Felipe Juaristirekin solasean

Poesia urgentziazko kontu bat da, horrek salbatuko du segur aski.

“Gorputzak so egiten munduari, badoan arratsaldeak bezala” dio Felipe Juaristik Piztutako etxea  (Erein) liburuko poema batean. Horrelaxe idatzi du liburua, gorputzean sentituz bizitzaren aztarnak; distantziatik munduari, bere munduari, so; poesiaren argia bilatuz.

juaristi

piztutako etxea

Piztutako etxea, Felipe Juaristiren poesia liburua. Aurkezpen ekitaldia (4/4). from Erein argitaletxea on Vimeo.

Piztutako etxea, Felipe Juaristiren poesia liburua. Aurkezpen ekitaldia (2/4). from Erein argitaletxea on Vimeo.

Zazpigarren poesia liburua du Piztutako etxea Felipe Juaristik. Honen aurretik atera zuen 2011an Aingeruaren angelua Malagako Luces de galibo argitaletxearen eskutik, nahiko oharkabean pasa zena. Horren aurretik nobelak zituen berrienak, ale bi 2007an. Piztutako etxearekin ahots poetikoan sakondu du, “urgentziazko” erantzun bat emanez bere barneari. Ez da paperean amaituko Piztutako etxearen arrastoa; liburuaren aurkezpen egunean ikus-entzun ahal izan zen bezala, hamar poema musikatuko ditu Aldeta taldearen laguntzarekin. Uda ostean plazaratuko dute autoeditatutako diskoa.

Poesia idatzi duzu berriz ere, zazpigarrena. Zure azken bi lanen aurreko urteetan narratiba landu zenuen batez ere. Poesiara bete betean bueltatzeko beharra zenuen?

Poesia beti idazten da, poetak beti idazten du poesia. Poema liburuetan sartuta ez dauden poema asko ere badauzkat, haietako asko kantatzekoak direnak, koplak… Liburu honen hasieran saiakera bat idazteko gogoa zegoen, hori idazten hasi eta neure buruari esan nion “saiakeran esan daitekeena poesian esaten bada askoz hobe”, horregatik aldaketa.

Bi fase daude liburu honetan: lehena irratian sartu aurrekoa, oso poema gogorrak ziren forma aldetik, saiakeraren tankerakoak. Irratitik irten ondoren aldatu egin zen kontzepzioa, ahozkotasuna maite nuen gehiago, belarritik sartzen den poesia, soinua… beste poesia klase bat egiten hasi nintzen. Nola uztartu biak? Hori izan da liburu honetako lana.

Liburuan sumatzen da zure ahots ezberdinen arteko elkarrizketa. Poema-atalen barruan ere, tonu arrazionala emozioekin aurrez aurre…

Hasieran nahi nuen poesia oso objektibo bat egin, subjektibitate gutxikoa. Pasioa eta sentimenduak adierazi baina barnera sartu gabe, kanpotik bezala. Asmoa funtsean zen norberaren –poetaren- “nia” ez sartzea. Gero konturatu nintzen “ni”rik gabe ez dagoela poesiarik, eta horren ondorioz beste poesia klase bat atera zen: sentimenduak, pasioak eta gogoetak nahastuta.

Niri ez zait gustatzen “nia”ren poesia, badirudi norbera bere bizitzari buruz hitz eginez ez dagoela beste pertsonajerik ez beste mundurik. Baina gauzak ere esan behar dira, zuri tokatzen eta gertatzen zaizuna kontatu behar duzu, baina ez zuri gertatu izan balitzaizu bezala, errealitateko gauza bat balitz bezala baizik. Beraz liburu honetan “ni”a badago, baina baita “zu”a ere, eta “gu”a… azken finean liburua joko bat da, pertsonaje askoren artekoa, ideia batzuk era diferenteetan kontatzeko, talkarik gabe eta kontraesanik egon gabe. Nik uste dut horrek aberastu egiten duela testua. Hemen bada ariketa estetiko bat beraz, nik uste dut hor dagoela lanik inportanteena liburu honetan.

