“Literaturaren eta artearen ikuskera osoa berreskuratu nahi dugu”

arteliteratura.org web orriko kudeatzaileekin izan gara solasean

“Ez gara kolektibo bat, ez gara banda bat, ez gara elkarte edo antzekorik ere. Lagun talde bat besterik ez gara. Eta oraingoz behintzat nahiago dugu anonimatuan mantendu”, hala adierazi digute emailez izan dugun elkarrizketan. Momentuz bost lagunen artean elikatzen ari dira web orria.  Helburu hau dute buruan: “Gaur egungo artearen eta literaturaren ikusmolde ezberdin baten eredu izan nahi du gune honek. Indarrean ez dagoen ikuskera baten testigu. Sistemak berak bultzatzen duen isiltasunaren konspirazio honetatik atera nahi ditugu artea eta literatura etorkizunean joriagoak izango diren guneetara bide berriak eraikiz”.

Web

Zein helbururekin jarri da arteliteratura.org web orria martxan?

Gaur egungo artearen eta literaturaren ikusmolde ezberdin baten eredu izan nahi du gune honek. Indarrean ez dagoen ikuskera baten testigu. Sistemak berak bultzatzen duen “isiltasunaren konspirazio” honetatik atera nahi ditugu artea eta literatura etorkizunean joriagoak izango diren guneetara bide berriak eraikiz.

Literaturaren eta artearen ikuskera osoa berreskuratu nahi dugu, haien  zerizan puruenean sakontzeko eta giza baloreak bi alor horien bidez berreskuratu ahal izateko zentzu existentzial benetakoa eta askatzailea lortu asmoz.

Gure Mari aldarrikatzen dugu arketipo gisa: ametsen eta memoriaren jagole. Mari da gure inspirazio iturri eta hastapenetako sarbide-errituetan gure musa kontsideratzen dugu poiesis literarioan.

Mari, euskal mitologiaren iruditegiko jainkosa zuria, izate jainkotiar, oniriko eta telurikoa, bizitzarekin, lurrarekin, ilusioarekin eta bizitzako bulkadarekin biltzen eta uztartzen gaituena modu osoan eta bete-betean. Bertolt Brecht-ek zioen bizitza trago handitan edan behar zela, ez zegoela atzera itzultzerik; Nazim Hikmet-ek Eguzkia edaten zutenak edo Eguzki bidez edaten zutenak goraipatu zituen. Uste dugu bizitza benetako dohaina dela eta bere osotasunean edan behar dugula geure izatea erabat asebete arte. Geure existentzia bizitzaz asebete nahi dugu, alde batera utziaz jarrera kaltegarriak, bizitzaren bertuteetatik bananduko gaituzten portamoldeak saihestuaz; Miguel Hernández-ek zioen modura, horzkada erraldoiez errotik atera nahi ditugu gure panorama txepel eta monotonotik errealitateak eta espektakuluaren gizarte honek ezartzen dizkigun kontsumismoa, materialismoa, dotrinamendua eta arrunkeria. Inguratzen gaituen zarata zitaletik eta estetika hutsal eta erraxetik ere aldendu nahi dugu. Isiltasun sendagarrizko guneak aurkitu nahi ditugu, estetika berri askatzaile eta liluragarri baterantz eramango gaituzten hausnarketa eremu isilak bilatzeko. Kitsch-atik eta kontsumismotik libratuko gaituen estetika behar dugu, totalitarismo filosofiko, estetiko eta ideologikotik askatuko gaituen estetika berri horren gordailu eta era berean erresonantzia kaxa izan nahi dugu.

