Unai Baztarrikari elkarrizketa

Bere lehen poema liburua plazaratu du: Ezinbestean (Erein)

Blas de Otero – Bilbo Uria Nazioarteko VI. Poesia Lehiaketa irabazi zuen iaz. Sariketara aurkeztu zituen poemak dira bere lehen liburu honetan batu dituenak. Argitaratzeko garaia goizegi  iritsi zitzaiola pentsatu zuen hasiera batean, “heldu gabeko sortzailea ikusten baitut nire burua”. Hala aitortu digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. “Sortzea bezain garrantzitsua baita norbere lanaren ikuspegi kritiko bat lantzen jakitea eta onartu behar dut bulkada eta intuizioz egiten dudala egiten dudana. Baina uste dut freskotasun eta bat-batekotasun hori garrantzitsua dela maite dudan poesia egiteko bidean, zuzena eta benetakotasuna bilatzen duena”. Erein argitaletxean katalogoan aurkituko duzue Ezinbestean, Unai Baztarrikaren lehen poesia liburua.

Unai1

Unai2

Unai3

Unai4

 

Elurtutako paisaian, eraikin huts bat. Hotza, bakardadea, urruntasuna iradokitzen duen irudia. Liburuaren azalak horrela behar zuen izan, ezinbestean?

Elurra, lurmena eta hondakinak biltzen zituen irudi bat bilatzea genuen helburua eta uste dut argazki honekin asmatu dugula. Gainera, eguzkiak ematen dio halako goxotasun bat. Ezinbestean atera da eguzkia eta ezinbestean atera dira liburuko hitzak. Paralelismo hori egin daitekeelakoan nago, nahiz eta gerora egindako interpretazioa izan hau. Hotza, bakardadea eta urruntasuna ere ez dira kasualitatea. Poema askok halako oihartzun bat uzten baitute eta gordintasuna erantsi nahi genion azal honekin.

Poemategi bat dela esan zenuen liburu aurkezpenean. Zure lehen argitalpena da. Zenbat du bildumatik lan honek? Alegia, zure ibilbide poetikoaren isla da ala garai eta hari jakin bati lotutako poemak dira lehen liburu honetan batu dituzunak?

Lehen argitalpena, baina baita hamar bat urtean idatzitako lehen poemak ere. Ez dut uste nire kasuan ibilbide poetiko batez hitz egin daitekeenik. Noski poesiarako zaletasun eta joera izan dudala beti eta barneko hizkuntza poetiko hori gauzatzeko gai izan naizela baina ezin dut ahaztu poema hauek erraietatik sortu nituela, eskuera nuen horretatik, barneko sentipenetatik alegia. Hortaz, garai jakin bati lotutakoa da erabat eta gainera, oso epe laburrean idatzitakoa da lanaren bizkarrezurra. Ez da luzaroan landutako diskurtso baten ondorioa, bat-batekotasun batetik abiatzen dira poema gehienak. Eta nabari da hori, erabilitako irudietan, egituretan eta abar. Poemen arteko haria denbora izan dela esango nuke eta denborak nigan eta barneko hormetan eragindako arrastoa. Eta poema hauek garai jakin baten oihartzuna dira.

‘Arrakalak’ izenburupean aurkeztu zenituen poema hauek. Barneko arrakalen bilduma, edota barneko hormetako pitzaduren ‘kronika’ bat da Ezinbestean?

Hala da eta oraindik ere izenburu egokiena hori dela iruditzen zait. Nire iruditerian nagusi ziren horma, pareta arrailduak eta arrakalak. Denborak higatutako hormak eta hauetan falta diren harriak sentipenetara ekartzeko saiakera izan da. Umetatik liluratu naute eroritako hormek, denboran galduta gelditu diren hondakinek, inoiz izandako eraikinen hondarrek,…

Eta irudi hori gure barne munduetan islatu nahi izan dut. Inoiz irmo izandako sentipen eta ideien dekadentziaz hitz egiten dut, gure barnean sortzen diren pitzadura horietaz eta batez ere, bizitzaren bidegurutzeetan sortzen direnez. Zertzeladaz betetako idatziak direla esango nuke, zehaztasunik bilatzen ez dutenak baina batez ere, galderetan, zalantzetan eta kontraesanetan gelditzen diren formulazioak.

Egin eta des-egin, horretan aritu ohi da poeta. Geratu da poemarik liburutik kanpo, bide bazterrean?

Poema bakanen bat bakarrik gelditu da bidean baina harrigarria badirudi ere, eskura nituen ia poema guztiak aurkeztu nituen sariketara. Hala ere, ez naiz poemak asko ukitu zalea. Poesiak horretan ere lagundu baitit, ikuspegi arrazionala galtzen eta bat-batekotasuna, irrazionala lantzeko aukera ematen.

Zuriak izutu nau. Horiek dira topatu ditugun lehen hitzak. Idazteaz maiz hausnartzen duzu poema hauetan. Orriaren zuria, zein neurritaraino da amildegi, zein neurritaraino da espresiorako espazio?

Adierazgarria da bai liburuko lehen poema horrela hastea. Poemategiaren ardatz nagusietako bat ere bada idazteak sorrarazitako sentipen kontrajarrien kronika. Eta zuriak askotan ikaratu egin nau eta bestetan liluratu, mundua sartzen baita zuritasun horretan. Poema horretan bertan maldan behera diot eta une askotan hori ere sentitu nuen, hasi eta berez zetorrela idatzi behar nuen hura eta hori, plazer hutsa da. Ederra da hutsune bat nola betetzen den ikustea, eta idaztean sortu duzun beste hutsune bat zein adierazgarri bilakatzen den ohartzea.

