Yolanda Arrietaren liburu gomendioa

John Steinbeck-en Saguak eta gizonak, Iñigo Errastik itzulia

Irakasle ikasketak egin zituen Yolanda Arrietak, eta baita Antzerkia eta Kultur eta Gizarte Antropologia ere. Idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzeaz gain, literaturara hurbiltzeko saioak egiten ditu haur txikien guraso eta irakasleekin. Hainbat liburu argitaratu ditu, halaber, haur gazte zein helduen literaturan. Liburu bat proposatzeko eskatu diogu eta  John Steinbeck-en Saguak eta gizonak liburuari buruzko iruzkina igorri digu. “Steinbeck-ek maisuki lortzen du irakurlea fikzioaren amaraunean estekatzea, prosa zuzen eta sentikorrez, elkarrizketa bizkor eta trama itogarri bezain indartsuez”. Halaxe dio Yolanda Arrietak. Iñigo Errastik itzuli zuen eta berarentzat ere badu aipurik Arrietak: “euskarazko jarioak bat egiten du John Steinbeck-en jatorrizko ingelesarekin, fikzio on ororen eremu komunean”.

YolandaArrieta

John Steinbeck, Saguak eta gizonak (Alberdania, 2012). Iñigo Errastik itzulia.

Saguak eta gizonak. Eleberri laburra edo ipuin luzea. John Steinbeck-ek 1937an sortua eta Iñigo Errastik euskara ekarri ondoren, Alberdania argitaletxeak 2012an argitaratua.

Bi eseralditan izan zen. Hasi eta bukatu. Eta halaxe adierazi nien liburuzainei: istorio bikaina eta itzulpen biribila. Horixe baitauka literatura onak, gai dela irakurlea bere izate ezagunetik atera, eta eremu arrotzetara eramateko bitarteko igaroaldia bidaia propio bilakatuta.

Izan ere, ia gizonezko hutsez osaturiko komunitate batean kokatzen gaitu Steinbeck-ek nobela honetan, eta zuzenean agertzen den pertsonaia eme bakarrak ez dio mesede handirik egiten emakumeoi buruzko ikuspegiari. Hala ere, Steinbeck-ek maisuki lortzen du irakurlea fikzioaren amaraunean estekatzea, prosa zuzen eta sentikorrez, elkarrizketa bizkor eta trama itogarri bezain indartsuez.

Osagaiak? Estatu Batuetako Beheraldi Handia, arrantxo handi bateko barrakoia, jabearen seme harroputza, artista-ametsetan bizi den emazte aspertua,  lanera etorritako gizonezko koadrila, agure maingua, kiratsa darion txakur xaharra, korta-mutil beltz konkorduna, mandazain apala eta iritsi berri den bikotea: Lennie kankailu motela eta George txiki bizia. Motorra? Bizi nahia, partekatu nahia, ilusio premia.

Lekuaren deskribapenak betetzen du lehen kapitulua, soseguz, irakurlea kokatze aldera. Protagonistak aurkezten zaizkigu bigarrenean, tonurik galdu gabe, baina ahotsak gehituz. Esanez eta akzioz marrazturik datoz gainontzeko pertsonaiak ere; eta, ondorioz, irakurleak ikusi egin ditzake guztiak, haien ibilera, gorpuzkera, hitz egiteko modua edota begiratzeko forma. Eta, ondorioz, irakurleak ulertu egin ditzake bakoitzaren konfliktoak ere –nahiak eta ezinak, ametsak eta patu aldaezina, denaren eta izan zitekeenaren arteko zuloa–, lehen lerrotik airean sumatzen den eten tragikoa barne.

Aitzitik, natural-natural gertatzen da dena, filma baten aurrean bezala, Iñigo Errastiren euskarazko jarioak bat egiten duelako John Steinbeck-en jatorrizko ingelesarekin, fikzio on ororen eremu komunean.

 

Yolanda Arrieta

Azala_SaguakEtaGizonak_Contornos

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.