Hogei poema dira, eta bakoitzak hiru-lau-bost azpi poema dauzka.

Bakoitza gai baten inguruan da, ikuspuntua da poema-atal bakoitzean aldatzen dena. Horrelako liburu batek, edo edozein liburuk, bere buruari eusten dio oinarrian helburu estetiko bat baldin badago, ez bakarrik etikoa edo pertsonala. Estetika oso inportantea da poesian, transmititzen duzuna nola ematen duzun. Hogei poema horietan, haien zatietan, forma poetiko ezberdinak daude: aforismora gerturatzen direnak, bakarrizketa modukoak, erritmodunak…

Gaiaren araberakoa zen estetika horren hautaketa, edo estetika beraren bilaketak agintzen zizun?

Poesia moduen hautaketan oreka bat gorde nahia dago, ez daitezen poemak dena klase batekoak izan, ez dadin liburua poema bakarra izan. Ez nuen poema bakoitza alde bakar batetik erakutsi nahi.

Poema neurtuen kasuan iruditu zitzaidan ondo etortzen zirela testua aberasteko. Poema batzuk beste modu batean idatzita zakarragoak izango lirateke, erritmoa ematean kanta modukoak bilakatzen dira. Beste batzuk berriz momentu bateko poemak dira, oso maite ditut horiek. Azken finean poesiak zerbait bizia izan behar du; saiakera bat izan daiteke bizia edo ez baina ez da hori bere helburua, bere helburua informazioa eta jakituria transmititzea da. Poesiak bizitza transmititu behar du, bestela huts egiten du. Bizitza nola transmititu? Niri “ni”an gehiegi sartzea ez zait gustatzen, azkenean “ni” hori ere inpostatua delako, badakigu “ni” hori gehienetan beste “ni” bat dela, baina ondo dator testuari ikuspegi bat ematen diolako, “nigandik mundua ikusten dut”. Baina beste bizitza bat ere badago, beste gizon-emakumeak ere sartu behar dituzu, zurekin daude, eta aniztasun horrek bizitza ematen du, hori da helburua. Irakurleak sentitzen duenean hor esaten dena egiazkoa dela, zenbat eta egiazkoagoa izan, orduan eta biziagoa izaten da poesia.

Hori lortzeko artifizioa, edo hizkuntzarekin oso urrun doazen maniobrak, kentzea lagungarria da?

Ni behintzat ez naiz horren aldekoa, nire ustez artifizioa azken finean maskara bat da. Artifizioa edo adjektibazio gehiegizkoa, edo hiztegi rebuskatua… esan nahi dena estaltzeko maskarak dira guztiak, edo beharbada ez dugu ezer esateko eta orduan artifizioa muntatzen dugu. Nik uste dut poesian benetan esaten den horrek indarra baldin badauka artifizio asko ez dela behar, iritsi egiten dela. Baina landu egin behar duzu, ezin duzu edozein modutan eman. Kontatutakoa izan daiteke inportantea, baina hori bezain inportantea da nola esaten den. Ezer ez badaukazu esateko eta hala ere esatea erabakitzen baduzu, artifiziora jotzen dugu.

Oso zaila da edukia eta artifizioa biak batera potenteak izatea, garai barrokoetan gertatu izan da baina oso gutxi. Normalean artifizioak jan egiten du esan nahi duguna. Eta ez da sinpletasuna ere, gauza sinpleak izan daitezke egiazkoak baina azalekoak. Barrura iristeko eta benetan identifikatzeko zerbaitekin hizkuntza landu behar da.

Lehen bazegoen horretarako joera bat euskal poesian, orain ez dagoena. Gaur egungo euskal poesiak mamira jotzen du batez ere, benetan sakonak diren gauzak esatera, garrantzia duten gauzak esatera. Horrek segur aski zerikusia izan dezake gure gizarte honetan aspertuta gaudela azaleko kontuekin, jendeak behar du iritsiko zaion zerbait, mezu edo irudi bateko bizitza horretan bera ere egon daitekeela sentitzea.

