Xabier Etxaniz Rojoren liburu gomendioa

Las bellas extranjeras liburua proposatu digu

Bere literatur ibilbidean ipuingintza da gehien jorratu duen generoa. Lau ipuin bilduma argitaratu ditu: Begiak itxi eta kitto (Elkar), Hamar manamenduak (Erein), Nork bere ozeanoa (Erein),   Txatartegirako ipuinak (Erein, 2010) eta Sirena hotsak (Erein, 2013). Ipuingintzaz gain, beste genero batzuk ere jorratu ditu. Mircea Cartarescu idazle errumaniarrak idatzitako Las Bellas Extranjeras liburua proposatu digu.

xabieretxaniz

Hiru narraziok osatzen dute Mircea Cartarescu idazle errumaniarrak idatzitako “Las Bellas Extranjeras” liburua eta hiruretan Cartarescu bera da protagonista. “Antrax” izeneko narrazioak ematen dio hasiera liburuari, irailaren 11aren atentatuen uberan idatzitakoa. Bertan, Cartarescuk jasotako gutun-azal susmagarri baten istorioa kontatzeaz gain, Errumaniako burokraziaren eta poliziaren erretratu dibertigarri bat eskaintzen digu. Gauza bera esan dezakegu “El viaje del hambre” izena daraman eta liburuari bukaera ematen dion narrazioaz. Oraingoan, baina, egileak Ceausescu diktadorearen garaietara eramango gaitu, hiriburutik urrun dagoen herrixka batera. Bertan Cartarescuk probintzietako idazle eta miresle “berezi” batzuekin egingo du topo eta, gosea ardatz, kontakizun zinez barregarria eskainiko digu.

Alabaina, “Las bellas extranjeras” izeneko narrazioa da liburua gorpuzten duena. Halako batean, Cartarescu eta beste hamaika idazle errumaniar bidali dituzte Frantziara, Errumaniako literaturaren ordezkari gisa. Frantzian gertatutakoek Frantzian geratu beharko lukete -edo, behintzat, hala esaten dugu gure lagun-koadrilan- baina Cartarescuk azaleratu nahi izan ditu, surrealismotik gertu dagoen kontakizun luze honetan. Idazle euskalduna naizen aldetik, oso bitxia iruditu zait egileak hartutako jarrera. Izan ere, narrazio osoan zehar Europako periferiako hizkuntza bateko idazlea izatearen zama sumatzen baita. Baina errumaniera periferiako hizkuntza izanagatik, Cartarescu literatura-sistema bateko partaidea da eta hizkuntza handietako literatura-sistemetan izan ohi diren aje berberak nozituko ditu, hala nola, idazleen arteko inbidiak, ezinikusiak, koipekeriak eta harreman gatazkatsuak.

Eta bitxia iruditu zait, hain zuzen ere, nik neuk horrelakorik ezagutu ez dudalako gure literatura-sistema ñimiñoan. Agian egon, egongo da, baina neuk ez dut ikusi. Eta ez dakit, baina agian guri ere horrelako zerbait komeniko litzaiguke, inguruko literatura-sistemekin parekatzen ari garen seinalea litzateke.

Literatura handiek dituzten onurak nahi baditugu, haien arazoak ere onartu beharko ditugulakoan nago.

Batik bat, Europako periferiaren periferia betierekoa ez izateko.

Eta, auskalo, agian Cartarescurena bezalako istorio dibertigarri gehiago idatziko genituzke…

Xabier Etxaniz Rojo

lasbellasextranjeras

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.