Etxepare Rap, oholtzara

Imanol Epelderekin mintzatu gara euskal literaturako klasikoak rap doinuen erritmora plazaratu dituen proiektuaz

Imanol Epeldek Etxepare Rap proiektua eman zuen ezagutzera abenduan Interneten, Argiaren blog plataforman. Lehenago ere ezagutu dizkiogu musika, hitza eta antzerkiarekiko grina Komuneko paperean errezitaldian, SKT sekuentzia taldean eta 27 zapata blogean. Aurki oholtza gainean aurkeztuko du Etxepare rap, Zarautzen eta Donostian egingo dituen emanaldietan.

Orain arte Bernard Etxepare, Pedro Agerre “Axular”, Arnaut Oihenart, Bilintx, Jon Mirande, Itxaro Borda eta Bernardo Atxagaren hitzak musikatu ditu Imanol Epeldek Etxepare Rap proiektuan. Txirritaren “Neskazar bat tentatzen” bertsoak jarri ditu entzungai aste honetan bertan.

Maiatzaren 8an aurkeztuko du Etxepare Rap oholtza gainean, Zarauzko Arranon 21:30ean. Maiatzaren 13an berriz Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan 19:30ean, Literaktumen egitarauaren barruan.

Zergatik eta zertarako sortu zenuen Etxepare Rap proiektua?

Maitasun “rollo” bat izan zen jatorria. Bada denbora pixka bat neska lagunarekin harremana utzi nuela, eta beste “rollo” batean hasi nintzen…

Beste “rollo” batean?

Beste lagun batekin harremanetan. Xabierrekin. Xabier Lizardirekin. Eta hark esan zidan: Imanol, zergatik ez duzu zerbait sortzen gure letrekin, literatura klasikoko hainbat autorerekin? Nik beti baietz esaten nion, baina beti luzatzen zen kontua. Nik uste dudana da berak benetan nahi zuena bere letraren bat rapeatzea zela. Azkenean Etxepareren liburuko aurreneko testutik abiatu nintzen. Zertarako? Xabierren nahiak asetzeko.

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Xabierrenak ez baina beste hainbat egileren letrak hartu dituzu. Egile garaikideak  ere badira tartean. Xabierrekin egon zara gerora, berak nola hartu zuen egile garaikideak hartzea besteekin batera, ondo ikusi zuen egin zenuen aukeraketa?

Gure artekoa gau bateko “rollo” batekin hasi zen, gero harremana sakontzen joan zen, baina harremanak hasi eta bukatu egiten dira, eta hura ere bukatu egin zen. Hala ere, Xabierrek kantuak entzun ahala esaten zidan gustatzen zitzaizkiola, maite zuela haiek kantura eramatea, gure literatura ezagutarazteko. Itxaro Bordarekin eta Bernardo Atxagarekin baino arazo gehiago izan nituen aukeratutako bertsolariekin, Xabierrek ez zituen bertsolariak oso gustuko. Nahiago zuen berak poesia deitzen zuen hori rapera edo kantura eramatea, polemika pixka bat egon zen hor, baina nik Bilintx edo Txirrita oso oso maite ditut eta horiek ere kantura eraman ditut. Bertsoa bera rapera eramatea egingarriagoa eta errazagoa da.

Zergatik?

Metrika bat dagoen momentuan testuak erritmo bat hartzen du eta horren gainean rapeatzea errazagoa da. Poema batzuek metrika bat daukate ere, niri horiek errazagoak egiten zaizkit rapeatzeko.

Testuen aukeraketaren oinarrian beti dago maitasun istorio bat?

Orokorrean bai, aukeratu ditudan den-denekin igual ezin esan da hori, baina Etxepare adibidez bai miresten dut. Orain dela mende askotako autorea izan arren oso euskara ulerterraza dauka, eta apaiza izan arren oso tematika herritarra erabiltzen du. Berak hitzaurrean esaten duen bezala “solas egiteko eta kantatzeko eta denbora iragaiteko materiala” sortu nahi izan zuen, nik uste dut gaur egun ere bere diskurtsoa oso modernoa dela euskarari dagokionean. Oihenarten poemak inpresionanteak iruditzen zaizkit, garai hartako rap kultu handia, bost silabaka errimatzen duelako adibidez, ulertzen zaila da baina miresgarria. Bilintx maite dut, Txirrita ere bai. Baita Axularren euskara ere, nahiz eta bera pertsonaia bezala ez izan horren gogoko, hor ez dago maitasun istorio bat baina hala ere bere testuak musikatu behar nituela iruditu zitzaidan, nire intentzioa ordubetean gure literatura batez ere idatziaren laburpen azkar bat egitea izanik Axular sartu behar nuen.

Irakasle izateak zer pisu izan du proiektua sortzerakoan, zer botatzen duzu faltan egungo hezkuntza ereduetan?