Arestik ere hori nahi zuen, poesia soziala azken finean herriak hitz egiten duen bezala hitz egitea da, baina euskaraz herriak hitz egiten duen bezala idaztea nik uste dut zailagoa dela, ez dakigulako nola hitz egiten duen herriak. Baina badakigu gauza batzuk iristen zaizkiola eta besteak ez. Hasierako Joseba Sarrionandiaren edo Juanra Madariagaren lanak oroituta… Xiberuko hitzak eta beste erabiltzea oso polita da, baina polita da Xiberuan, ez dakit hori ekartzeak zein neurritan duen garrantzia, ez ote den inpostazio bat. Nik uste dut azkenean balio duena norberak bere ahotsa aurkitzen duenean bere ahotsari forma ematea dela.

juaristi2Liburuaren aurkezpena Aldeta taldeko kideekin.

Aipatu duzu irratiaren eragina, aurkezpenean musikatu zenituzten poema batzuk… zer da musika zuretzat, poesiarekin lotuta?

Belarritik sartzen den eta geratzen den zerbait. Poesia entzuteko ere bada, ez da bakarrik irakurtzeko, ahaztu egiten zaigu hori. Gerta daiteke isilean irakurrita politak diren testu batzuek ozenki irakurrita indarri kez izatea. Belarria belarria da, eta musika nik uste dut inportantea dela. Irratian ikasi nuena izan zen esaten den guztia belarritik sartu behar dela.

Poema guztiak hasten dira beste egile baten aipu batekin, elementu osagarriak dira horiek edo testuaren hazia?

Nik esango nuke denetik dagoela, batzuk poema garatzeko puntuak dira, beste batzuk ez; batzuetan aipua azkenekoa izan da, poemaren hasierako adornoa. Erabilitako Spinozaren aipu batzuei bai, buelta asko eman dizkiet, bere ideia hori beste era batera esateko. Theodor Adornorena adibidez (Zertarako poesia Auschwitz eta gero) hain da ezaguna, poemak aipua buruan nuela atera zirela.

Pasioa, gorputza oso presente dago poemetan, haragitik abiatzen da pentsamenduarekiko talka, gorputzean oso gauza oinarrizkoetara jotzen delako.

Bai. Garai batean poesiak gorputza zuen. Etxepareren garaian adibidez gorputzak bere izaera zuen, baina gero galdu egin zen hori, eta poesia askoz espiritualagoa bihurtu zen. Gure poesian ere asko abusatzen dugu arimari buruz hitz egiteaz, edo bihotzari buruz… ikusten ez diren gauzak. Badirudi oso poetikoak direla, eta agian hala da, baina gorputza errealitatera itzultzea da. Gorputza errebindikatzea geu errebindikatzea da, eta errealitatera itzultzea. Eta errealitatean zer gertatzen da? Gure gorputza aldatu egiten dela. Azkenean denborak erakusten digu zer garen. Arima berriz, zer da arima? Ez dakigu, baina bai zer den gure gorputza.

Esango nuke gorputza nahiko baztertua izan dugula euskal poesian, eta pentsatzen dut gure aurreiritzi judeokristauek dutela errua. Arestik ere ez du aipatzen gorputza, eta aipatzen duenean beti kontzeptu garrantzitsuago baten itzalean da, egia adibidez… nik uste dut errealitate bat dagoela, eta gure errealitatea pasioak eta sentimenduak dauzkagula dela, baina sentimendu horiek haragitu egiten dira eta haragiaz sumatzen dira. Zergatik gauden pozik, zergatik gauden triste. Pozik gaudenean askoz alaiago gaude, bai, baina gorputza ere askoz hobeto sentitzen da. Gorputza da azkenean gure errealitatea, ezin dugu baztertu. Mina daukagunean ez dugu mina ariman, ariman daukagunean mina -depresioa esaterako- gorputzean ere nabaritzen da. Gorputzak erakusten digu zer gertatzen zaigun, gorputzean pasatzen da dena.

