Miguel Hernandezen poemak Josu Landaren ahotsean

Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratutako antologiaren harira, “Miguel Hernandez kantuz” errezitaldia eskainiko du Josu Landak hainbat lekutan. Gaur izango da lehen emanaldia, 19:00etan Soraluzeko Gaztelupe tabernan. Durango, Donostia eta Iruñean izango dira hurrengo emanaldiak.

miguel hernandez

Munduko Poesia kaierak bildumako bigarren labealdiaren aurkezpenean hartu zuen parte Josu Landak Miguel Hernandezen poemak irakurtzen. Donostiako Bukowskin egin zuten emanaldia, eta Landarekin batera Carlos Drummond de Andraderenak errezitatu zituen Koldo Izagirrek, Emily Dickinsonenak Angel Errok.

Aurkezpen haren ostean, lau errezitaldi eskainiko ditu Josu Landak, Miguel Hernandezen poemak oinarri:

azaroak 11 (asteartea) 19:00etan Soraluzeko Gaztelupe tabernan.

azaroak 20 (osteguna) 19:00etan Durangoko Hitz liburu-dendan.

azaroak 22 (larunbata) 19:00etan Donostiako Garoa liburu-dendan.

azaroak 25 (asteartea) 19:00etan Iruñeko Katakrak aretoan.

miguel hernandez

Josu Landak kantatu egingo ditu Hernandezen hainbat poema, ez kasualitatez. Hona hemen Beñat Sarasolaren hitzaurretik lapurtutako hitzak:

“Aski ezaguna da bere garai konprometituena, Viento del Pueblo poemarioaren garaia. Hernandezen obra osoa poema haietara murriztu izan da maiz, “poeta konprometitua” etiketapean. Aitzitik, Hernandezen amodiozko poemak, esaterako, maila gorenekoak dira halaber. Haren poesiaren beste ezaugarrietako bat lerroen musikaltasuna da, Josu Landaren itzulpenean bereziki nabarmena den alderdia. Egiatan, haren poemetarik ugari izan dira abesti bihurtuak; arestian aipatutako Serratenaz landa, Paco Ibañezen Andaluces de Jaen kantua, Olibazaleak poeman oinarritua, belarriz belarri ibili izan da urtetan. Musikari berriagoen artean, Silvia Perez Cruz-en Ramon Sije-ri elegiaren bertsioa aipa daiteke”.

Eta errezitaldi giroan sartzeko, liburuaren kontrazalera luzatu dugu gure begirada-amua. Kaierak proiektuaren webgunean topatuko duzue liburua osorik:

Zureak gabe, nire begiak ez begi,

bi inurri metatze bakarti besterik;

nire eskuak dira, zureak gaberik,

azpiratu ezin diren sasitza sorta bi.

 

Zure gorririk gabe ezpain gabea ni,

kanpandorre gozoez naukate beterik,

zu gabe ez da baino gurutze-biderik,

nardo artatu eta mihilu kiskali.

 

Zure doinurik gabe non dut belarria?

Zure izarrik gabe galdu dut norantza.

Zurekin egon gabe mehetu zait boza.

 

Zure haize usainak naiz maiz jazarria,

zure hatzen irudi galduaren antza,

zugan hasia, maite, nigan dadin osa.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.