Maiatz 58, eta bi poema

Maiatz aldizkariaren 58. alea zabaldu berri dute, 2014ko udaberriari dagokion zenbakia. Ohiko moduan, askotarikoak dira orriotako ahotsak eta generoak. Ale berri honetan pisu nabarmena du 1914ko gerrak, aldizkariaren hasierako orrietan. Maiatzek eskaini ohi dituen harribitxien artean, aipatzekoa da Jakes Lafitteren Euskaldunak Araban pastorala osorik irakurtzeko aukera. Guk Irati Murua eta Ekhiñe Egiguren Azkuneren berbak gerturatu nahi izan dizkizuegu lagin gisa.

maiatz_logo

Hauexek izan dira Maiatz-58 honetan parte hartu duten idazleak: Piarres Trounday, Juankar Lopez Mugartza, Luixa Giltzu, Lucien Etxezaharreta, Irati Murua, Estitxi Martinez Diaz, Charlotte Chorhy, Ekhiñe Egiguren Azkune, Marikita Tambourcin, Amaia Iturbide, Joseba Aurkenerena, Ainara Maia Urroz, Jakes Sarraillet, Eric Dicharry, Txomin Peillen, Eñaut Etxamendi, Itxaro Borda, Jakes Lafitte, Xipri Arbelbide. Egile horien testuekin batera, liburu iruzkinak eta literaturari buruzko albiste zenbait.

Ahalegin berezia egin dute ale honetan 1914ko gerraz gomuta egiteko, hainbat testuren bitartez. Maiatzeko kideek berauek azaldu dute zergatia: “guti aipatua izan da gerla hau euskal literaturan, gehienetan frantses politikaren alde baizik. Bertsolari batzuek gerlaren goraipamenezko bertsuak idatzi eta eman zituzten, baina badira ere dolamen izigarri baten oihartzun agertu zirenak. Aipatzeko da ere Matxinek, bertsolari senpertarrak, eman zituenak gerla salatuz, Maiatz aldizkari hontan Henri Duhauk azaldu zaizkigunak.

Aldizkariaren ale honetan gaiari buruzko bost lan bildu dituzte: “desertoreen eta intsumituen gaia, aspaldikoa zena ere Luisaren testuan agertzen da, Bernard Haundiaren kontakizunarekin. Eta honekin batean dei bat irakurle eta idazleei, hitza har dezazuen oraindik gure zauri barnakorra den gai honetaz idazteko”.

Jarraian, aldizkarian topatzen ahal diren bestelako sortetatik hartutako bi poema:

Ipuina, Irati Murua

Eta arreba idazten hasten da. Atzeraka.

hasieran kontenitzen dela akabera

eta hariak lotuta doazela. nik

txotxongilo bat imajinatzen dut halakoetan buru

esku eta hanketatik sokak jarrita

oinez bizkarka marioneta

Atzeraka idatzi behar dela diosku arrebak

eskribitu beharrean utibirkse edota halako zerbait akaso

bukaera sabotajea dela

katastrofe bat, sute, urakana edota lurrikara filmetan

leitzean jota bertan utziko zaituena. Jostailu hautsi bat

Big bang txiki bat

bitxia deskontzertantea sinplea

Errepikatzen diren urratsak lirateke gero argiaren tratamendua

arnas jokoa zigarroa, baina manerak eta manerak daude eta arreba

atzeraka idazten hasten da.

Norbere existentziaz trufatzeko tartea da

suizidio txiki bat

eta gustatu egiten zaio

Manerak eta manerak omen daude, amaiera aurreratzea kasu

karga desplazatu eta gero arnasa kontenitu

kontenitu halako korapilo bat sumatu arte eztarrian

ezpainak more, lepoan bena puztu eta eroan

tentazioari heldu

maiatz58

Amak ez du poemarik idazten, Ehiñe Egiguren Azkune

Ahizpak ez du poemarik idazten,

Eta segur aski jada ez du poemarik idatziko.

 

W. Szymborska

amak ez du poemarik idazten

baina noizbehinka

garuna zulatzen didan zerbait atzematen du

bala ala gezia

puzzlea desegiten duen pieza

amak ez du poemarik idazten

eta halere arma artean aitortzen dit

adin batetik aurrera bi multzotan zerrendatzen dela bizitza

gaur ala sekula

bizi ala iraun

amak ez du poemarik idazten

alabaina

bere hatz oskolpetan uzkurtzen ikusi ditut inoiz

orrian idaztera ausartzen ez naizen hitzak

berriro hasierara bideratzen nauten akatsak

amaren hautua da

-zurruna

ezbairik gabekoa-

poemarik ez idaztea

hargatik bizitzak aurrera darrai

garun luzatu, zerrenda eta orri zurien kontra

Maiatzek 2 ale ateratzen ditu urtean, eta 20 euro kostatzen ditu harpidetzak. Izen emateko email honetan egin daiteke: maiatz@hotmail.fr

 

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.