Antton Lukurekin solasean

“Libertitzeaz” liburuaz mintzatu ginen Eztena jaialdiaren testuinguruan

Eztena teatro eta dantza jaialdian aurkeztu berri du Antton Lukuk Libertitzeaz (Pamiela, 2014) liburua, solasaldi moduan. Askorako eman zuen berbaldiak, eta askoz gehiagorako eman zezakeen. Zertzelada batzuk jaso ditugu Hitzen Uberanen.

luku txiki
.
libertitzeaz

“Euskal dantzariei” eskainitako liburua da Libertitzeaz. Besteak beste, dantza ezinbesteko partea delakoa euskal artedraman, musika, bertsoa, teatroa, euskal jendartearen aderazpide propio ororekin batera. Artedrama horren zedarrien bila jardun da Antton Luku Libertitzeaz liburuan, libertimendu eta toberen definizioen peskizan, bere esperientzia propioei loturiko gomuta etengabean. Izan ere, liburu honek asko baitu ikerketatik, baina baita ere memoriatik, iritzitik, autobiografikotik, eszenaratze propioetan jarraitutako bideen ondorioetatik. Funtsean, transmisio ariketa itzela da bertakoa, euskal teatroa ulertzeko ezinbestekoa den sortzaile baten eskutik.

Berrogei lagun inguru elkartu ginen Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean, haien artean antzerki munduko jende ugari. Asko izan ziren hitz egindakoak, jarraian dituzuenak zertzelada batzuk baino ez dira:

luku 2

GALDERA: Zein neurritan da liburu hau aurretik idatzitako Euskal kultura? (Pamiela, 2009) liburuari loturiko lan bat, edo haren jarraipena?

Urre aroa aipatzen duelarik Isabel Etxeberriak lehenagokoa aipatzen du, nik antzerkia deitzen dudan bezala urre aroa gu antzerkian sartu gareneko memento hori da: liburuan aipatzen da adibidez Hiruak bat taldea… Gure garaian baziren bospasei talde iraunkor, exijentzia handia zutenak. Testua aipatzen zen, zuzendaritza, ibiltzea Euskal Herri osoan, hegoalderat joaitea, EATB-Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra… ni sartu niz ate ttipitik mundu horretan, dantzatik irten berri. Liburuan esplikatzen dut bazela euskararekiko problema dantzan, zaharrek dantzarekin zuten harremana eta guk genuena ez zen bera. Bazen hor enigma bat ene ustez antzerkiak konpondu behar zuena, eta horretarako nintzen horra joan.

Sartu nintzelarik antzerkian, esan izan bazidaten “zuk idatziko duzu liburu bat” irriz hasiko nintzen, ez zen posible niretzat, ez nintzen horretara joana. Memento horretan deus ulertzen ez nuelarik, gozatzen, ulertzen, konprenitzen nenbilen ahal bezala, ikasten anitz. Memento horretan atera ziren delako euskal kulturaren jardunaldiak, ondotik Kultur Erakundea eman dutenak. Hor bazen anitz jende, oraingo nire adina zuten jendeak; nik 22 urte inguru nituen eta pentsatu nuen “horiek badakite”, esperientzia handia dute. Entzuten genituen, muntatu da Kultur Erakundea, eta gero ikusi dut eman duena: euskal kultura egiten dute? Konpondu du horrek aipatu dudan enigma hori? Euskal kultura?n ni ez naiz ari harrika, nik ere momentu hartan sinetsi nuelako funtzionatuko zuela gauza horrek.

Euskal kultura?ri dagokionez, hasi nintzelarik apunteak hartzen, oharrak hartu nituen “Fauxto” karrusaren egiteko. Gaia tobera zela pentsatu nuen, eztanda bat egiteko beharra; denak ari gara ahalegina egiten baina era berean erraiten “hau edo beste hura ez da hala, ez doa ondo”… gezur orokortu batean ari gira eta horrelako zerbait egin behar zen. Hastapenean ez zen Euskal kultura?, “Fauxto” antzerki baten gidoia baizik. Horren ondotik muntatu dugularik, aski fite ikusi dut “hau antzerkia izanen da”, eztanda izanen da, izanen dira jende batzuk alde edo kontra jarriko direnak, joka ariko gara Asterixen bukaeran bezala, antzerkizaleak oso pozik izanen dira… baina jinen dira antzerki zale ez diren horiek? Hor idatzi nuen Euskal kultura?. Liburu hura ene ustez iparraldean ez da ulertu, edo sobera ontsa ulertu da, eta momentu batez behar izan da hori konpondu, erran nahi baita: ni hain gaiztoa niz? Ez, mintzo niz Libertitzeaz liburu honetatik, antzerkiari buruz gauza hauek esateko ditut.

