Markel Ormazabalekin solasean

Jon Markel Ormazabal Gaztañagak Hemen naiz, ez gelditzeko baina liburua kaleratu berri du Txalaparta argitaletxearen eskutik. Kartzelan idatzitako liburua da hauxe, kartzela ulertzeko beharrak idaztera bultzaturik.

markel1

 

 

u

 

Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?

Liburua ia ia osorik kartzela barruan dago idatzia. Lehenengo atala da kanpoan idatzia dagoen bakarra. Nolabait definitu beharko banu esperimentu bat izan da, ia ia sorpresaz atera dena, ondo ateratzen diren esperimentu guztiak bezala.

Kartzelara eramango gintuztela bagenekien, maiz esan dugu non amaituko genuen. Bertara iritsi aurretik buruari ematen dizkiozu bueltak: hainbeste denbora pasa behar dut, nire kasuan sei urte, zertarako baliatuko dut denbora hori? Nire asmoen artean ikasketak burutzea zegoen, baina horrekin batera beti eduki dut marrazketan ez bazen idazketan halako sormenerako gogo berezi bat. Beti esaten nuen: kartzelara iritsi eta idatziko dut poesia, idatziko dut bertsoa, nobela, saiakera, komikia marraztuko dut… hamar mila gauza egingo ditut. Heltzen zara bertara eta konturatzen zara denbora kalean bezala ere azkar pasatzen dela. Hasi nintzen kartzelari buruzko bilketa lana egiten, eta urtebete eskas geratzen zitzaidanean kalera irteteko forma ematen hasi nintzen. Liburua publikatzera zihoanean urte eta erdi neraman kalean ia, eta banuen halako behar bat kalera irten ondorengo bizipena bera liburuan bertan azaltzeko. Liburuak ez zuen sarrerarik, eskerrak ere eman gabe nituen, eta lehenengo kapitulua baliatu nuen horretarako.

Nola egiten da horrelako dokumentazio lan bat egoera horretan?

Lehenik eta behin kartzelariekin borrokan, zeldetara miaketan etortzen ziren bakoitzean karpeta meta ikusten zuten han informazioz betea, sekulako liskarrak edukitzen genituen beti, esaten zutenez ez zutelako baimendurik hainbeste paper zeldan edukitzeak. Nahiz eta forma aurreikusia eduki ez, banekien kartzelari buruz zer edo zer egingo nuela eta kartzelari buruzko informazio guzti hori pilatu nuen, non nengoen edo non neukaten ulertu ahal izateko modu bat zelako ere.

Maiz presokide lagunek kartzela enbutu baten moduan definitzen zuten, janariarekin edo gosearekin lotuta sarri. Enbutuaren zatirik zabalenetik sartzen gaituzte kartzelara, eta sartzen gara pentsatzen irtetean sekulako sagardotegiak egingo ditugula, sekulako txuletak jango ditugula… Denbora pasatzen da, inbutua estutzen doa, kartzelatik irteten zarenerako bi arrautza frijitu duin ondo eginekin eta bertan bustitzeko ogiarekin pertsonarik zoriontsuena zara. Beste asmoekin berdin, konturatzen zara denbora pasa ahala inbutua gero eta meheagoa dela eta hasierako asmo horiei guztiei bide emateko azkenean geratzen zaizun bidea estua dela. Horregatik, irten dena hauxe izan da.

Informazioa nire kabuz biltzen joan nintzen. Horrelakoetan aurkitzen duzun informazio horretan beti daude hari berriak eta horiei tira egiteko beharrezkoa izaten da kanpoko lagun eta senideen laguntza. Nire kasuan etxekoei emandako lan kargarik gabe ezinezkoa litzateke informazio guztia bilatzea. Beste kartzeletako lagunen bitartez ere maiz informazio dezente jasotzeko aukera eduki dut, gutunen bidez.

Sentsazioa da ezin dela horrelako liburu bat idatzi ez baduzu ezagutu edo bizi izan horrelako zerbait, baina era berean ez zara abiatzen sobera kontakizun pertsonaletatik. Zein neurritan da pertsonala kontatzen duzuna?

