‘Kristoren krisisa’

Begoña Lasa kofradiakideak sormen-lan berri bat bidali digu, Aingura hegodunak atalean topatuko duzue. Eguna umorez gozatzeko…!

Goizeko bederatziak. Euskaltegiko laugarren gela. Mahai gainean zenbait folio zabalduta, arbela garbi, eserlekuak mahairen barru aldean ipinita, argia piztuta, atea zabalik.
- Egun, on!
Lehenengo ikaslea sartu eta irakasleak agurtu du.
- Egun on!
Jarraian beste bi sartu dira. Geroxeago, laugarrena.
- Zer moduz asteburua?- galdetu die irakasleak.
- Primeran ezta?, erantzun du muturra sartu eta klariona hartzera etorri den beste irakasle batek.
- Beno- ekin dio, sorbaldak goratuz, ikasleetako batek- asteburua… lanean, guardia neukan eta. Nola esaten da: “a la mina”?
Irakasleak orduan:
- Lanera, zer erremedio!
- Erremedio…- ondoan dagoen ikasleak- erdaraz bezala!
Bosgarren ikaslea sartu da. Enkarguak egiteko gurditxoa dakar eta arbelaren txokoan utzi du.
- Marian, aspaldiko!- agurtu dute.
- Beste astean, lanean nengoen arratsaldean.
A la mina esan duen ikaslearen ondoan eseri da.
- Besteak ere lanean aritu zarete?
- Lanean, lanean, beno, emakumeak badakizu, beti…!
Seigarren ikaslea sartu epa esan eta atea itxi du. Ahotsa marrantatsu dauka, Billabong motxila lurrean utzi eta eseri egin da.
- Iker zu ere asteburuan etxean egon zara, ezta?- irakasleak.
- Noski, atzo, ohean…!- erantzun dio ikasleak.
Besteek farre algara egin dute. Eguna argitu du eta leihotik argi izpi bat sartu da.
- Kortina bildu, nahi baduzu- esan dio irakasleak leiho ondoan eserita dagoen ikasleetako bati.
- Ez ez ondo nago.
Beste ikasle bat iritsi da, arnasestuka dator.
- Egun on Leire!
- Itxoin pixkat…
- Zer gertatu zaizu?- irakasleak.
- Ufff! Ezin aparkatu, kotxe handi bat zegoen.
- “Kriston” kotxea, ezta?- irakasleak.
- “Kriston” kotxea?- errepikatu du Billabong motxiladunaren ondoan eserita dagoen ikasleak – ¿Zer esan nahi du “kriston”?
- Kriston vendrá de “kristoren”, “de Cristo”- ondokoak.
- Ah!, orduan, “el coche de Cristo”, “el papamóvil”- motxiladunaren ondokoak.
Ikasle guztiak algara bizian hasi dira.
Irakaslea arbelari begira jarri eta zenbait adibide ipini ditu.
- “Kriston” oso handia adierazteko erabiltzen da. Berez “Kristoren” da, baina, ahoz “kriston” esaten dugu: “Kriston eguraldia dago”, “Kriston kotxea”…”Bota zuek adibideak!
- Kristoren krisisa”- Billabong motxiladunak.
- Bai horixe, kristoren krisia- irakasleak.

Egia esateko urteak daramatzat euskaltegian. Lagunek ez dute ulertzen eta pilates, ingelesa edo beste zerbait egiteko esaten didate. Erabaki hartua dut, aurten ere matrikulatu egingo naiz. Sarrera-frogan dakidana baina gutxixeago ipiniko dut, eta listo! Zuek konprenitzen didazue, ezta?

This entry was posted in Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>