GALDERA: Transmisioa ez da soilik informazioa pasatzea, beste zerbait da, kode batzuk eta modu batzuk pasatzea.

Antzerkia enetzat bada Peter Brookek erraiten duena, baina bada jokolarien arteko solasa ere, horien aztertzeko manera, nola deskribatzen duten laguna, nola izendatzen den momentu hori. Hori gabe ezin dugu altxorrerat pasatzen ahal urre aroko garai hori, ezin dugu baliatu Landart edo Labaien, ez bada transmititzen eskolaren sistema orokortu batean… hori beste gezur bat da, ni ari niz eskolan eta badakit ez dela deus egiten, neuk ez dudala ezer transmititzen, eta uneren batean esan behar da “hau da gure ondare guztia”.

Bada kontaketa bat hor, seduzitu izan nauena, baita dantza munduan ere: esanahia duten gauzak kontatzea, parabolaka mintzatze hori, eta hor da antzerkiaren lengoaia. Gai zarelarik irudi baten deskribatzeko beste irudi baten formatzeko, hor eramaten duzu entzulea holako poetika baterat, eta hor bada metamundu bat, antzerkiaren mundua; hori gabe ez da deus transmititzen ahal, nolabait eraman behar dugu jendea gurekin. Nik badakit seduzitu nautela aktore horiek, bazekitelako hori kontatzen, ahozko literatura batetik.

EZTENA Saiakera irakurrita sentsazioa daukagu planteamenduan berean, aipatzen duzun poetika horren bilaketa agertzen duzula. Harrigarria eta zirraragarria da nola lotzen dituzun Brook, Brecht, Dario Fo bezalakoek egindako lanak Euskal Herriko dantzarekin eta tradizioarekin. Nola guk bertan ez dugun baloratzen gure kultura hein horretan, gure dantzek kodigo bat eta mundu ikuskera bat duten arren. Idazkera ere oso biszerala eta teatrala da; zalantza izan omen zenuen liburu teknikoago bat egin edo ez, baina azkenean jo duzu pertsonalagora, autobiografia lotzen duzu horrekin. Hasieratik garbi zenuen horrela plazaratu behar zela lan hau?

Nik uste dut liburu teknikoen egiteko badela denbora gehiago. Oraindik bizirik dira ondaretik heldu zaizkigun metafora horiek, jende batzuk kontatzen ahal dituzte eta ez dira hain zaharrak. Problema da metaforei berriz eman behar zaiela edaterat bizi daitezen, hautu hori hor izan da liburuan. Gero bada sedukzio istorio bat: zergatik egiten dugu antzerkia? Zerbaitek seduzitzen gaituelako momentu batez. Nik uste dut hori eletik pasatzen dela izigarri. Entzun duzularik musikari batek istorio bat kontatzen, ze efektu sortzen zuen koadrila ttipi batean, entseatu dut nik zubia egitea boz horren kontatzeko, lotura egiteko bi belaunaldiren artean. Momentu batez ere adin batetik goiti behar da adina asumitu /barreak/ hori izigarri inportantea da ere antzerki jendeen munduan. Brook horretarako marabila bat da, asumitzen du, ez du adinik, hor da! Ez gara beti gazte, gauza batzuk prehistoria dira oraingo iparraldeko gazte batendako. Deus ez da denbora hori, eta denbora berean mundu bat da, eta norbaitek behar du lotura egin bi gauzen artean permanentzia horren egiteko, hori baita kultura eta zibilizazioa.