Errepikak, errimak, simetriak… antzeko jokoetatik haratago doa zure idazkera da, ezta?

Kosta egiten zait nire idazkera definitzea baina gehienetan nire ardatza irudi bat izaten da, eta irudi hori deskribatzeko teknikarik egokienak aurkitzen saiatzen naiz. Egoera eta giro baten deskribapena izaten da sarri. Errepikak eta simetriak maite ditut, ez bakarrik erritmoa edo estetika zaintzen laguntzen dizutelako; baita igorri nahi duzun mezuaren tempoa zehazteko baliagarriak direlako. Eta poemak ibilbide batekin jostea gustatzen zait, narratiboa izatera iritsi gabe baina hasiera eta bukaera behar bezala markatzen dutenak.

Poemak eta poemak daude. Boyccott-ek bere buruaz beste egitea deliberatu zuenekoa eta Kolorezko pilulak dira akaso narratiboenak?

Bai, eta egia esan behar badut niretzat ere berritzailea izan zen horrelako poemak tajutzea. Bietan, istorio batetik abiatu nintzen; batean, historiako gertakizun batetik eta bestean, mikro-ipuin moduko batetik. Baina poemak diren heinean esan ere egin behar zuten eta horretarako, giro eta ingurune jakin baten deskribapenaz baliatu nintzen esateko nuen hori gorpuzteko.


Jose Luis Otamendiren “Zainetan murrailak liburuak asko eragin zidan”

Otoren tximeleta eriak elkar laztantzen irakurri dugu poema batean. Jose Luis Otamendiri eginiko keinua da akaso? Prentsaurrekoan aipatu zenuenez, behin eta berriz itzultzen omen zara Otamendiren obrara. Bera da akaso zure erreferentzia nagusienetakoa?

Bai, hala da. 15 urterekin, gaztetxo nintzela entzun nuen Deabruak Teilatuetan taldearen Gaur euria egin du abestia lehenengoz eta abesti horrek ireki zizkidan poesiaren ateak. Berea izan zen irakurri nuen lehen poema liburua, Zainetan murrailak eta asko eragin zidan liburu horrek. Erlojuen mekanika liburuko poemak ere luzaroan gorde ditut nire barnean. Agian, ez zaio euskal poesiagintzan merezi duen tartea eman baina uste dut bere estilo berezia utzi duela eta handienen mailan dagoela. Harrigarria da handitasunik gabeko idazketa xalo horrekin nolako zehaztasunez aukeratzen dituen hitzak baina batez ere, nola transmititzen duen esan nahi duen hori bere poemetan. Egoera eta giroen iradokitzaile bikaina iruditu izan zait beti eta erreferentea izan dela ezin ukatu.

Asko zor diot Otamendiren poesiari, baina baita Deabruak Teilatuetan taldeari eta bide batez Ubeda anaiei, poesiarekiko izan duten sentsibilitate berezia mugarri izan dela iruditzen zait euskal musikagintzan.


Unai5

Sari bati esker plazaratu duzu lehen liburua. Epaimahaikideen artean badira oihartzun handiko idazleak. Saria bera jasotzea bezain pozgarria izango zen zure poemak argitaratuak izango zirela jakitea, ezta?

Egiari zor, sari hori gabe ez nukeen ziurrenik libururik argitaratuko eta  aukera ederra izan da alde horretatik. Bultzada polita izan da eta  epaimahai baten erabakiz eta beste hainbat lanen artetik aukeratua izan zarela jakiteak eman dit halako lasaitasun bat. Ez baita erraza poesia liburu bat defendatzea eta are gehiago lehena denean. Goizegi  iritsi zela ere pentsatu nuen hasiera batean, heldu gabeko sortzailea ikusten baitut nire burua. Sortzea bezain garrantzitsua baita norbere lanaren ikuspegi kritiko bat lantzen jakitea eta onartu behar dut bulkada eta intuizioz egiten dudala egiten dudana. Baina uste dut freskotasun eta bat-batekotasun hori garrantzitsua dela maite dudan poesia egiteko bidean, zuzena eta benetakotasuna bilatzen duena.

Bergarako Idazle Eskolan aritu zara. Bertan piztu zitzaizun idazteko eta idatzitakoa plazaratzeko grina?

Nire buruari erronka bota nion, ea gai izango ote nintzen modu diziplinatu batean eta edozein jenerotan idazteko. Idazten berrikasi dut eta horretarako bidea eman dit idazle eskolak. Idazteko moduak, tokiak, tresnak,… Guztia birpentsatu behar izan dut. Baina hori baino gehiago eman dit. Literaturaren barneko zirrikitu asko erakutsi dizkit, irakurketan inoiz ez bezala sakondu dut eta barnean nuen harra hazi egin da neurrigabe. Idatzitakoa plazaratzea bera bigarren mailakotzat jotzen dut; bai baitakit asko dudala oraindik lantzeko. Amets txiki bat bete dut liburua argitara ematean baina bidearen hasera dela iruditzen zait. Idazteko grinak hor jarraitzen du baina bizitzan beste lehentasun batzuk ditut eta denborak esango du ea nondik nora doan nire sorkuntza lana.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.