Maitasuna ere, gorpuzten ez bada beste gauza bat da: gizon-emakume, gizonezkoen artean edo emakumezkoen artean ez bada haragitzen, ez dagoen zerbait da. Gogoeta da beraz zergatik bilatzen dugun ez dagoen zerbait. Desirak bultzatzen gaitu ez dagoen zerbaiten bila, eta aurkitzen dugunean ere jada ez dago, beste zerbait da.

Nik ikusten dut garen bezalakoak garela, eta gure borroka hori bera dela, afektuen eta pasioen artekoa. Pasio batzuk pasio onak dira, pozgarriak dira eta beste batzuk berriz tristeak. Inbidia tristea da, inbidiosoa ez delako pozik bizi sekula ez badu ikusten inbidiaren objektu den pertsona gainbehera doala, edo gorrotoa… maitasunak poztu egiten zaitu, baina pozten zaituenean beste zeozer bilakatzen da, zeloak…

Hitza edo komunikazioa edo poesia afektua transmititzeko saioa da, ez genuke idatziko afektu hori bilatuko ez bagenu. Afektua da norbaitek “gustatu zait zuk esandakoa eta identifikatu naiz” esatea, errekonozimendua. Gero konturatzen gara gure bizitzetan zein garrantzitsua den errekonozimendua. Guk gauza asko ez ditugu egingo gure bizitzan, errekonozimendua da egin egiten duguna norbaitek jasotzea, eta poesia liburu bat bada hori ere: norbaitek jasotzea zure kezka, gogoeta, desira, neura guztiak. Eta errekonozitzen baldin bada zu errekonozitzen zaitu, elkar aitortzea da. Nik ez banu inor errekonozituko denak haserretuko lirateke, denok nahi dugu gure txikian “ni ere banago hemen” adieraztea.

Esan duzunaren harira etorri zaizkit gogora VI. poemako lerro hauek: “Sari eta gloria, botere eta gloria gutiziatzetik, / libratu gara; maitasunetik, ez”. Lehen esan duzu denborak kokatzen gaituela azkenean.

Denbora zer den… denbora gu gara, guk denbora pasa ahala ikusten dugulako geure burua. Botere eta gloria… batzuentzat oso inportantea da hori, niretzat ez hainbeste. Gauza guztietan bezala, zuk egiten duzun guztia egiten duzu pentsatzen duzulako egiten duzun hori ona dela, ez duzu egiten pentsatuz txarra denik. Denbora pasatuta konturatzen zara agian ez zela hain ona izan, eta konpontzeko nahiarekin beste zerbaitetan sartzen gara. Beste kontu bat da pentsatzea “garai hartan uste nuen ondo egin nuela eta orain zergatik damutuko naiz hartaz”.

Zergatik egiten ditugu gauzak? Askotan badakigu zer den onena baina okerrena egiten dugu, eta hor bai sartzen dira gloria eta boterea, oinarrizko pasioak direnak. Momentu batean denok sentitu dugu tentazio hori, famatuak izatekoa… baina gero konturatzen zara bizitza askoz sinpleagoa dela, bizitza egiten duzunarekin pozik egotea dela, eta horrekin konplizitate batzuk bilatzea. Ez gehiegi ere, poesiarekin ez garelako oso urrutira joango, baina behintzat egiten duzuna kontzienteki egin, egin nahi duzulako.

Aurkezpenean aipatu zenuen La casa encendida-ko kafetegian idatzi zenuela liburua, distantzia hartzeko joan zinela Madrilera. Zergatik distantzia?