Xabierrek beti tentatzen ninduen horrekin, “zu gainera filologoa zera, irakaslea zera, gazteek ikasi behar dute gutaz, zein ginen, nortzuk ginen, ez beti bezain modu astunean emanda, horiek zabaldu nahi baditugu kantuaren bidez errazago egingo dugu”. Klasean ematen ari nintzenean ere neu konturatu nintzen gauza batzuk beste modu batean eman behar genituela, kontatu behar genituela, eta gazteengana iristeko uste dut metodo polita dela.

Erabili duzu Etxepare rap klaseetan material modura, zer nolako erantzuna izan du ikasleen aldetik?

Erabili dut bai, irakaslea bera izanda kantatzen duena gustatzen zaie, erantzuna ona izan da. Ikasleei liburu euskarritik ateratzen den guztia zaie erakargarri, pantailan jartzen dena eta entzun daitekeen guztia nik uste dut ongi hartzen dutela, edozeinena izanda ere.

Rap-ak harreman estua izan du hitzarekin, poesiarekin, slamarekin bidetik adibidez… Gertu ikusten dituzu zuk?

Hitz egileak dira poetak eta hitz egileak dira raperoak. Raparen oinarrian hitza dago, askotan melodiak baino gehiago, zer esanik ez slam saioetan. Horietan osagai nagusia hitza da ehuneko handi batean. Ni horrek erakartzen nau, hitzak erakartzen nau, eta hitzarekin dauden espresiobideak. Antzerkiak ere erakartzen nau, antzerkiak badauka hitza ere, hitzik gabe funtzionatu dezakeen arren. Horiek hunkitzen naute ni, nire jendaurreko saioetarako ere hunkitzen nauten osagaiak edo gauzak erabiltzen saiatzen naiz, rapa izan daiteke, antzerkia izan daiteke, poesia, eta slama ere bai. Horiek dira jendaurrera eramatea gustatuko litzaizkidakeenak, horiekin aritzen naiz lanean.

Zuzenean sarean plazaratu dituzu kantuak, edonorentzat eskuragarri. Hasieratik zenuen argi hori izango zela bidea?

Garbi naukana zen euskarri fisikorik ez zuela izango, aurreko taldeetan ibili naizenean materiala mugitzeak zenbaterainoko lana daukan ikusi dudalako, kasu honetan are gehiago bakarra izanda proiektu honetan nabilena. Ni neu hasi behar banaiz CDak batera eta bestera eramaten… Aparte, ni neu, Durangotik 3-4 CD erosita etorri nintzen eta ez ditut entzun, ez daukat CD irakurgailurik ere.

Uste dut sarerako gehiago egin beharko genukeela nahiz eta ordainduak izan, sarean ere ordaintzeko moduan jarrita. CD euskarria uste dut historia dela, nahiz eta oraindik jarraitzen duen. Kantak blog batean igo zitezkeela ikusten nuen, plataforma ezberdinak zeuden horretarako eta horietako bat aukeratu nuen, Argian jarrita blog sare batean egon zedila kokatua baita ere.

Internetek eskaini ditzakeen baliabide ugari erabili duzu Etxepare Rapen, askotan hitz egiten da horiei buruz baina zure proiektuan praktikan ikus daitezke: blogen plataforma, eskubideak kudeatzeko modua, bideoak, kantak deskargatzeko aukera…

Ahalegina hori izan da, Interneterako apustua egitea guztiz. Euskarri fisikoarena bazter utzita sareak zer aukera eskaintzen ditu? Zientoka dira aukera horiek, blog bat izan beharrean izan zitekeen bandcamp estiloko plataforma bat ere… behin ere ez du jakiten batek zertan asmatuko duen, baina gustura nago egindakoarekin.

Interneten informazioa zabaltzeko moduetan ematen dira berrikuntza eta bide berrien arakatzeak, baina sormena zabaltzeko bideak agian ez daude horren garatuak?

Niretzako bai; kontua da sarea edo pantaila antzeztoki moduanikustera iritsi beharko ginatekeela. Antzeztoki horretan ez da nahikoa idazten jakitea. Antzerkian jantziak lantzen dituena dagoen bezala, edo eszenografiaz arduratzen dena, edo argiaz arduratzen den bat dagoen bezala, pantailan ere egon behar lirateke idazleak, irudigileak, musikagileak, eta informatikariak noski. Hor bai ikusten dut gabezia handi bat, bakarlanerako baino talde lanerako aukerak eskaintzen ditu pantailak, edo exijitzen ditu, eta hor bai ez dudala ikusten oraindik proiekturik, horretara inor jarri denik. Nik irudigintzaz badakit zerbait, informatikaz gutxi… baina behin informatikari batekin edo software egile batekin elkartuz gero sortu daitezkeen aukerak ikaragarri pila dira. Aukera polita daukagu hor esperimentatzeko, sortzea falta da.

Ezagutu duzu proiektu edo eredu interesgarriren bat euskaraz ez dagoena, faltan botatzen duzuna?