Pertsonala da non naukaten ulertzeko niregandik abiatzen den ariketa bat delako: kartzela bera osatzen duten espazio ezberdinak aztertzen edo ikertzen, kartzela bera den munstrotzar handiago horren baitan. Nik esango nuke kapituluren batean badagoela nik bizitako zenbait kontakizun, lehen pertsonan idatziak. Kapitulu guztietan azaltzen den zirt edo zart lehenengo pertsonako zerbait. Baina hori ere ez da aurreikusia izan, gehiago izan da zailtasunaren ondorio; barruan sekulako mugekin egonda komunikatu ahal izateko, baldintza eta zailtasun guztiengatik, gutunak idazten ditugunean ere kontuz eta tentuz ibili behar gara kontatzen dugunarekin. Esan dudan bezala hau idazten hasi nintzenerako bost urte paseak nituen eta ohitura txar edo bizio batzuk ere hartuak nituen gutunei zegokienean.

Hau idazterakoan ariketa inkontziente hori egin nuen: kartzelaren aurrean edo kartzelako arduradunen aurrean kontatu nahi dudanarekin ni biluztu beharrean, biluzte hori egin egin gabe kontatuko dut. Nire ustez uste erreparatzen baldin badiogu kartzelan idatzi diren euskal testuei, gehiengoei gertatzen zaigun zerbait da.

Bai aipatzen duzu zenbaitetan beste kide batzuek aipatu dizkizuten gauzak, adibidez hau: “Une labur batez bada ere, musikaren bidez lau hormen artean gatibu zarela ahantzi egin dezakezu eta aske izatera iritsi. Gorka Lazkano errenteriarraren hitzak dira, preso daukaten edozein musikazalek bere egin ditzakeen hitzak”. Gauza bera esan liteke idazteaz?

Bai, argi eta garbi. Esan behar dut bulkada nagusia ni horrelako abentura batean sartzeko Jokin Urainen Errotarria eta Ez dago etxean liburuen irakurketa izan zela. Urainek bereziki Ez dago etxeanen behin eta berriro azpimarratzen du kartzelan idaztea zer den presoarentzat, etengabe lotzen du ihesaldiarekin, fikziozko ihesaldi batekin eta horrek sortzen duen askatasunarekin. Topiko bat dirudi baina idazketan sartzea, horrelako sormen ariketetan sartzea kartzela barruan bada ihesaldi bat eta bada askatasuna ere.

Apur bat horrekin lotuta, beste aipu bat: “Kultura kaiolako sarrera-lekuan presoa berriz noiz irtengo zain geratu den zera ezezagun hura da”. Funtsean, zer da kultura presoarentzat?

Horixe bera da kultura presoarentzat. Aipu hori musikaz hitz egiten dudanean dago sartuta, preseski musika instrumentuen fabrikazioari buruz ari naizenean, Gorka Lazkano aipatuta beste behin. Ni melomano hutsa naiz, musikazale porrokatua eta musika egiten saiatua ere bai. Musika lortzea sekulako ezintasuna da kartzela barruan. Guk bagenuen zortea espetxeak berak zerbitzu hori ahalbideratzen zigulako, beste espetxe gehienetan (estatu espainolean bederen) gauza ezinezko bat zena. Musika bagenuen eta musika instrumentuak lortzeko eskariak ere behin eta berriro egiten genituen, eta hori etengabe ezezkoa zela esaten ziguten, segurtasunaren izenean. Liburutegira joateko aukerarik ez genuen, tituluen halako zerrenda bat pasatzen ziguten baina haien hiru laurdena ez zegoen liburutegian. Geratzen zitzaigun kultur adierazpide bakarra telebista zen. Egiteko baimena genuen aktibitate bakarra pultserak egitea zen, ez ziguten besterik uzten. Kulturaz egiten genuena guk gure kabuz egiten genuena zen, hortik aurrera espetxeak zailtasunak, ezintasunak eta debekuak besterik ez zizkigun eskaintzen.

markel2

Musika oso presente dago, titulutik bertatik.

