Wajdi Mouawaden tragedia garaikideak

Anima nobela du lanik berriena, zinemak zabaldu zuen haren izena Incendies filmarekin; bere lanaren bizkar hezurra den teatrorantz luzatu nahi izan dugu begirada.

mouawad

Seuls de et avec Wajdi Mouawad (extraits) from THEATRE DE NAMUR on Vimeo.

Frantsesez (Actes Sud) 2012tik irakurri ahal izan dugu Anima nobela, gazteleraz (Destino) eta katalanez (Edicions del periscopi) aurten, azken hau ez ohiko edizio txukun askoan gainera. Wajdi Mouawadek Animan abiapuntu arrunt bat hartuko du oinarri istorioa modu ez arruntean kontatzeko: gizon batek haren emaztearen hilketa argitzen saiatuko da, baina bidean gurutzatzen dituen animaliek kontatuko dute istorioa, animalia bakoitzaren begietatik txandaka.

anima

Wajdi Mouawad 1968an jaio zen Libanon. Bere gurasoek Parisera egin zuten 1977an, beren herriko gerra zibiletik ihesi. 1983an Frantziatik kanporatuak izan ziren, eta horrek Quebec-en kokatzera eraman zituen. Mouawad-ek Kanadan ekin zion beraz bere eszena gaineko ibilbideari, aktore, zuzendari eta idazle roletan. Egun bi konpainia osagarri ditu sortuak: Abé Carré Cé Carré izenekoa Kanadan, eta Au Carré de l’Hipotenuse Frantzian, bietan teatro garaikidearen mugetan barneratzea xede.

Nobelak eta irrati-lanak idatzi izan dituen arren, lan eszenikoetan oinarritu da batez ere Mouawad-en ibilbidea. Eszenarako idatzitako Le sang des promesses izeneko tetralogiak egin zuen batez ere ezagun Forêts, Littoral, Incendies, eta Ciels obrek osatuta. Incendies bera zinemara eraman zuen Denis Villeneuve zuzendariak 2010ean.

Wajdi Mouawad-en lanetan tragediaren eragina nabarmentzen da, pertsonaiengan eta haien patuarengan zama ia gaindiezina ezarriz. Tragediatik bizi dituzte bere lanetako protagonistek munduko gatazkarik latzenak, tartean XX. mendeko zauri historikoak, lehen eta bigarren mundu gerrak Forêtsen kasuan, Libanokoa Incendiesen… Gatazken arteko loturak ematen dira halaber belaunaldi ezberdinen artean, familia loturetatik abiatuta (odolezko loturen zama agertuz eta era berean kuestionatuz) denboran zehar -kontziente edo inkontzienteki- jendarte batek pertsonatik pertsonara sortzen dituen hari edo kate eten bakoak ikertuz.

forets

Forêts antzezlana

Mouawad-en idazkeran deigarria da dialogoen mardultasuna, estilo tragikoaren eragina, hari narratiboen elkar kutsatze, nahaste eta bikoiztea. Zaila da irudikatzen Forêts bezalako testu baten sintaxi mardultasuna eszenaratze garaikide batean, baina hori bera omen da Mouawad-en dohaina: testuan modu erabatekoan oinarritutako lanak dramaturgia garaikide, espazial eta aktoralki potenteen bitartez iraultzea.

Mouawad-en lanetan ohikoa da pertsonaien izenek irakurketa anitzak ematea, kontatu nahi denaren araberako interpretazioak biderkatzeko. Forêts lanean Loup (Otso) izeneko gazte batek atzera egingo du denboran, bere burua ulertzeko xedez familia ezezagunaren arrazoi ezkutuak ikertuz. Honako hau esango du obraren une batean:

Neuk, neure arbasoen odolari odolak lotua nengoela uste nuen honek,

neure promesek lotua nagoela deskubritu dut

zeuon artean egin eta bete dituzuen promesei lotua.

Salbatutako bizitza, galdutako bizitza, emandako bizitza.

Zinematik, literaturatik edo antzerkiaren bidetik murgiltzeko moduko obra, Mouawad-ena.

 

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.