Nik ez dut uste arraberrituko direla gauzak eta partituko garela zerotik. Uste ukan behar izaten dugu hori urtetan, partitzen garela zerotik /barreak/, baina biziki egiten zaigu iraganaren pisua eta populuaren jakintza. Nik uste dut sortzen dugula jakintza horretan, transmititzean seduzitzen dugula, plazer hartzen dugula, delako erreferentzia sare horretan sartzen garelarik.

Segur niz liburuan badirela hainbat orrialde pastoralari buruz. Nik ez dut tratatu pastorala, baina irakurle batzuek erran didate jadanik, liburua irakurri ostean “problema da orain ezin dudala pastorala ikusi begi berekin”. Erran nahi baita, hor kodeak salatuak direlarik pastorala ez da berdin irakurtzen, eta kodeak ez ziren salatzen. Liburua sakrilegioa da nonbait salatzen dituelako gauza batzuk normalean ez direnak erran behar. Baina erraiten ez duzularik manipulazioak hasten dira, eta nornahik erraiten ahal du nahi duena berak deliberatzen duen legitimitatearekin. Nik gauza bera egiten dut, baina memento batez hor dira gauzak, epai dezatela ikusleek.

PUBLIKOA-1: Zuk esaten duzu jendea ez dela ohitzen, ez duela apreziatzen jokolarien joko hori, folklorizazio batean erortzen dela, ondo egin du edo txarto egin du esatera mugatu…

Nik uste dut azken hogeita hamar urte hauetan pastorala ikaragarri aldatu dela: helburuak, soziologia, ikuslegoa… Ikuslegoaren aldetik duela 12-15 urte problema zen “manexak jinen diren”, manexak ez baziren heldu porrota zen diru mailan. Lapurditik eta badira betiko fidelak, baina jende gutti dira, Xiberuak betetzen du. Fenomeno soziologiko bat pasatu da horren inguruan, ez duena ene ustez deus ikustekorik antzerkiarekin. Antzerkia aldatu da herrien lehia horretan sartzen delako, zenbat jende sartzen den, zuzendarien gain jartzen da hori, errejenteen gain…

EZTENA “Trabesa”ren ideia iltzatu zaigu liburutik ere. Zeuk kontatzen duzu nola Garaztarrak dantzari taldean baziren dantzariak turistentzat ari zirenak soilik, eta zuek zeuentzat egiten hasi zineten arren jendea ez zela joaten ikustera. Hori antzerkian oso gaurko gaia da, zergatik ez da jendea etortzen emanaldietara? Batzuetan administrazioaren ardura izango da, baina besteetan agian gurea. Trabesa, ulertu dugun bezala, antzerkia egiteko orduan dagoen konfliktoa edo arrazoia da Antzerkilariengan ere berehala sumatzen da aktoreak argi ote duen zertarako eta zergatik dagoen oholtzan. Zergatik joango gara oholtzara zerbait esatera, zer behar dugu barruan? Nola egin jendeak topa dezan behar hori konpartitzeko grina?

Problema da antzerkia egiten dugunez jolasteko eta denbora pasarako, edo beste arrazoi bat baden oinarrian. Libertimenduaren kasuan gure herri antzerkia da, inauteriz egiten dena. Maskarada eta libertimendua oso ezberdinak dira estetikoki baina gauza bera dira funtsean. Badira bertsoak, jokoak, antzerki zatiak, eta bada dantza ere. Molde ziklikoa du. Iparraldean bi gerren artean gertatu dena da jokoak emeki kendu direla, izan dela dantza eta bertsolari, eta gero dantza bakarrik. Piezak galdu ditu, edo galdu egiazki ez baina betti joan dira. Izan da memento bat, guk egin dugularik, jokoa berriz ezarri eta bertsolariek berriz gaia eman dutela. Eta ez da modestia, baina ez dut uste kasualitatea edo gure meritua denik hori, nire iritziz zirtzilak berriz ere modan jarri dira horien boza behar genuelako memento honetan. Erran nahi baita dantzak egin zuen nonbait porrot, galtzen zuen bere indarra eta mamia, eta zerbait behar zen horren suspertzeko. Ez baginen gu izan edo hilen zen edo beste norbaitek ezarriko zituen zirtzilak berriro, antzerkiaren boza behar baitzen momentu horretan.