Kartzela definitzeko mila modu egon daitezke. Definizio labur bat egitearren kartzela ezintasun handi bat da. Ezintasun handi bat mugapen eta debekuez inguraturik zaudelako, musikaren kasuan hori gertatzen zitzaidan. Liburuaren titulua Lisabören kanta baten titulua da, barruko testuen edo kapituluen tituluak ere musika talde ezberdinen kantuen zatiekin osatuak dira. Hori ere bazen modu bat erreferentzia bat edo keinu bat egiteko ezintasun horri, musikazale guztiok kartzelan bizitzen dugun ezintasun horri. Eta bazen ariketa bat ere, bertan azaltzen direnak gaurkotasun handiko taldeen kantuak edo letrak dira, horiek bai lortu ahal izan ditut kartzelan modu ezberdinetan, kartzelako zerbitzuekin edo presoak eduki ditzakeen bestelako bideekin. Baina beste kanta batzuk oroimen ariketa bati erantzuten diotenak dira, ezin genituelako kartzelara joan aurretik gustukoak nituen gogoko nituen musika talderen lanak lortu. Ariketa interesgarria egin zait letra zati horiek testuetara ekartzeak. Kartzelan egin behar den gauzetariko bat da oroimen ariketa, oroimena atrofiatu egiten duen instituzio bat da kartzela. Ariketa honek oroimen hori bizirik mantentzen lagundu izan dit.

Musika erreferentziak oso presente daude, baita ere irakurgaiak, artikuluak, filmak… irakurlea inplikatzen ahal da horiek bilatzen, bide posibleak zabaltzen zaizkigu, eta era berean oso modernoa izan daiteke Interneten garaiotan estekatzeko dugun joera ikusita.

Liburua bera collagea da. Azalak ere sekulako definizioa egiten du barruan aurkitu daitekeenaz. Azkenean bai, uste dut badela gure belaunaldiaren ondorioa horrela funtzionatzea eta horrelako loturak egitea. Hori bai, kalean ordu gutxi batzuetan egin ditzakezun hari bilaketa guztiak niri bost urtetako informazio metaketa bat egitea kostatu zait. Nire asmoetako bat bazen kartzela ulertzen saiatzea eta irakur zezakeen balizko irakurlearengan ere kartzelaren funtzio zer hori arakatzen hasteko gogoa piztea. Irakurleak nik egin dudan ariketa berdina egitea egin dezake eskainitako harien bitartez.

Collagea aipatu duzu, liburuaren maketazioak eta estetikak ere ideia horretara darama. Non gehiago dago collagea, liburuaren egituraketa eta testuen ordenean adibidez?

Badaude ondo ulertu ahal izateko jarraian irakurri behar diren kapitulu batzuk, baina orokorrean autonomoak dira, horrela idatziak izan direlako.

Bestetik, kartzelaz pentsatzen dugu askotan lau horma balira bezala, barrukoa zerbait oso estankoa eta oso geldoa izango balitz bezala, eta ez da horrela. Instituzio oso dinamikoa da mila gauzengatik, baina baita kartzela barruan dauden espazio ezberdinengatik. Idazten hasi nintzenean espazio bakoitzari arreta jartzen hasi nintzen, azkenean kartzela bera espazio guzti horien collage bat da.

Espazioez ari kontrazalean aipatzen da “geografia” hitza, “kartografo” hitza. Geografia murritza izan arren, askotan gauza txikietatik eta xehetasunetatik asko zabaltzen da.

Espazio murritza da kartzela, euskal presoentzat are eta murritzagoa lehenengo graduan sailkatutako preso izatearen ondorioz, preso arriskutsu kontsideratua izatearen ondorioz. Isolamendu patioetan edukitzen gaituztelako, hau da, kartzela barruko kartzela are eta txikiago batean. Nire kasuan behintzat horrela izan da. Gu geunden tokitik kartzela ikaragarri handia egiten zitzaigun, gure mugimenduak oso oso mugatuak zeudelako egunerokoan, esango nuke hogei pausuren buelta horretan ibiltzen ginela eta ez gehiago. Hogei ordu zeldan, lau ordu patioan, zeldatik patiora hogei pausu genituen eta gainontzeko pausu guztiak patio aldiko lau ordu horietan ematen genituenak ziren, eta puntu. Egia da maiz leihora gerturatzen ginenean eta ikusten genuenean alboko modulua, eta alboko moduluaren hurrengoa, bazela sentsazioa hor mundu bat zegoela. Guretzat asteburuetan musika geletara joatea bazen halako abentura bat, ehun edo berrehun metro linea zuzenean ibiltzen egiteko aukera eskaintzen zigun momentu bakarra zelako

Zoritxarrez kartzela pil-pilean dagoen gai bat da. Pentsatzen dut horrelako bizipen bat eta gero ezberdin irakurriko dituzula horrelako kartzela liburuak, ze garrantzia izan dute horrelako irakurgaiek lan honen azken emaitzan?

