Antton Lukurekin solasean abiatuko dute Eztena jaialdia

Antton Lukurekin solasaldi formatuan egingo duten saioarekin abiatuko da aurtengo Eztena teatro eta dantza jaialdia, Errenteria/Oreretan Mikelazulo kultur elkarteak antolatuta. Lukuk Libertitzeaz (Pamiela, 2014) liburua aurkeztuko du solasaldi honen bitartez.

luku

RESUMEN “LANA” PEZ LIMBO 2.0 from PEZ LIMBO CREACIONES on Vimeo.

KONPOTA. from Dxusturi Teatroa on Vimeo.

calao from rouge elea on Vimeo.

“Arrisku eszenikoen elkargunea” azpi-izena jarri diote aurten Eztena teatro eta dantza jaialdiari. Izan ere, hori bera baita jaialdiaren xede nagusietako bat: egun teatro eta dantzaren arloan arrisku artistikoak, edo ekoizpen mailakoak, hartzen dituzten taldeen eta sortzaileen lanen erakusleiho izatea. Horrekin batera, sortzaileen arteko elkargunerako espazioak sortu nahi ditu Eztenak, erakusleihotik harago ere kultur-gomuta kritikorako aukerak ere eman daitezen.

Helburu horien adierazle bikaina izan daiteke Antton Lukuren lana. Oholtzarako egin ibilbidean esperimentazioa eta tradizioa uztartzen lan ugari egin du, besteak beste, toberaren inguruko ikerketa egiteko balio zuen tetralojiarekin, Hiru Punttu taldearekin batera. Sorta horretako azkena izan zen Fauxto karrusa. Lan horren haritik tiraka, sortze prozesuan izandako kultur gomutek eraginda, Euskal Kultura? (Pamiela, 2008) saiakera idatzi zuen Lukuk. Liburu horrek teatroa liburu bilakatzeko orduan jorratu ahaleko bide berri bat eman zion Lukuri: teatro-testuak argitaratzeari aspaldi utzita, teatroa bizitzeko eta ikus-entzuteko zerbait izaki, saiakeraren bidetik hasi zen jasotzen teatroaren eta oro har eszenaren inguruan sentitu izandako guztia. Bide horren adierazle berria da Libertitzeaz, Mikelazulo kultur elkartean solasaldi modura aurkeztuko duena.

eztenalogo

EZTENA 2014, EGITARAUA

Ekainak 19, osteguna

-19.00etan Mikelazulo kultur elkartean:

“LIBERTITZEAZ” ANTTON      LUKUREKIN      SOLASALDIA

Euskal kultura? zorrotzaren ostean, euskal antzerki eta dantzaren “dimentsio politikoa” defendatzera datorkigu nafartarra Libertitzeaz lan berrian. Solasaldi moldean, euskal dramaz jardungo dugu (antzerkiaz, dantzaz, maskaradaz, bertsolaritzaz) eta batez ere haren norabide eta erronkez.

- 22:30ean De Cyne Reyna tabernan:

“ABANDONATE MUCHO” LAS XL taldea

Maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzen duen ikuskari musiko-teatrala. Geure burua aurkituko dugu limurtzaile konpultsiboan, Walt Disney estiloko printzesan, koplari atsekabetuan, maitasunaren jonkian, punki suntsitzailean, fundamentalista espiritualetan… Denak eta inor ez gara. Ulertu ezinaren ulermenetik, gure leloa: Maitasuna denontzat!

Ekainak 20, ostirala

-17.30ean Herriko enparantzan:
DANTZA PIEZAK : “Carneros” (Organik taldea) + “GR10” Paisaia taldea + “Hooked” (Lasala taldea).

-20.00etan Mikelazulo kultur elkartean:
PIEZAK

Piezak ekimenak sortze prozesuan dauden lanak publikoaren aurrean aurkezteko aukera ematen du. Lanen laginak ikusi ondoren publikoarekin batera solasaldia irekitzen da sortze prozesuari begira lagungarri izateko asmoz. Honek publiko aktiboaren figura indartu eta artista eta ikusle arteko hartuemana baimentzen du.  Hiru pieza aurkeztuko dira: “Arrautza”, Iñigo Aizpitarte eta Amaia Irazabalena, “A Pan y Agua” Anogusano konpainiarena, eta “Suicidio en 15 min” Javi Liñerarena.

Ekainak 21, larunbata

-12.30ean Xenpelar plazan:
“LANA” PEZ LIMBO

Joskintza tailer batean lan egiten duen emakume arrunt bat da protagonista. Egunaren amaieran bere amorantea, zorrotzailea, bila etortzen zaio bizikletan. Lan zama handituz doakio ordea eta josteko makinaren aurrean gero eta ordu gehiago pasa beharko ditu protagonistak. Ilusioak bultzatuta, eguneroko lanekin batera bestelako munduak «josten» hasiko da orduan: poetikotasunak, komikotasunak eta gordintasunak topo egiten duten munduak josten.

-17.00etan Errenteria Hiria Kulturgunean:
ANTZERKI LABEA: IKASLEEN MOSTRA I

Antzerki Labea udal antzerki tailerretako “Hastapen” eta “Sormen” kurtsoetako ikasleen hainbat pieza ikusteko aukera izango da MOSTRA honetan. Hastapen mailakoek Arkaitz Gartziandia irakaslearekin urtean zehar landutakoaren erakustaldia egingo dute, eta sormena lantzeko ikasturtean dauden ikasleek berriz, ikasturtean zehar kolektiboki landutako pieza propioak oholtzaratuko dituzte estrainekoz.

-19.00etan Zumardiko kioskoan:
“CALAO” Rouge Elea taldearena

Calao, parentesi bat denboran eta espazioan. Corinne ikusiko dugu dantzan, hainbesteko pozaz hegan egiteko gogoz izango garela. Rouge Eléa konpainiaren aire zabaleko kiribilek aire-zirku onenen indarra eta poesia dute.

-20.00etan Mikelazulo kultur elkartean:
“KONPOTA” Dxusturi taldearena

Konpota, Philippe Gaulierren “La compote de…” bakarrizketaren euskarazko bertsioa da. Ironiaz, umore beltzez eta erreibindikazioz betetako emakume bufoientzat idatzitako testua hain zuzen ere, Eneritz Artetxeren eskutik datorkiguna.  Antton Lukuren itzulpen honi esker, lehen aldiz, Gaulierren lanaz gozatzeko aukera izango dugu.

Ekainak 22, igandea

-17.00etan Zumarditik hasita:
ANTZERKI LABEA: IKASLEEN MOSTRA II

Antzerki Labea udal tailerretako 2. ikasturteko ikasleek lineako autobus batean aurkeztuko dute ikasturte amaierako antzezlana. Columba Rubalcava irakaslearen gidaritzapean autobusean igotzen diren ikusleek sorpresaz betetako bidaia egingo dute. Ikusleetako bat izan nahi baduzu izen emateko  675703444 (Miren) deitu behar da ekainak 12a baino lehen.

-19.30ean Errenteria Hiria Kulturgunean:
“CALLA Y COME” La cocina taldearena.

Dilista batzuk jatearen aitzakiarekin, Pakok Enri eta Na deitu ditu antzokira, oraintxe izendatu berri duen «Ezjakintasun kontzientea» deituriko terminoaren inguruan pieza bat sortzeko proposamena egiteko. Terminoa beraren esanahiaren inguruan hiru ikuspegi arras ezberdin sortzen dira hasieratik.  Eta galderak sortzen dira: Zein punturaino saihesten dugu gure burua? Ze punturaino ez gara gure buruarentzat sortu dugun pertsonaia horren biktima?

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.