Distantziarekin esan nahi dut kanpotik ikustea gauzak. Nahiz eta kanpoan egon oroimena hemengo kontuekin lotuta daukazu, baina ez zaude hemen. Hemen egonez gero gauzak beste era batera ikusten dira, beste kontaktu bat dago eta ez duzu zure barrura begiratu behar oroimenaren hari hori ateratzeko. Hemen zaudenez ez duzu ahazten. Han zaudenean ahalegin bat egin behar duzu ez ahazteko, oroitzeko. Oroimena oso hauskorra da, hautsi dezakezu edo ez, hausten ez baduzu lagungarri izaten da. Eta nik hori ikusi nuen, han beste egoera batean egonik ari nintzela hemengo kontu eta gauzei buruz gogoeta egiten, baina distantzia batetik. Oroimena eta hautsi nahi eza, hautsi nahi izan banu beste poema klase bat idatziko nuke. Nik uste dut distantzia askotan beharrezkoa dela, munduaren erdian situatzen zaitu zu eta zure barrura begiratzera behartzen zaitu, gogoeta egitera. Hemen baldin bazaude batekin eta bestearekin beste gogoeta mota bat egiten duzu.

Komunikazioa inportantea da baina komunikazio klase asko dago, oroimena ere komunikazio modu bat da, iraganarekin daukazun lotura. Beste kontu bat da ze engainagarri izan daitekeen oroimena. Distantziarekin saiatzen zara gauzak mingarriak izan ez daitezen, ez dakizu gauzak oroitu bezala gertatu ziren, haiek interpretatzen ari zara eta horrek gogoeta egiteko balio dizu. Gaur gauza bat egiten baduzu horren inguruko gogoeta hemendik puska batera egingo duzu, orain daukazuna berehalako inpresio eta sentsazio hori da.

La casa encendida aipatu zenuen, eta horrek Piztutako etxea titulura garamatza ezinbestean. Zer dago, keinutik harago, tituluaren azpian?

Luis Rosalesek idatzi zuen La casa encendida, Madrilgo kultur etxeak handik hartu du izena. Gustatzen zait irudi hori, piztutako etxea, nonbaiten argi bat aurkitzea, ilunpean ez bizitzeko. Liburu honen kasuan argia poesia da, horrek gidatzen nauelako galduta nagoenean. Eta hori izan daiteke erantzuna prosatik poesiara zergatik pasatu horri, segur aski poesian errazago aurkitu dudalako neure burua prosan baino. Oraintxe nobela bat ari naiz idazten, baina batak ez du bestea kentzen. Nobelak daukana da denbora asko behar duzula idazteko, esan nahi duzuna esaten duzu baina beste gauza asko daude hor tartean. Poesian errazago ikusten da zein den mamia, poesia askoz zuzenagoa da prosa baino. Prosa beti dago literatur eredu moduan, baina poesiak daukana da hurbiltasuna, nobelan galdu egiten dena. Nobelan idazleak idazten du beste bat balitz bezala, eta bere burua sartzen badu idatzietan nobela baino gehiago prosazko poesia da. Niretzat argia poesia da, momentu txarrenetan poesiara jotzen dut eta hori irakurtzen dut, nobela gehiago da lasaiago zaudenerako, beste zerbait bilatzen duzunerako. Poesia urgentziazko kontu bat da, horrek salbatuko du segur aski.

Poesiaz ari garelarik, Adornoren aipua duen poemara bueltatuta, ezin izan dut ekidin lerrootan Gernika ikustea, Madrilen La casa encendidatik oso gertu dago Picassoren koadroa…

Bai, gainera ni bizi nintzen etxea Reina Sofiarekin iskina egiten zuen, eta astero joaten nintzen hara. Gernika ere bada barbarieen ondoren zergatik idatzi poesia, edozein momentura aplikatu dezakezu hori: zergatik idatzi poesia mundua hain lur jota dagoenean, txikituta dagoenean, ia inor zoriontsua ez denean? Eta hala ere poesia idazten da. Arestik idatziko zuen poesia garai honetan? Nik askotan galdetzen diot neure buruari, zer idatziko zukeen Arestik? Ba segur aski bai, idatziko zukeen poesia Arestik ere.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.