‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’, irakurzaletasuna bultzatzea xede duen ekimena

Aurten, iaz baino herri gehiagotan jarriko da martxan

Liburuaren Egunean abiatu zen Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren zortzigarren edizioa. Euskal Herriko 42 herritan egingo da, iaz baino 18 gehiagotan, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Irakurzaletasuna sustatzea du xede nagusi, eta Topaguneko euskaltzale elkarteak, udal euskara zerbitzuak, udal liburutegiak eta liburu dendak aritu dira elkarlanean. “Irakurri, Gozatu eta Oparituk eragin positiboa izaten du euskarazko liburuen salmentan”, halaxe adierazi digu Manuel Morenok, Topaguneko kideak. “Hala ere, guretzat, egitasmoaren eraginaren adierazle nagusiak, liburutegietako mailegu kopuruen igoerak dira”.

Irakurri. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo hau, iaz baino herri gehiagotan egingo da aurten. Zortzigarren edizio eta gero, ekimen hau sustraitu egin den seinale, ezta?

Bai, horrela da. Hainbat herritan Irakurri, Gozatu eta Oparitu urteko kultur jardueren ohiko ekimena izaten da, beste hainbatetan, proposamen berria denez, hurrengo urteetan  ikusiko da.

Gozatu. Irakurleen iritzia ere jasotzen da, fitxa moduko batzuen bidez. Iritzi horien jarraipena egin al daiteke ala hori liburuzainaren eskuetan baino ez da geratzen?

Maileguan harturiko liburua liburutegira itzultzean, parte hartzaileak irakurle-fitxa erraz bat bete behar izaten du. Fitxa horretan, irakurri berri duen liburuaren gaineko iritziaz galdetzen zaio; zer da gehien gustatu zaiona, irakurrita  al zuen idazle horren beste libururik, nori gomendatuko liokeen,…. Hamar urtetik gorakoen fitxan, egitasmoaz duten iritzia eskatzen zaie, eta gehien-gehienek oso balorazio positiboa egiten dute.

Oparitu. Kanpaina honek badu alde komertziala ere. Pentsatzen dut argitaletxeen sektoreak pozik hartuko dituelako horrelako ekimenak. Argitaletxeen erantzuna (eta dendariena) ona izan al da hasieratik edo hori ere urtez urte joan al da hobetzen?

Hasiera ez zen erraza izan, egia esan. Egin nahi genuenaren inguruko zalantza dezente sortu zitzaion, gure ustez, honetan funtzio garrantzitsua lukeen  bati baino gehiagori. Hala ere, gero banan banako harremanen bidez, parte hartzen duten  argitaletxeek lehen ediziotik kolaboratzen dute egitasmoarekin, haietako  bakoitzak argitaraturiko liburuen salmentaren baitan.  Herrietako liburu dendek pozik hartzen dute proposamena, hasierako momentutik.

Kanpaina bi hilabetez luzatuko da. Erosketa txekeak ekainaren 30era arte lortu ahal izango dira. Gozatzetik oparitzerako pausoan, nabaritu izan da salmentan? Hori nola edo hala neurtuta al duzue?

Erosketa-txekeak ekainaren 30era arte lortu ahal izango dira, baina horiekin liburuak erosteko epea, uztailaren 5era artekoa izango da. Bai, Irakurri, Gozatu eta Oparituk eragin positiboa izaten du euskarazko liburuen salmentan. Neurgailu, edo adierazle argia dugu, egitasmoa amaitzean iristen zaizkigun fakturetan. Horrez gain, modu sistematikoan egiten ez badugu ere, hainbat liburu saltzaileen balorazioak jasotzen ditugu, eta bat bainbo gehiago da, urteko salmenta osoaren erdia inguru, bi hilabete horietan egiten duela esan diguna. Hala ere, guretzat,  egitasmoaren eraginaren  adierazle nagusiak,  liburutegietako mailegu kopuruen igoerak dira.

Aurten, inoiz baino herri gehiagotan gauzatuko da irakurzaletasuna bultzatzea asmo duen kanpaina. Gorakada horren arrazoia zein izan da: irakurle/erabiltzaileen erantzuna ala udal liburutegien interesa? Ala bietatik zerbait?

Bietatik izango dela pentsatzen dugu, eta ona litzateke hala izatekotan. Alde batetik, aurreko urteetan emaitza ona izan den herrietako erabiltzaileen eragina dago eta bestetik, horien parte hartzea eta interesarekin bat eginez, udal liburutegien arduradunena.  Lehenengo aldiz parte hartuko duten 18 herritan egongo da martxan aurten eta espero dugu, horietan ere eraginkorra izatea, hurrengo urteetan parte hartzea eta inguruko edo urruneko herrietako eragileak dinamika honetara erakartzea.

 


 

42 herritan

Araba: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Maeztu, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.

Bizkaia: Atxondo, Bilbo, Derio, Ermua, Larrabetzu, Mallabia, Mañaria, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Zamudio.

Gipuzkoa: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Mutriku, Segura, Soraluze, Olaberria, Ordizia, Orio, Zaldibia.

Nafarroa: Altsasu, Araitz, Arbizu, Irurtzun, Gares, Basaburua, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Tafalla, Urdiain, Ziordia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.