“Nire lanen lagin bat topatuko dute Ilustratzailearen Txokoan”

Estibalitz Jalónen irudiak ikusgai dira Aieteko Kultur Etxean

Irailaren 17tik abenduaren 14ra bitartean, Estibalitz Jalón ilustratzailearen lanek beteko dute Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoa. 2007an lehen lana argitaratu zuenetik, hogei liburutik gora ilustratu ditu eta hainbat sari jaso ditu (Juul saria, Etxepare Saria). Ibilbide baten gisa antolatu du erakusketa. “Umetan egin nituen marrazki batzuekin hasten da ibilbide hori eta azken aldian egin ditudan lan esanguratsuen irudiekin amaitzen da”, halaxe aitortu digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian.

EstibalitzJalón

Jalon

Hiru hilabetez behin, irudigile baten lanak hartzen ditu Ilustratzailearen Txokoak. Estibalitz Jalónen txanda da oraingoa. Bere ibilbideaz eta erakusketan jaso duenaz jardun dugu ilustratzaile gasteiztarrarekin.

Zer da erakusgarri ipini duzuna Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan, azalduko al diguzu?

Nire lanen lagin bat topatuko dute. Ibilbide moduko baten itxura du. Umetan egin nituen marrazki batzuekin hasten da ibilbide hori eta azken aldian egin ditudan lan esanguratsuen irudiekin amaitzen da. Nire lanaren sormuina ezagutuko dute, akaso eraginen bat sumatuko dute nire lanetan eta bide batez, nire eboluzioaren lekuko izango dira.

Sari pare bat jaso eta 20 bat liburu osatu dituzu. Ez da ofizio erraza izango, garaiak ez dira onenak, baina zure ametsa betetzen ari zarela esan al daiteke?

Jendeak nire lanarekin gozatzeko aukera izatea,  hori da nire kezka nagusiena. Eta horrela bada, ni pozik. Ez dira urte errazak izan. Lan asko egin behar izan dut eta nire buruari eskatu diot. Ofizio honek sorrarazten duen ezezagutzaren aurka eta nire zalantzen aurka borrokatu behar izan dut. Baina merezi du. Eta esker onez nago.

Zein proiektu dituzu orain eskuartean? Azaltzerik bai?

Bi liburu amaitu berri ditut. Joxemari Iturralderen bat, Erein argitaletxearentzat eta Xabier Olasoren beste bat, Edelvives-Ibaizabal argitaletxearentzat. Eta orain, ilusio handia egiten didan beste lan bat dut mahai gainean. Pio Caro Barojaren inguruan egingo dut lan eta bere familiako kide batek egindako idatzia ilustratuko dut. Oso lan berezia izango da.


 

Ilustratzailearen Txokoa 

Asteartetik ostiralera: 16:00 – 20:30.

Larunbatak: 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00.

Igandeak: 10:00 – 14:00.

Astelehenak eta jaiegunak: itxita.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.