Egunero esnatu behar dudalako: Fikzioa eta errealitatea

Villefranche sur Saône-n preso dagoen Oier Gonzalez Bilbatuak testuak, gogoetak, eguneroko bizitzaren zertzeladak bidali dizkigu, ‘Egunero esnatu behar dudalako’ tituluarekin. Gaurkoan bigarrena: Fikzioa eta errealitatea, oraingo honetan egilearen beraren marrazki batekin lagunduta. Nahi duenak Gonzalezek zabalik duen Zithal lili bloga ere bisitatu dezake (Baudelairen Les fleurs du mal euskaraz Miranderen itzulpenean).

Fikzio bat idaztean, fikzioak berak zenbat du asmakizunetik eta zenbat errealitatetik? Errealitatearen hariaz jositako fikzioak ateratzen zaizkit tekla artetik, ezin ekidin dezaket, zer edo zer asmatzeko oinarriak erreala behar du izan. Oinarri horri ertzak nabarmenduz edo ezkutatuz errealitate berriak (hain berri ez direnak beraz) sortzen ditut, ferietako ispilu magikoen antzera. Bertan islatzen dena aurrean paratu den horren irudi fikzionatua besterik ez da.

Hutsetik zerbait sortzea posible ote da? Ezerezean eraikitako sormen lanik ba ote? Bizi garelako sortzen dugu eta arnasa hartzen dugulako bizi gara, arnasa hartze soilak gure inguruarekin lotzen gaitu eta oinarri oinarrizko lotura honek jada badu gugan nolabaiteko eragina. Estimulua eta sorkuntza biak elkarren eskutik doaz, zerbait sortu ahal izateko dena delako bultzada bat behar da, alta, estimulua zertan oinarritzen da zera erreal batean ez bada? Noiz uzten dio errealak izateari? Non dago muga? Pertsonaia bat sinesgarria izan dadin, errealitatearen zantzuak nabaritu behar dira, baina nabarmenegi egin eta fikzioa bera pikutara doa.

Fikzio bat eraikitzeko ahaleginean, goiz erdia beregan pentsatzen igaro dut eta patiora jaistean kabinatik deitu diot, bere ahots erreala entzuteko beharra nuen. Eta orain zalantzan naiz ea errealitatea ote den fikzioa gainditzen duena, edo alderantziz fikzioa ote den errealitatea gainditzen duena.

Oier Gonzalez Bilbatua. Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 25.

Zabal dezagun sormenaren itsasoa. Bidali zure sormen-lanak! hitzenuberan@gmail.com

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>