Nikola Madzirov-en poemak Harkaitz Canoren eskutik

Nikola Madzirov Mazedoniako poetaren hamar poema euskaratu ditu Harkaitz Canok. Nikola Madzirov Strumica-n jaioa da, 1973an. Poeta, saiogile eta itzultzailea da. Bere poemak hogei hizkuntza ingurura izan dira itzuliak.eta bere poesia liburuek aipamen ugari jaso dituzte nazioartean, haien artean ‘Hubert Burda’ saria 2007an.


NORBERE ETXEA

Hiri amaieran bizi nintzen
inork bonbillarik aldatzen ez dion
farolaren gisako.
Armiarma sareei esker eusten zieten hormek elkarri,
izerdiari esker ziren bakar geure esku ahurrak.
Baldarki pilatutako harrespilan
ostentzen nuen nire trapuzko hartza,
hura ametsetik babesteko.

Gau eta egun berpizten nuen ate-lerroa
etengabe atzean utzi duen lorera itzultzen den erleak legez.
Bakean zen etxea aldegin nuenean:

hozkatutako sagarra ilundu gabe artean,
etxe zahar ahantzi baten argazkia gutunean.

Espazio isiletarantz noa jaiotzaz geroztik
eta nire azpian trabatzen dira hutsuneak,
lurrarena edo airearena ote den
batere ez dakien
elurra bezala.

GURE ONDOREN

Azken gatz alea ere igurzteraino
tindategian lehorrean garbi ditzaten
tolestuko ditu egunen batean norbaitek geure tapakiak,
eta geure gutunak ireki eta sailkatuko, egutegiaren arabera,
ez, ordea, zenbat bider irakurriak izan ziren aintzakotzat hartuz.

Etorriko da norbait egunen batean gelako altzariak
partida hasierako xake-piezak bailiran lekuz mugitzera,
ohe-jantzietatik eroritako botoiak, erabili gabeko pilak eta gosea
gordetzen ditugun
zapata kaxa zaharra irekitzera.

Egunen batean itzuliko da bizkarreko mina
hoteleko giltzen pisu astuna dela kausa,
harrerako mutilak urrutirako kontrola ematen digun uneko
zalantza aurpegia dela kausa.

Inoren errukia geure gainean esekiko da
ilargia haur arlote baten atzean nola.

GU JAIO AURRETIK

Asfaltaturik zeuden kaleak
gu jaio aurretik, eta konstelazio oro sortuak jada.
Hostoak usteltzen ziren
espaloi ertzaren ondoan.
Zilarra beztu egiten zen
langileen azalaren kontra.
Norbaiten hezurrak hazi eta hazi
ametsaren luzera osoan.

Europa batzen ari zen
gu jaio aurretik, eta neska baten ile-adatsa
lasai arraio hedatzen
itsasoaren azaleran.

EZ DAKIT

Urrutikoak amesten ditudan etxe oro;
urrutikoa afaltzera deitzen didan amaren ahotsa,
eta ni garisailetarantz korrika.

Urrutikoak gu, tiroa erratu duen pilota bezala zerurantz,
bizidunak eta zehatzak gu, hari begiratzean soilik zehatz den
termometroa bezala.

Urrutiko errealitateak aztertu egiten nau egunero,
bide erdian galdera batekin esnarazten nauen
bidaiari ezezagunak bezala: “Hau al da autobusa?”
eta nik diotsat: “Bai”, esan nahian: “Ez dakit”.
Ez dakit non dauden
aurkitu direnik eta gaixotasun guztiak
eta otoitz guztiak
abandonatu nahi dituzten
zeure aiton-amonen hiriak.

Amesten dut etxe bat geure gurarien muinoan,
handik ikus ditzagun olatuak
geure erorrera eta maitasunen kardiograma marrazteko,
ikus dezagun handik nola eta zer sinesten duen jendeak ez hondoratzeko,
nola dabilen jendea oinez, ez ahaztua izateko.

Urrutikoak zaizkit euritik eta gose baino are beldur gehiago duten
ehiztarien begi aurrean hiltzen ziren orein emeen minetik
ezkutatzen ginen borda haiek guztiak.

Urrutiko istanteak egunero galdetzen dit:
“Hori da leihoa? Hori da bizitza?” eta nik diotsat:
“Bai”, esan nahian: “Ez dakit”; ez dakit noiz
mintzatuko diren txoriak esan gabe: “Zerua”.

IXKIN EGITEN DIGUTE ITZALEK

Egunen batean paperezko ontzi baten gisan
eta errekan hozten den sandiaren modura,
horratx geure burua.
Munduaren egonezina gurekin izanen da.
Esku ahurrekin ilunduko dugu eguzkia eta eskuargi batekin
hurbilduko gara.