Bai noski, jendea lan handia ari da egiten. Segur aski oraindik ere ez dira arrakasta handia izaten ari, baina hor dago adibidez ELO (Electronic Literatur Organization), urtero biltzen dituzte sarean aurkezten diren literatur lanen antologiak.

Pertsona oso aktiboa zara Interneten, 27zapata blogean jarraitu ahal izan dugu zure bizitzako pasarteei modu berehalakoan loturiko kronika poetikoak. Sormen modu baten moduan ikusten duzu bide hori, edo beste zerbait da?

Nik sormen lekutzat daukat bloga, gustura moldatzen naizen formatu bat da. Saiatu izan naiz nobelak idazten, baina normalean hogeigarren orrialderako esaten dut “baina ze ostiatan ari naiz ni hemen”. Blogak sinpletasuna dauka, argitasuna eskatzen du, hitz gutxi eta ondo neurtuak; hor gustura sentitzen naiz. Aukera ematen du irudiak txertatzeko, musika sartzeko… Pentsatu izan dut noizbait libururen bat ateratzea, baina zergatik egongo naiz liburuen zain momentuan publikatu badezaket?

Gero, sormena nola ulertzen dudan bizipen pertsonalak eta sartzerakoan? Hor badago apustu bat, iruditzen zaidalako gutaz gehiago hitz egin beharko genukeela gaur egun, gure emozionalitateaz, gure sentimenduez, nik jakin nahi dut jendeak nola bizi duen egunerokotasun hori barrutik, egunerokotasun horri nola egiten dion aurre edo nola den zoriontsu edo nola den triste. Hori interesatzen zait, iruditzen zait gehiegitan isiltzen dugula eta hori kaleratu beharko genukeela, ariketa emozional gehiago egin beharko genituzkeela denok.

Laster Etxepare rap zuzenean aurkeztuko duzu, Zarautzen lehenik Literaktumen ondoren. Nolako emanaldia izango da?

Hamar kantu egongo dira, hasierako zortziak eta aste honetan zabalduko ditudan beste bi. Kanta horiek hitza eta antzerki formatuan aurkeztuko ditut, gauzak errezitatuz, testuak… kantak kokatuko ditut tarteetan. Harritu egin naiz Etxepareren kantuak publiko egindakoan zenbat jende etortzen zitzaidan -ikasleez aparte- esanez ez zekiela Etxeparerena zenik euskaraz argitaratutako lehen liburua. Niretzat filologoa izanda eta abar oso jakina gauza zen, baina ikusi dut beharrezkoa dela liburu horiek zer garrantzia izan duten agertzea, zeri buruzkoak diren, zein garaitan kokatu behar diren… horiei buruzko hausnarketak egingo ditut. Hau ez dut berarekin kontsultatu, baina Lizardi eta gure arteko “rollo”en  gauza batzuk ere azalduko ditut.

Lehenago ere ezagutu zaitugu rapa kantatzen (SKT sekuentzia), eta poesia errezitaldiak egiten (Komuneko paperean). Zer eskatzen diezu zuzeneko emanaldiei? Zer ematen dizute?

Nik eskatzen diet aurreneko poema bati edo arte sorkuntza bati eskatzen diodan gauza bera, dardara txiki bat sortzea ikusi edo irakurriko dutenentzako. Itxura batean euskal literatura klasikoa zerbait zurruna edo aspergarri kutsukoa izan daiteke, nire helburua da justu hori guztiz gainditzea eta atximur txiki bat eragitea. Nik atximur hori lortzen dudan aldiro izan litekeen plazerik handiena sentitzen dut; sortzen ari naizela, jendaurrekoa pentsatzen ari naizela ere, hori bilatzen dut. Zuzenekoa prestatzea prozesu luzea izan da, nekosoa ere bai, baina disfrutatu asko disfrutatu dut ispilu aurrean jarri eta saiakera txikiak egiten.

Imanol Epelde Imanol Epelde da oholtzan? Zer nolako pertsonaia edo presentzia da bestela?

Ez da Imanol Epelde baina Imanol Epeldengandik ezin dut ihes egin. Nik uste dut ispilu aurreko Imanol Epelde dela, ispilu aurreko bakardadean Imanolek funtzionatzen duen bezala. Ispiluko Imanol Epelde izan daiteke oholtza gainekoa, ispiluaren atzean dagoena naiz ni.

Aipatu ez dugun zerbait gehitu nahiko zenuke?

Aipatu nahiko nuke ni aterako naizela jendaurrera baina laguntzen jende asko ibili dela. Ikuskizuneko irudiak Manu Urbietarenak dira eta bideoak Manex eta Txarlik grabatu eta editatuak dira adibidez. Eta espero dudala Lizardi gehiegi ez moskeatzea (barreak). Gustura nago egindako lanarekin eta Interneten izan duen oihartzunarekin.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.