Liburua eskainia da euskal dantzariari, iparraldean hasteko gazte guztiak sartzen direlako euskal kulturan dantzaren bitartez. Momentu batez ikasten dituzte dantzak eta badoaz, errugbira edo beste zerbaitera… zergatik joaten dira? Antzerkia falta delako. Ez baita dantza bakarrik, ez badira bertsoak eta jokoa ondoan egiten dena ez da gai erantzuteko adin guztietan eta gizarte edo jendarte guztietan diren problemei. Hunkitzen dio horrek antzerkiaren behar funtsezkoari, eta hor hunkitzen dugu Artaud, hor hunkitzen dugu Grotowski edo Brook… zergatik egiten dugu antzerkia? Artaudek dio bortizkeria behar dela, haragi hori behar dugu ikusi, errealitatearen mekanismoa erakutsi gure jendarteari emaitza higuingarria edo zikina izanik ere. Jokolariaren funtsa da lan zikin hori. Liburuak horrelako problemak nahi ditu pausatu. Nik zergatik nahi dut izan antzerkilari, zer erran nahi dut? Prest niz adibidez arrakastarik ez ukaiteko edo akerbeltza izateko sozietate batean?

EZTENA Euskal artedramaren zentzu bat zabaldu duzu liburuan, nola murgiltzen zara Artedramaren ideia horren barruan.

Brookek aipatzen du situazio hori non pertsona batek zerbait egiten duen eta besteak so egiten duen, hori da antzerkia. Eugenio Barba urrunago joaten da, erraiten du badela gorputzaren mintzo bat, kultura bakoitzean eta hizkuntza bakoitzean propioki ematen dena. Jacques Lecoq-i ikusi genion behin bideo bat adibidez, jatorri ezberdineko artistekin lanean, zeinean ikusten zen kultura bakoitzean jatearen keinua ez dela fisikoki berdina. Hortik tiraka ikusten da zuzendaritza elebiduna ez dela posible, hizkuntzek inposatzen dute estetika oso ezberdin bat. Hori izaiten ahal da edozein gauzarekin.

Bertsolari bat biziki minimalista da, suspensea instalatzen du oso ondo, adibidez Andoni Egañak, Lazkao Txikik ere egiten zuen… bertsoetatik jiten den kontatzeko molde hori izigarri azkarra da. Lartzabalen antzerkian bada beti pertsonaia bat bertsolaria dena, eta bertsolaritza maite baduzu badakizu nola antzeztu behar den, ze keinu egin behar den, ikaragarri minimalista izan behar dela. Lengoaia hori sartzen da artedraman, berdin da kantuena, manifestazioetako martxak… hori guztia sartzen da gure ondarean, Artedrama erraiten dudalarik nik erraiten dut antzerki sistema kodifikatu zaharrak, horren barnean gero bada estetika bat guk jokoan deitzen duguna “ongi hartzea”.

Nik badakit hasi nintzelarik antzerkian jende batek esaten zuela “ez da ontsa ari, soberan ari da”. Ez zen sartzen orduko estetikan joko hori, sobera demostratiboa zen, edo sobera mugitua… antzerkilaria hor zen dantzariak egiten zuena ez egiteko, zuk dantzari gorputz batekin egiten baduzu antzerkia nahasten dituzu rolak, eta orduan kodeak ere bai, eta ezin irakurria bilakatzen da. Baina nik uste dut saihestezina zela, erritmoa aldatu delakotz. Lehen erritmo mantsoagoan egiten zen dena, Xalbadorrek kantatzen zituen bertsoak oso emeki, Lizaso haren ondoan biziki fite, alta biak euskaldunak ziren baina ez dira kode berak.

Zuk nahi baldin baduzu antzerkia zure egin, hori guztia jakin behar duzu, eta horretarako dago teoriaren beharra eta eztabaidaren beharra, eta uste dut egiaren beharra.

PUBLIKOA-2 Gure teatroak har ditzake tradizioko gauzak, baina gaur egungo garaiak nahasketa ekarri du. Transmisioa eten egin da, eta postmodernitate horretan denak balio du. Hori nola bizitzen duzu? Gauzak nahasten ditugunean kodeak galdu egiten dira, baina iraganeko kodeak ere benetakoak ziren?

