Azkenaldian argitaratutako hainbat liburu

Udaberriak ekarri dizkigun tituluen zerrendako alerik berrienak gerturatu nahi izan ditugu albiste honetara. Literatur saiakerak, itzulpenak, biografiak.

u

Udaberriak utzi dizkigun titulu berrien artean Uberanen aski aipatu gabe geratu zaizkigunak ekarri nahi izan ditugu gogora:

Hemen naiz, ez gelditzeko baina. Egilea: Markel Ormazabal. Gibel-solasa: Iratxe Retolaza. Argitaletxea: Txalaparta.

u

Kartzelaren munduetan murgilduko gaitu egileak kronikaren bitartez, esperientzia propioetatik zein besteenetik, kartzelari buruz hainbatek idatzitakoak, kantatutakoak, sentitutakoak estekatuz. Iratxe Retolazak “Kartzela-kronikak eta kartografiak. Subjektu kartzelatutik kartzela-subjekturantz”. Honela dio aurkezpenak:

“Kartzela-kronika honek Lisabören kantu bat hartu du izenburu, musika-oihartzunez zipriztinduta baitaude orriok. Eta kantu-bilduma hori iparrorratz hartuta, kartografo-lanetan dabil egilea.
Angelu-itsuz jositako geografiari aurrez aurre begiratu eta espazio herstuan arnasbideen xerka abiatzen da. Bilaketa horretan geografia du hizpide nagusi eta lekuaren askotariko ertzak aipatzen ditu: leihoak, ziega, galeriak, hormak… Mamutzar horren eraikuntza nondik datorren ulertu nahi du, harrapaturik duen mundu ankerraz jabetzeko. Horretarako ez du tokien deskribapenik egiten, ordea, kartzela-geografiaren askotariko diskurtsoak eta esperientziak biltzen ditu, eta era horretan esperientzia pertsonalaz haratago jotzen du, bizipen kolektiboa eraikitzeko.
Kartografo honek, beraz, geografiak irudikatuz, mapak bestelakotu nahi ditu, bere kokapenaz beste egiteko. Kronos baitugu kartzela baina, batez ere, topos krudel eta ikaragarria”.

ENTZUN liburuaren soinu banda BADOK atarian

Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari. Egilea: Oskar Arantzabal. Argitaldetxea: Pamiela.

azpilkueta

2013ko Julen Zelaia Saria jasota idatzi du Oskar Arantzabalek liburu hau. Biografia edo kontaera historiko hutsetik harago, gaurkotasunez beteriko gomutak egiteko darabil egileak saioa. Liburuari buruzko hitzaldi-solasaldia antolatu dute uztailaren 9an Donostiako liburu azokan.

“Lan hau, Martin Azpilkueta, Doctor Navarrus, jurista eta teologoaren pentsamendu ekonomikoaz lehen ikerketa monografikoa da, eta gure onerako euskaraz. Gainera, Azpilkueta abiapuntutzat hartuz, gaurkotasun handiko gai batekin lotzen da: gaur eguneko pentsamolde ekonomiko hegemonikoak ekarritako arazo eta krisiarekin”.

Plazeraren gau ilunekoak. Idazlea: F. Scott Fitzgerald. Itzultzaileak: Garazi Arrula eta Iñigo Roque. Argitaletxea: Elkar.

plazeraren AZALA.indd

Garazi Arrula Ruiz eta Iñigo Roqueren eskutik datorkigu F. Scott Fitzgeralden lanean murgiltzeko aukera berri hau, ipuinen bidetik.

“Hoteletako glamour eta festa pribatuetako poz kaskarinarekin hasi, eta bizitza alferrik galdu duenaren sentipen mingotsarekin amaitu, F. Scott Fitzgeralden ipuin antologia honek idazlearen bizitza eta ibilbidea laburbiltzen dizkigu. Ospea batez ere eleberriek eman zioten arren (eta eleberri horien zinemaratze ugariek), ipuingile trebe eta estimatua izan zen, bere garaian aldizkariek ondoen ordaindutakoa eta ehundik gora kontakizun ondu zituena.

