Ez idazteko arrazoiak

Bada idazleek gorroto duten galdera bat, behin eta berriz egiten zaiena: “zergatik idazten duzu?”. Hitzen Uberanen kontrakoa jakin nahi dugu ordea, idazten ez dena zergatik ez den idazten. Zeintzuk izan daitezke zerbait ez idazteko arrazoiak?



Isildutako hitzak gehiago dira beti esandakoak baino. Idazleak idazten dituen hitzak baino askoz gehiago pentsatzen ditu, eta idatzitakoen artean gehiago izaten dira ezabatutakoak argitaratutakoak baino. Badira nobelak kajoietan, poemak koadernoetan, ipuinak lurpean, antzezlanak itsasoan, saiakerak giltzapean, bertsoak eztarrian… zerbaitegatik idatzi ez direnak, abestu ez direnak, argitaratu ez direnak.

Zerbait ez idaztea erabaki duen idazle asko dago:

-Pako Aristik 2010eko uztailaren 11ko BERRIAn azaldu zuen zergatik ez duen antzerki obra gehiago idatzi, “Idazle antzerkizale baten kezkak” izeneko artikuluan: “oso bakarrik sentitu naizelako, zer egin ez nekiela, nora jo asmatu ezinik. Beste edozein literatur obra idazten duzunean, badakizu zer egin: argitaletxera bidali, eta erantzuna itxoin. Baina antzerkiarekin pentsatzen nuen: idatzi dut obra, orain zer egin behar dut honekin?”

Ez idazteko arrazoi bat izan liteke, beraz, idatzitakoarekin zer egin ez jakitea. Eta kajoia antzerkiarentzat toki txarra dela baieztatzen du Aristik:

“euskaraz idatzitako antzerki obra pila bat dago tiraderetan gordeta, lotan, alfer-alferrik. Horiek horrela egotea gure kulturak jasan ezin duen luxu bat dela iruditzen zait.”

-BeƱat Sarasolak ere erabaki zuen nobela bat ez idaztea, eta bere blogean azaldu zuen zergatik “oda nobela baztertuari (edo Erasmus belaunaldiaren zorabioa)” izeneko artikuluan.

“Zure burua Erasmus belaunaldian ikusten duzu?”. Halako galdera batek eraman lezake, beraz, idazlea nobela proiektu bat zaborretara botatzera.

Zerbait ez idazteko beste arrazoi bat izan liteke, hortaz, idatzitakoa idazleari gustatzen ez zaion moduan sailkatuko duten beldurra.

-Toti Martinez de Lezeak Gaur8-ko elkarrizketa batean aitortu zuenzergatik erabaki zuen istorio bat ez idaztea: “idaztekotan herritik alde egin beharko nuke!”, azaldu zuen, “Larrabetzun bertan 1583an gertatutako hilketa baten inguruko istorio interesgarri baten berri daukat, sekulako dokumentazioarekin… baina ezer ez idaztea erabaki dut. Zergatik? Edozein nobelatan onak, txarrak, zikoitzak, hiltzaileak egon behar dutelako, eta garaiko familiak egungo berberak dira! Zorrozuatarrak, Gaztelutarrak, Jauregitarrak, Amarikatarrak, Lekerikatarrak eta Mungiako Villenatarrak… denak azaltzen dira! “.

Hara, ez idazteko hirugarren arrazoi bat: ingurukoen sentimenduak mintzeko beldurra.

Gehiago bururatzen zaizkizue?

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>