Egunen batean haizeak ez du
norakorik aldatuko.
Urkiak hostoak igorriko dizkigu
zapatetara, atari aurrean.
Otsoak geure inozentziaren atzetik egunen batean.
Tximeletek, euren hautsa
lagako digute masailetan.

Amona batek goizero
gutaz hitz egingo du itxarongelan.
Eta esaten dudana
esana dago jada: haizearen zain
geratuko garela, mugan bi bandera.

Itzal orok eginen digu ixkin
egunen batean.

NORBAITEK ALDEGITEN DUENEAN, BUELTAN DATOR EGIN GENUEN ORO

Maryan K.-ri.

Kale-izkinako besarkadaren atzean igarriko duzu
norbait badoala norabait. Beti da horrela.
Bi egiaren artean bizi naiz
korridore hutsean zalantza egiten duen
neoizko argi dardaratia. Nire bihotzean gero
eta jende gehiago sartzen da, haiek jada ez baitaude hemen.
Beti izaten da horrela. Begiak kliskatzen ematen dugu
gaubeilaren laurdena.
Ahazten ditugu gauzak, haiek galdu aurretik…
kaligrafia koadernoa, adibidez.
Deus ez da berria. Epel dago beti
autobuseko eserlekua.
Eskuz eskuko ur-ontziak uda guztietako sutera legez
zeiharki doaz airean azken hitzak.

Bihar gauza bera errepikatuko da:
aurpegi horrek, erretratutik desagertu aitzin,
zimurrak galduko ditu lehenbizi.
Norbaitek aldegiten duenean,
bueltan dator egin genuen oro.

HEGAN EGIN

Behelainoa hiriaren gainean hedatu da
Amabirjinaren buru okertua
hormirudi urrun batean nola.

Sateliteen antenak aingeruekin mintzo
biharko eguraldiaz:
oskarbia, ziurra, esanguratsua,
egun gorriz betetako egutegia nola.

Baina gauak bere itzalak horman
txertatu ahala,
arrametarantz abiatuko zara zu
banku-billete baten atzealdeko
hegazti exotikoa legez.

GAUZA ASKO GERTATU ZIREN

Gauza asko gertatu ziren
Lurra Jainkoaren hatzaren inguruan
jira-biran zebilela.

Sokak askatu egin ziren
argindarra eroateko kableetatik;
amodioak lotzen dituzte orain.

Ozeanoko tantak
urduri pilatu ziren
leizeetako hormetan.

Loreak mineraletatik banatu
eta usainaren atzetik abiatu.

Atzeko patrikatik papertxoak hegaldatu
geure gela gardenean zehar;

idatzita ez baleude
sekula egingo ez genituzkeen
gauza ezdeusak.

UKITU NAHI DITUGUN GAUZAK

Ez da deus geure baitatik kanpo:

isiltasun egarria daukagun unean, asuna
sendabelar bihurtu eta hiriek
hautsa hurbileneko hilerrietara
bueltan bidaltzen dutenean,
lurrundu egiten dira laku artifizialak.

Abandonatu ditugun etxeetako horma-papereko
lore zuri eta beltz haiek guztiak
istorio inpertsonalen bidez loretan,
geure hitzak oinordetzan jaso gabeko herentzia bilakatuz doaz,
eta ukitu nahi ditugun gauzak
inoren presentzia.

Zapata baten gisako gara
zakur alderrai saldo baten haginetan,
elkar besarkatzen dugu
etxe hutsetako adreiluetan barna
elkarlotutako kableen eran.

Aspaldian ez da deus geure baitatik kanpo:

batzuetan eguzki, argi edo aingeru
esaten diogu elkarri.

AZKAR DOA MENDEA

Azkar doa mendea. Haize banintz,
azal-zurituak nituen honezkero enborrak
eta bazterrauzoetako eraikinen aurpegiak.

Urre banintz, sotoetan ezkutaturik nengoke,
lur seguruan eta jostailu hautsien artean.
Gurasoek ahantzia, baina euren seme-alabek
eternalki oroitua.

Zakur banintz, izurik ez errefuxiatuei;
ilargi banintz, izurik ez heriotza zigorrei.

Horma-erloju banintz
pitzadurak ezkutatuko nituzkeen.

Azkar doa mendea.
Zerurantz begiratzeari esker, eta ez lurrerantz,
bizirik atera gara lurrikara ahuletatik.
Airea sar dadin zabaltzen ditugu leihoak
inoiz bisitatu ez ditugun lekuetan.
Ez da gerrarik batere, egunero zauritzen du norbaitek
geure bihotza.
Azkar doa mendea. Hitza baino azkarrago.
Hilik banengo, denek sinetsiko lidakete
isiltzen naizenean.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>