Etorkizuneko telebista

BegoƱa Lasa kofradiakideak narrazio erotiko bat bidali du Hitzen Uberaneko uhinetara: Etorkizuneko telebista. Pantailak urtzean gertatzen denaz… Aingura Hegodun honetan.

Zabal dezagun sormenaren itsasoa. Bidali zure sormen-lanak! hitzenuberan@gmail.com

Eguerdiro bezala, azpila hartu eta egongelara joan zen. Egun hartan, aurrekoetan bezalaxe, entsalada bat prestatu zuen. Oraingo honetan, aurreko egunean geratutako pasta ipini zion letxugari gainetik. Arto ale batzuk, tomatea eta tipula aski izaten zituen Anek entsalada gozoa prestatzeko. Telebista piztuta zegoen iada, esnatu bezain laster, horixe egitea izaten baitzen haren eguneroko lanetako bat. Etxeko isiltasunean lasaigarria egiten zitzaion aparagailu hark igortzen zuen zarata, eta tartekako irudia: ohetik bainu-gelarako korridoretik ikustea baitzegoen, urruti bazen ere, pantaila. Komunetik sukaldera joateko bidean, erdi aldean zegoen ispiluan ere ikusten zen. Arratsalde on, erne gutxi barru ikusiko dituzuen irudiekin, gogorrak egingo baitzaizkizue, entzun ahal izan du, egongelako mahaian eserita dagoela. Begirada entsalada-ontzira jaitsi, eta letxuga hosto batzuk hartu ditu sardeskaz. Bitartean, hizkuntza ulerkaitzez adierazitako oihu batzuk ailegatu zaizkio. Tartean, “help” hitza ulertu ahal izan du. Soa berriro telebistaratu du eta aurrean aurkezlea jaka grisez jantzita dago.

Aspiradora pasatzen zuenean, ahotsa kendu ohi zion, jasangaitza egiten baitzitzaion bi tresnen artean sortzen zen sinfonia traketsa. Zenbaitetan, labea eta garbigailua aldi berean zituela eta, itzali beharra izaten zuen, argia joateko ikuskizunaren lekuko izan nahi ez bazuen. Telefonoz deitzeko, edo eta deitzen ziotenean ere, normalki ahotsa jaitsi egiten zuen, bakarrik zegoela adierazi nahi ez bazuen behintzat. Gorrotagarria gertatzen baitzizaion telefonoz bestalde zegoenak, Telebista ikusten dagoeneko? esatea. Zein bakartia edo aspergarria den zure bizitza esan nahi izango balio bezala.
Telebistari arreta ipini dio. Eguerdi on, entzun du. Telebistaren ezkerreko aldean, behean “Gorka Landaberria” irakurri ahal izan du. Atzokoan, jaka ilunxeagoa zeraman, pentsatu du. Bi egun lehenago, urdin iluna eta korbata marraduna; ile motza, ileapaintzaile behatz trebeek oratua eta harrotua; begirada ziurra, bekain gaineko zimur markatuak horrexen adierazgarri; ezpainen albo banatan agertzear dauden zimurrak; esku hezurtsuak, mugimendu sotilez dantzatuak. Eguerdi on, aurkezleak berriro. Sri Lankan, bonba leherketa izan da gaur goizean…eta horren ondorioz, 50 hildako eta zauritu ugari izan dira. Atzerriko prentsa-ajentziek jakitera eman dutenez… Aneri ahorako bidean, letxuga hostoa erori egin zaio eta etxean egoteko erabiltzen duen Woman Secreteko alkandora luzea zikindu. Aurkezlea jiratu egin da atzeko aldean daukan pantailarantz. Sri Lankan dugun Jaione Urtsuegi lankideak emango dizkigu argibide gehiago. Anek komunera hurbiltzeko aprobetxatu du, eta han koipe-orbana ikusi ahal izan du. Ispiluan agertzen den aurpegiari begiratu, eta arkatzez begiak zertxobait nabarmendu ditu. Berriz itzuli da telebista aurrera. Jaka griseko gizona berriz ere aurrez-aurre dago. Paperak pasatzeari ekiten dio azkar, eta, ohi ez bezala, keinu bat egin du. Gurean nekazariek, Europak ezarritako baldintzek bere horretan jarraitzen badute grebari ekingo diotela iragarri dute. Anek tomatea eta arto aleak ahora inguratu, eta murtxikatu bitartean, ezpain eta lepo aldea laztandu ditu. Jaka griseko gizonari izerdia dario eta urdindutako ilea belztu egin zaio. Neskak, lapikoaren beheko aldean ozpin-koipez bustitako letxuga aho-gozatu artean, eskuez koipe-orbana bilatu du, titi-burutik hurbil. Kirolekin hasi aurretik, jarraitu nahi izan du aurkezleak, et…Gourette eski estazioan dagoen…Anek alkandoraren irekitasunetik eskua sartu eta laztantzeari ekin dio. Pantailara begiratu du, han du berriro aurkezlea. Honek dagoeneko kendua du jaka, askatua korbata, eta paperak mahai gainean sakabanatuta. Kirolekin hasteko, et…Neskak alkandora kendu du, sofa gainean etzan da. Aurkezlearen mahai gainean gerriko bat ageri da. Alkandorako botoiak irekitzen hasi da, ia puskatzeraino…Anek ez du titi zorrorik jada, bularrak agerian…begiak itxita. Aurkezleak, praka hutsetan pantaila zeharkatzeari ekin dio… Ane Gorkaren bularraldea laztantzen hasi da, bidean aurkitu dituen ileekin jolastu eta behatz artean kiribiltzen…Arratsalde on, gaur Gourette estazioan pistetan barrena murgiltzeko egun aparta izango dute zaleek…eguraldi iragarleak.

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>