herritarrak”.

Irakurtzen dugun hitz bakoitza, “atzokoa izan arren, orainaren aldarria da”, hala dio Koldo Izagirrek bere idatzian. “Kronika xume hauetan islatuko zaigu, agian, gutasunen bat… edo beste”.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.