Zoritxarrez oso presente dagoen gai da kartzela, eta iruditzen zait denbora luzean egongo den gauza bat dela, kartzelak existitzen diren bitartean. Liburuan batez ere amaierako ataletan gogoeta horretara jo dut, galdera hau mahai gainean jartzera: gurea bezalako komunitate txiki batean beharrezkoa da kartzela bezalako instituzio sozial –edo aberrazio sozial bat- edukitzea? Nik uste badugula hor ariketa kolektibo ikaragarri handi bat egiteko herri honetan, amaieran esaten dudan bezala kartzelak irabazi gaituelako. Kartzelari buruz asko hitz egiten da herri honetan, baina hitz egiten dugu bereziki gatazka politikoaren ondorioei lotuta, ez hainbeste kartzelak instituzio bezala gizarte batentzat suposatzen duenaren inguruan.

Bestetik, aitortzen dut kartzelatik atera naizenetik ez dudala kartzelari buruzko testurik irakurri. Badut gogoa orain Josu Martinezek atera duen ihesaldiei buruzko liburua esku artean edukitzeko, baina bestela ez dut ezer irakurri. Zortea izan dut Jokin Urainekin kalean egon ahal izateko, baina ez dugu kartzelaz jardun inongo momentutan. Dena den, kartzelaldian zein kanpoan lagun ezinbestekoa izan da niretzat Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburua, jenialtasun bat iruditzen zait, kartzelako sei urteetan zeldatik inongo momentutan atera ez den liburu bakarra izan da.

Erreferentziak aipatzen hasita, Iratxe Retolazaren idatzi duen gibel solasa ekarriko dugu gogora: Kartzela-kronikak eta kartografiak. Subjektu kartzelatutik kartzela-subjekturantz. Nola osatzen du liburua lan honek?

Sekulako gozatua izan da Iratxerekin lan egitea, gibel solasaz gain edizio lanetan berak lagundu didalako. Oso modu naturalean eta errazean egindako elkarlana izan zen. Logika handiagoa edukiko horrelako testu batek Jokin Urainen Ez dago etxean liburuaren amaieran, Urainek egiten duena badelako espetxe literaturari buruzko hari bat botatzea 36ko gerratik gaurdaino. Egia da nik ere literatura erreferentzia asko erabiltzen ditudala eta Iratxek azkenean aipatutako literatura horren guztiaren irakurketa akademiko bat edo dela. Niri ere balio izan dit egin dudan lana edo ariketa ere hobeto kokatu ahal izateko. Iratxek eskaini didana hori izan da, egin duen edizio lanaz aparte lan hori burutu den testuingurua, kartzelaldia bera, ulertzeko bide bat. Uste dut irakurleari ere eskaintzen diola testuinguru hori.

Elkarrizketara ekarri nahi zenukeen beste gairen bat?

Bai, denbora. Denborari buruz gutxi hitz egiten dut testuetan, eta banuen kezka puntu bat, kontziente naizelako hemendik urte batzuetara kartzelaz oroitzen banaiz oroituko naizela denboraz. Azken finean kartzela bera ez da zigorra, zigorra kartzelan pasatzen duzun denbora da. Edo beste modu batera esanda, denboran neurtzen da presoari ezartzen zaion zigorra. Sarrionandiak esan zuen denboraz singularrean mintzo bagara ere denborak asko direla, bakoitzak berea daukala, eta kartzelak ere noski badu bere denbora. Nik uste dut presoaren borroka handienetako bat kartzelak ezarri nahi dizun denbora horri nork bere denborarekin aurre egitea dela. Idazketa ihesaldirako eta askatasunerako bidea izan daitekeela esan dugu, baina baita norberaren denbora horretan gotortu eta espetxeak ezarri nahi dizun denbora horri aurre egiteko modu bat. Denborarena bada pendiente dudan kapitulu bat.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.