Gaur egungo gizartean, isiltasunaren galerak, bizimodu lasaiagoaren eta pausatuagoaren galerak, makina eta automata huts bihurtzera eraman gaitu ia. Zentzu gizatiarraren eta espiritualaren galerak anaitasunezko humanismo berdintzailea suntsiarazi du. Tolstoi-k aldarrikatzen zuen anaitasunezko humanismoa, benetakoa eta askatzailea, ez dugu aurkitzen gaur egungo gizartean eta inguratzen gaituen errealitatean. Hori guztia egungo artean eta literaturan islatzen da ondorio gisa. Horregatik, artea eta literatura bere esentzia puruenean berreskuratu nahi ditugu giza elementu funtsezko modura, zinezko zentzu existentziala eta era berean askatzailea lortu ahal izateko. Erabat baztertzen ditugu arte faltsu guztiak, dotrinamendu pean dagoen literatura guztia, eta artifizioan oinarritutako sortze lan guztiak. Gure garaiko joera artistiko eta estetiko anitzak simulakro hutsean oinarriturik daude, eta simulakro honek, isiltasun sortzaileko guneak eta uneak eskaini beharrean, zarata gizagabetzailea besterik ez du eskaintzen.

Beraz, simulakro eta artifizio hutsa diren sorkuntzei aurre egiteko hitza ematen dugu, izan ere, artea eta literatura izatearen zerizana gizatiarrago egingo duen etika garaiago bat lortzeko baliabide estetiko gisa ulertzen baitugu.

Lagun talde bat, kolektibo bat, banda bat… zeintzuk sustatzen duzue web orria?

Momentuz behintzat bost lagunek sustatzen dugu web orri hau. Ez gara kolektibo bat, ez gara banda bat, ez gara elkarte edo antzekorik ere. Lagun talde bat besterik ez gara. (Eta oraingoz behintzat nahiago dugu anonimatuan mantendu).

Duela urte bat, gutxi gora-behera, ekimen honekin hasi ginen. Web gunean materialea pilatzen joan gara astiro-astiro, eta orain geure ekimen hau plazaratu nahiko genuke Iparragirreren “eman ta zabal zazu” hura modu praktiko bezain errealean sendo gauzatzeko.

 


Baroja


Hausnarketarako zein sormenerako espazioa

Hausnarketarako espazio da edo sormenerako? Edo bietarako?

Bietarako espazioa da: hausnarketarako zein sormenerako espazioa, elebiduna gainera, euskaraz eta gaztelaniaz.

Nola antolatu duzue web orria?

Web gune hau bi ataletan antolatua dago bereziki, literatura eta zinea atalak. Bi hauen barruan, era berean, beste azpisailkapen edo azpiatal batzuk topatuko ditugu: kritika literarioa, sormen lanak, mailegu literarioak, aipuak, profil monografikoak, zine kritikak, zine zuzendari ezberdinen ibilbidearen azterketa, …  Aurrerago, halaber, beste arlo batzutara zabaldu nahiko genuke geure begirada, hala nola, musikara begira, arte plastikoetara zein dantzara.

Taldeko kideak eta eragileak idazten dugu web-ean, eta zenbait lagunen kolaborazioak ere jasotzen eta biltzen ditugu. Betiere geure sortze uneko ideiak eta filosofia mantenduz guztion aldetik.


Bizitzaren eta literaturaren aldeko manifestua

Literatura hizkuntzarekin batera jaio zen eta lehenengo literaturagileak beren hitzetan kreazioaren edertasuna jaso nahi zuten ehiztariak eta biltzaileak izan ziren. Filosofia zein jurisprudentzia poemetatik sortu ziren, antzinakoentzat goiarnas poetikoa giza jakituria ahalbidetzen zuen adierazpidea baitzen. Jainkoak igarkizun eta parabolen bidez mintzo ziren. Sutondoko narrazioek arbasoen eta heroien oroitzapena gordetzen zuten neolitikoan. Eta tribu bakoitzean bazen pertsona bat, “ametsen jagolea” deitutakoa, haiek guztiak gogoan hartzen zituena.