Nik uste dut dena zilegi dela, egiten ahal ditugu esperientzia guztiak, baina kontziente izan behar gara esperientziak direla. Egiten badugu ikuskizun bat biziki lagundua, erranen da “bai genial zen”, balio du edo ez zerbait esateko, baina ez du balio geroko. Horregatik enetako oso inportantea da maskarada edo libertimendua egon dadin, erritual horiek denak biltzen dituztelako. Jokoaren ostean ostatura sartzen zara gero eta hor dira denak, haurrak, zaharrak…

Benetako ateratzea eta kultura bi gauza dira. Orain antzerkia zer da? asteburu batean dendetan so egin eta gero egiteko zerbait. Ene ustez aisialdia, turismoa eta bidaia ez dira gauza bera. Horregatik erritualen istorio hori izugarri inportantea izan da. Gero, kausitua izan da, xiberutarrek armadatik ekarri dituzte balett urratsak, sartu dituzte maskaradan eta sartu da, nola egin duten nahi nuke jakin! Gauzak sartzen dira, herritartzen dira, imajina ezazu Nafarroa gaitarik gabe… baina hori nola bilakatzen den herritar beste gauza bat da. Nik uste dut arras libre dela, sorkuntzaren moda horrekin ez dut fitsik kontra, baina horrek ekartzen zaitu gauzak nahasterat: ideia bat dut egina, den ber behar dut eman anitz lekutan, eta ona da definizioz egin dudalako. Eta herriak ez badu hartzen bilakatzen zira kultura batekin arras artifiziala, kontsumozkoa. Hori beste gauza bat da. Nik aipatzen dut jendarte bat egituratzen duen kultura bat, jendartearen odola, zerk egiten duen jendartea. Iparraldean adibidez horrek inportantzia handia du, euskarari ez zaiolako besterik emoiten, ez da izanen legerik ez eskolarik ez deus. Edo kulturak hartzen du bere betiko odola, alegia edo kausitzen du euskaraz hori egitea, bai transmisioa bai kultura bai sorkuntza bai egituratze hori, edo ezer ez.

Bestetik, “hori horrela da” esaten da tradizioari buruz, bai baina noiztik? Liburuak nahi ditu gauzak ezarri beren testuinguruan, ez hori erreproduzitzeko beti, baina bai konprenitzeko zer eskatzen duen kultura antolatu batek, eta eskatzen du errotze politiko hori, sozietate hori, errespontsabilitate hori.

Jokoa aitzinatzen da jokolari handiekin, momentu batez. Jokolari on batek edo bertsolari on batek behar ditu neurriz kanpoko bertsoak entzunarazi. Hor ere bada debate bat, zer den neurriz kanpoko bertsoa, bertso txapelketako finalekoa? Nik ez dut uste. Baina nork epaitzen du hori?

PUBLIKOA-3 Kontua da esperimentazioa zertaz elikatzen den, nola egiten den, zein zilegitasunez egiten den. Antton ari da beste maila batetik, ezberdina da hegoaldea eta iparraldea, iparraldean oraindik bizirik daudelako hainbat kode, hegoaldean ez bezala. Kasik dekoratibo bilakatuak zirelarik, Anttonen lanetik dimentsio gaurkotua hartzen dute kode horiek. Euskara edo hor kokatzen da, edo bestela jai du euskarak. Teatroak ekartzen du euskara periferiatik zentrora, Lizeoan egiten duen lanaren kasuan. Tipularen muina bizirik dagoenean, edozer influentzia on, muinik ez badago edozer txar edo dekoratibo hutsa. Hori gerta ez dadin, aurki dezagun gure muina, hori galtzen badugu dena galtzen dugu. Hegoaldean kodeak galdu ditugu, badira batzuk (bertsolaritza, dantza, ihauteriak…) baina ipar-hego ez ote gabiltza bi planotan, ez daudenak kontrajarriak baina perspektiba ezberdinak eskaintzen dituztenak.

