“Kaosari omenalditxo bat egin nahi genion”

Erisen Txoko Ilunetik blogaren kudeatzaileekin izan gara solasean

Sarean gauza asko gertatzen dira. Eta batzuk, aski interesgarriak. Iaztik hona, martxan da Erisen Txoko Ilunetik izeneko bloga. “Izen berezi hau duen blogaren egileak bi gara, Ekaitz Uzin eta Olatz Sebal. Blogean argazkiak eta poesia uztartzen ditugu”, email bidez jakinarazi digutenez. Guri jakinmina piztu eta galdera-erantzun hauek trukatu ditugu Olatz Sebalekin. “Blogean jartzen duen moduan: Barruan uzterik nahi ez ditugun harritxoak botako ditugu, irudi eta hitz forman. Jolas bat da, irudi eta hitzena. Arau gutxi dituen jolasa”.

Erisen

Erisen Txoko Ilunetik bloga ipini duzue martxan. Zein izan zen atari hau martxan jartzeko arrazoi nagusia?

Elkarrekin proiektu asko egin ditugu, horien artean, pasa den udan, Ekaitzen argazki erakusketa baterako testu batzuk idatzi nituen. Hortik aurrera joan ginen proiektu hau gauzatzen. Bion adierazpen artistikoak elkarrekin ondo bat egiten zutela ohartu ginen, eta hortik zerbait interesgarria atera genezakeela. Blogean jartzen duen moduan: “Barruan uzterik nahi ez ditugun harritxoak botako ditugu, irudi eta hitz forman”. Jolas bat da, irudi eta hitzena. Arau gutxi dituen jolasa.

Erisen Txoko Ilun hori, non dago zehazki?

Eris kaos eta diskordiaren jainkosa da, ideia horri artistikoki zenbait buelta eman dizkiogu. Ideien anabasean eroso ere senti gaitezke, agian “ezarritako kosmos” edo ordenean baino erosoago. Horregatik kaosari omenalditxo bat egin nahi izan genion izen honekin. Erisen Txoko Iluna artea sortzen dugun lekua da, gure gogoa hain zuzen ere.

Harrapaezin

Noiztik dago sarean, eta zeintzuk dira blogaren atal nagusiak?

2013ko azarotik dago sarean. Alde batetik, eguneratzen goazen atala dago. Hor post berriak sartzen goaz. Blogean eguneratutakoa Facebooken ere aurkezten dugu “Erosentxokoilunetik Harrikadak” izenarekin.

Bestalde, beste bi atal daude egonkorrak direnak. Horietako bat lehen aipaturiko erakusketa horretan ditugun argazki eta testuekin osatuta dago “Iraganaren Lekuko”. Bertan abandonuaren ideiarekin bueltan gabiltza. Eta “Anonimoak” atalean, gizarteari edo komunitate jakin batzuei eskainitako postak daude.

Azkenik, “Laburmetraietak”-en, Ekaitzek (eta berarekin batera beste artista batzuk) eginiko laburmetraiak daude. Atal hau ere osatzen joango gara, seguruenez azaro ingururako beste laburmetraia bat gehituz.

Datorren hilabeteetan beste atal bat gehitzekotan gabiltza. Atal honetan musika ere uztartuko dugu. Gure abestiak eta poesiarekin zenbait lan egiten ari gara eta horri ere txoko txiki bat eskaini nahi diogu.

Argazkiak eta poesia uztartzen dituzue zuen blogean. Betidanik, ondo uztartu diren bi lengoaiak. Biak aritzen zarete argazkiak ateratzen eta argazkiei iruzkinak lotzen, edo zuetako bakoitzak alor bat lantzen du?

Ekaitz argazkilaria da, eta ni (Olatz) testuen egilea. Hasieran argazkiek inspiraturiko testuak ziren, baina gero zenbaitetan alderantziz ere jokatu (edo jolastu) dugu, hau da, nire testu bati Ekaitzek argazki bat erantsi dio. Beste modu baten esateko gu bion arteko solasaldiak dira.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.