Gaztetako ilusioak azkar usteldu zitzaizkion belaunaldi bat erakusten digu Scott Fitzgeraldek, dirua erraz egin eta errazago gastatzen duen aberatsen gizarte fribolo, axalekoa. Arinak eta alaiak dira haren istorioak, esku abil batek idatziak, baina estetizismo horren eta itxurazko aisetasunaren azpian halako behera-behar baten zantzuak ageri dira, salaketa morala eta amerikar ametsaren porrota”.

Zenbait poeta katalan. Itzultzailea: Gerardo Markuleta. Argitaletxea: Elkar.

zenbait poeta katalan

Gerardo Markuleta poeta eta itzultzailearen eskutik datorkigu Zenbait poeta katalan antologia, 1997an kaleratutako liburuaren bertsio gaurkotua.

“Gure inguruko hizkuntza gutxituen artean handiena den katalanak literatura nazional oparo eta aberatsa izan du, era berean; ez bakarrik Erdi Aroko aurrekari miragarriengatik, baita Renaixençaz geroztiko mugimendu ugari eta askotarikoengatik ere. Horren erakusgarri egokia dira Antologia hau osatzen duten poetak, XX. mende osoa hartzen dutenak: klasizistak eta abangoardistak, bere herriarekin eta kulturarekin konprometituak, beste hizkuntzetako poeten oihartzunak berera ekarri zituztenak, gaietan nahiz formetan berrikuntzak eta esperimentuak egin zituztenak… Idazle unibertsalak, orain geure hizkuntzan irakur ditzakegunak”.

Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat. Egilea: Marisol Bastida. Argitaletxea: Elkar.

mikel laboa biografia bat

Berrian egindako elkarrizketa luzean irakurri ahal izan genuen moduan, transmisio ariketa egin du egileak, esperientzia propioetatik eta luzez osatutako artxibo pertsonaletik tiraka. Jatorrizkoa gazteleraz idatzi du egileak, aldi berean kaleratu da euskarazko bertsioa.

“Mikel Laboa euskal kulturako azken hamarkadetako sortzailerik nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe.

Mari Sol Bastidak, biografia honen egileak, Mikelekin partekatu zituen lanbide- nahiz bizi-ibilbidea. Halere, lan hau ez da egilearen memorian bakarrik oinarritzen, hainbat eta hainbat agiri eta lekukotzaren zehaztasunean baizik. Horregatik da hau Mikel Laboaren biografiarik sinesgarriena eta osatuena.

Bestalde, Mari Sol Bastidak badu berezko ibilbide profesionala, gure herrian urte haietan oso ohikoa ez zena, kontakizun hau aberasteko balio izan duena. Horrenbestez, memoriak eta historiak, esparru soziokultural nahiz pertsonalean, bat egiten dute liburu honetan, artistarekiko eta bikotekidearekiko emozioarekin eta mirespenarekin batera”.

Ainarak herrira itzuliko dira. Egilea: Ibon Muñoa. Argitaletxea. Ataramiñe-Literatura koadernoak.

ainarak

Ibon Muñoa euskal presoaren 145 bertso eta olerkiekin osatutako liburua. Uztailaren 10ean aurkeztuko dute Eibarren.

Ibon Muñoa 2000ko urrian atxilotu zuten. Harrez gero preso daukate: Valdemoro, Kordoba, Burgos, Langraitz, Puerto I eta, 2014ko martxotik hona, Kordoban. 2011n Ametsen txokoan bizi naiz liburua argitaratu zuen, eta liburu horretako hitzak hartuta Eibarko hainbat artistek Ametsen txokoan musika CDa grabatu zuten 2012an.

2011-2013 tartean Puerto I espetxean idatzitako bertso eta olerkiak kronologikoki antolatuta bildu ditu oraingoan, Ametsen txokoan bizi naiz liburuaren ildo eta ordenari jarraiki.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.