Ez dira aurkako gauzak, hasten girelarik egiten. Zuk nahi duzu gauza bat erran, eta ikusi duzu demagun Pragan zerbait; erabili egiten duzu delako tramankulu hori, muntatzen duzu, sortzen duzu estetika bat. Pasatzen bada, kausitu duzu. Ekartzen duzu kanpoko kode bat, egin izan dut Lizeoko ikasleekin adibidez, sartzen duzu hor eta martxan da, funtzionatu da… bon gertatzen da ez dugula errepikatzen eta galtzen dela, baina uste dut zilegi dela egitea. Problema da nola sartzen den delako alfabetoan, gure hiztegira nola pasatzen den.

Liburuan aipatzen dut zirtzilaren estetika hori. Zer da sobera ongi antzeztea? Hori lotua da kodigo sistema honi, erran nahi baita antzerkilaria da bertsolari hutsegina, edo bertsolari ez heldua. Beraz behar da inperfekzio bat atxiki. Hori gazteek egiten dute hobeki edo artista handiek, baitakite gelditzen, ez bukatzen… nik uste dut delako inperfekzio hori funtzionatzen dela aldi guztiz. Kausitu behar da joko inperfektu hori, hau gure kodigoetan da, zirtziletan adibidez.

EZTENA Nik hegoaldetik oso urrun ikusten dut, planteatzen ari bagara Artedramaren dimentsio politikoa, espazio huts bat eraikia herritarren artean non debatea eta kritika dagoen, non kontraboterea egon daitekeen, hori herri kulturatik jaio behar dela ematen du. Hegoaldetik bizi dudan bezala antzerki taldeak sistema kulturalari oso lotuak dira, herriaren errealitate batetik banatzen zaitu horrek, oso zaila da komunikazio hori, teatroaren arloan herri kulturan indarrez ematen dena. Hemengo taldeak dimentsio kritiko hori gauzatzeko oso harrapatuak daude, antzokiei eta kontratuei lotuak…

Nik uste dut preseski antzerki amateurraren lana dela hori. Eta orain ikusten dugu amateurrek nahi dutela profesionalarena egin, eta nonbait tronpatzen dira biak. Bi eremu dira, antzerki amateurrak eraikitzen du erritual hori, gomita hori, erakartasun hori. Jendea joanen da baitaki gai bat hor tratatua izanen dela, ongi edo gaizki.

Gertatzen delarik Xiberuan bezala maskarada badela eta emanen dela hamabi igandez segidan, uste dut dela altxor bat dela eta krimen bat dela galtzen uztea. Erritualak adibidez, bertso txapelketaren finala adibidez, hori ez bada errituala eta ez bada sakratua ez dut ikusten zer den. Uste dut erritu urbanoak egiten ahal direla, nonbait badirela ohidura batzuk aski fite finkatzen direnak, zerbait funtzionatzen baldin bada espazio bat sortzen ahal da, eta gero badira aukerak, ez anitz agian baina bai bi edo hiru hitzordu. Hor egiten da eta aukera bada beste zerbaitetan sartzeko ondotik, delako dei hori egina delarik.

Libertimendua aipatzen dut ez delako konparatzen ahal festa bat antolatzeari bakarrik. Hori da trabesa, erran nahi baita kulturari zer emaiten diogun, eta zer leku ukan behar duen.

luku 3

——————————–

Mugitu dira aulkiak, dantza egin dute eztarriek, jendeak hartu du hitza. Bertan amaituko dugu solasaldiaren isla labur hau, iritzien haria piztu bazen ere. Trabesak bere egin ditu bertaratutakoen iritzi eta esperientziak, zorrotz eta gertuko, Libertitzeaz liburuaren ildotik.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Antton Lukurekin solasean

  1. Amaiur says:

    Egun on,
    Mintzaldi bikaina, kazetari edo animatzaileen lan interesgarria galderen aldetik, Libertitzeaz liburuan aurkeztu ideia batzuk ongi argituak direlako hemen. Aspaldi idatzia duzue hau, barkatu beraz ene beranta. Bada hutsño bat Antton Lukuren erranen transkripzioan. Garazin gehiegi jaten omen ditugu hitzak : “artzea” ez da heldu “hartu”.tik, baizik eta “aritu”.tik. Aktore ona, antzerkian “ongi ari” da. “Ongi ar(i)tzea” aipatua da beraz hemen…
    Besterik gabe, izan untsa.