Aste honetan “Gabrielen lekua” ikusteko hiru aukera

Azaroan estreinatu ostean Euskal Herriko plaza ugaritan eskaini dute Gabrielen lekua sentikaria, Gabriel Arestik hainbat artisten lanarengan izan duen eragina oholtzan islatu nahi izan duen emanaldia. Asteburu honetan Bergaran, Mungian eta Igorren ikusi ahal izango da. (Argazkia: Joseba Barrenetxea).




Aste honetan Gabrielen lekua ikusteko hiru aukera izango dira:

-Apirilak 25 (ostirala), Bergara: Zabalotegi antzokian, 19:00etan.

-Apirilak 25 (ostirala), Mungia: Olalde antzokian, 21:00etan.

-Apirilak 25 (ostirala), Igorre: Lasarte antzokian, 19:30ean.

Urrian estreinatu zuten Gabrielen lekua sentikaria, eta ordutik plaza ugari ezagutu ditu. Pasa den asteburuan Baigorrin izan da, asteburu honetan hiru herritan izango dira jarraian, eta maiatza amaitu bitarte emanaldi ugari eskainiko dituzte. Uztailean Eako Poesia Egunetan eskainiko dute azkena izango omen dena.

Gabriel Aresti kultura elkarte sortu berriak bultzatu du proiektua. Arte diziplina ezberdinak jartzen ditu elkarrizketan eszenan sentikari honek, helburu honekin: “Gabrielen lekua proiektuan parte hartu dugunok Gabriel Arestiren literaturak, jarrerak zein pentsamenduak gure sorkuntzan duen garrantzia hausnartu dugu. Horren emaitza da antzerkia, poesia, bertsoa, musika eta irudia oholtzara igoko dituen sentikaria: sormenezko mailutasunari luzatutako begirada bat”.

Bi pertsonaiaren arteko talkak gidatu eta lotuko du publikoaren arreta: Eme liburuzaina eta Lur poeta izan nahi duen gaztearen arteko hika mikak, hain zuzen ere. Sentikariko egileek azaldu dutenez “bi pertsonaia hauen arteko elkarrizketaren harian, belaunaldien arteko aldea, Euskal Herriko historia, sormenaren zentzuaz egingo dugu gogoeta. Umorez, mailutasunez”.

Haien arteko solasa jarraitzearekin bat, oholtza gaineko musikariek, bertsolariak, poetak diziplina artistiko ezberdinen arteko elkarrizketa eszenaratuko dute, artearen bitartez gaurkotuz gidoian adierazitakoak. “Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea” du helburu ikuskizun honek, “belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua”, egileen esanetan.

OHOLTZARA IGOKO DIRA:

Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Iraia Elias.

Bertsoa: Andoni Egaña.

Deklamatzailea: Oier Guillan.

Musika: Rafa Rueda, Naia Membrillera, Iban Urizar.

Irudiak: Alain Urrutia.

Bultzatzaileak: Gabriel Aresti kultura elkartea, Zenbat Gara elkartea.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.