Mundu tekniko eta ideologiko honetan, artea eta literatura hainbeste hedatu dira arlo guztietara, ezen bai haien autonomia bai haien balioaren kontzientzia galtzeko zorian baitaude. Oroimena artxiboetan lurperatuta gelditu da. Poesiak ia abestietan baino ezin agertu bere moldea, herri adierazpide guztietatik erbesteraturik. Giza espirituak hitza bazterrean utzi du, eta hitza gure zibilizazio teknikoaren engranaje bat besterik ez da, publizitatez eta diskurtso politikoz koipeztatua, iheskortasunerako eta ahazturarako fabrikatutako produktuen osagai. Gure gaur egungo zibilizazioaren zarata gehiegizkoak bere benetako esentziaz gabetzen du hitz oro, astiro baina ekidinezin, eta gu haren laguntzarik gabe uzten gaitu, hitz ororen benetako esentziak samintasun otzaneko errealitate honetan aurrera egiten laguntzen baitigu.

Zer geratzen zaigu guri, literaturaren zale eta sinestunoi? Behinolako sugarra berpiztea baino ez, poema eta narrazio zaharrak gogoratzea baino ez, hitzen sorrerako indar sutsuari eusten dioten antzinako eta gaurko lagunekin bat egitea baino ez. Literatura eta hitzaren arte guztiak zaharberriturik, giza espiritua eta giza esentzia birsortuko dira eta bihotzek berriz sentituko dute nola irudimenaren taupadak gauzatzen diren hitzetan.

Gogo suhar batek ekarri gaitu honaino, zirtzileriak edo desmitifikazioak alde batera utzirik. Horregatik, Mari jainkosa jarri dugu blog honen aitzinaldean, errealitate fisikorik gabeko zer horien botereari egindako dei gisa, botere hori agertzen baita dei egiten zaionean. Bai eta Euskal Herriko Ama Lurrari egindako dei gisa ere, sustrai sakoneko elezahar eta mito ugarien gordailu baita. Dei egiten diogu Damari, lur, zeru, itsaso eta azpimunduaren andreari, izaki lurtar eta zerutiar egiten gaituzten dimentsioen jabeari, lagun diezagun gure ametsak kantu zein ipuin bilaka gaitezen.

Hizkuntza ez da formalizazioen eta ideien gramatika bat; hizkuntza ibai bat da, gu eta gure pentsamenduak, gure esistentziaren dekretu horiek, berekin garamatzana. Beraz, hemen, edertasuna maite dugula aldarrikatu nahi dugu, zirrara maite dugula, hitzak geuregandik harago eta geure izaeraz bestaldera garraiatzen gaituenean ageri den argialdi garden hori maite dugula, geure osotasun bikainean nolakoak garen erakusten digulako. Oroimenari egiten diogu dei, espirituaren jagole horri, errealitate fisikorik gabeko zer pilpirakari horien zaintzaileari, zer den egia erakusten baitigu behin eta berriro, egia horren eraginez jolasten baitira haurrak, haren eraginez nekatzen baitira helduak lanean eta harengatik burutzen heroiek beren balentriak.

Literatura sortzea da gure helburua, bai eta artearen eta literaturaren alorrean hazitakoa baloratzea ere. Gaude literatura bizitzaren jarraipena dela, eta, ondorioz, haren zeregina bizitzarenganako dugun sentimendu eta ulermena handiagotzean datzala, eta horren jakitun izatea da elkarrengana biltzen gaituena.

Guk, gizon-emakume gaixook, dei egiten diogu gu baino gehiago den eta guregan dagoen zera horri. Egia bihur dezagun, ahal dugun neurrian behintzat, poeta zahar batek poeta hil bati eskainitako bertso hura:

In the deserts of the heart

Let the healing fountain start,

In the prison of his days

Teach the free man how to praise.

Bihotzaren desertuetan

isurtzen utzi senda-iturriaren ura,

bere egunen presondegian

gizaki askeak laudatzen ikas dezala.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.