Abenduaren 2an banatuko dira Lauaxeta Poesia Sariak

Jule Goikoetxea eta Joxan Artze sarituko dituzte aurtengo edizioan

Asteon jakin dugu. Joxan Artzek eta Jule Goikoetxeak eskuratuko dute Lauaxeta Poesia Saria. Bizkaiko Foru Aldundiak aditzera eman duenez, abenduaren 2an Euskararen Egunaren bezperan jasoko dute oroigarri bana. Bi idazleen azken lanak hizpide izan ditugu Hitzen Uberan, eta Lauaxeta Saria aitzakia harturik, gurean jasotako hainbat pasarte ekarri ditugu gogora. Hitzen eta poemen bitartez.

LauaxetaSaria

Joxan Artzek, orain urtebete, bi poesia liburu plazaratu zituen: Heriotzaren ataria dugu bizitza (Elkar) eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar). Jule Goikoetxeak iragan udaberrian plazaratu zuen Tractatus (Susa), bere lehen poesia liburua. Biei eman zaien Lauaxeta Poesia Saria aitzakia harturik, bi idazleen inguruan osatu genituen artikuluak ekarri ditugu gogora.


Jule

Jule Goikoetxea: “Umorea eta pasioa oinarrizkoak dira niretzat”

Pasiotik eta umoretik dute Tractatus (Susa) liburuko poemek, hala aitortu zigun Jule Goikoetxeak berak pasa den ekainean eskaini zigun elkarrizketan. “Pasioa niretzako izateko era bat da, pasionala naiz, egiten dudan guztian beti dago pasioa. Ez da bakarrik gida, nahigabea ere bada. Izateko era bat munduan, bueltarik ez daukana. Umorea aldiz pasioa bezain oinarrizkotzat eta garrantzizkotzat jotzen dut, baina diferentzia da umorea ikasi egiten dela. Umorea zentzu filosofikoan esan nahi dut, ez “grazia”ren zentzuan. Analisiarekin, distantziarekin eta pazientziarekin erlazionatzen den umorea. Niretzako hori ikasketa bat izan da”.

Elkarrizketa berean aitortu zigun moduan, liburu hau Juleren aitarekin oso erlazionatuta dago: “aita hil eta gero idatzi nuen, niretzat aita zen bizitzan maite izan dudan pertsonarik garrantzitsuena. Umorea azken etapan ari ginen elkarrekin lantzen. Umorearekin zenbat gauza lor daitezkeen, bizitzeko era ezberdin bat, askoz ere erlaxatuagoa eta, labur esanda, zoriontsuagoa. Zoriontsuagoa ez azaleko modu batean, umoreak egiten dizuna da bizi behar dituzun sufrimendu guztiak –erresistentziak, borrokak, heriotzak, minak- beste era batera bizitzea, askoz ere jasangarriagoa izatea. Niretzat bizitza izan daiteke ikaragarri ona edo desastre hutsa, eta orokorrean uste dut gogorra dela, eta putada handi bat. Horregatik dira umorea eta pasioa oinarrizkoak niretzat”.

Jule Goikoetxearen ustez, poesian hau askoz gehiago nabarmendu daiteke saiakera batean baino,  “horregatik da literatura garrantzitsua eta beharrezkoa niretzako, pasioa eta umorea egikaritu daitezkeelako nahi duzun moduan. Politikaz hitz egiteko, zentzu zabal batean, edo filosofiaz, saiakeratik baino beste literatur genero batzuetatik abiatzea errazagoa da. Saiakera oso eremu hertsia da, eta zientziarena orokorrean ezagutza mota oso formalizatua. Niretzako literatura ere, artea, ezagutza mota bat da. Egin daiteke artea pasiorik gabe?”.

Poema honekin hasten da Lauaxeta saria jaso berri duen Tractatus (Susa, 2014) liburua:

 

ALBAIT ZORIONTSUENA

Albait zoriontsuena

izan zaitez gaur

bihar berriro

gaur izango baita

eta lehen aldian zoriontsua

izaten jakin ez bazenuen

espiritualki miserablea

egingo zaizu eternitatea

baina gaur zoriontsua

izan baldin bazara

a! orduan…

orduan eternitatea egingo zaizu

espiritualki aspergarria

 


Artze

Joxan Artze, obsesio eta galdera funtsezkoen peskizan

Bi poema liburu kaleratu zituen iaz Joxan Artze poetak, biak bata bestearen segidan: Heriotzaren ataria dugu bizitza (Elkar) eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar). Artzeren lan berriekin osatuko den bildumaren lehenengo bi aleak dira horiek, Elkarrek aditzera eman duenez guztira zazpi izango baitira bilduma osatuko duten liburuak.

Bi liburuetako orrialdeak launaka itsatsita aurkituko ditu irakurleak; berak askatu beharko ditu orrialdeen ertzak poemara iristeko. Elkarretik jakinarazi zigutenez, “egileak hala nahi izan du, irakurleak liburua berea egin dezan”. Intonso moduan kaleratuak -zeinean orrialdeak plegatzeko eraren ondorioz taldeka lotuta argitaratzen diren-, izaera inperfektua hartuko dute liburuek, edo ez zehatza, edo norberarena, edo gertukoa.

Joxan Artzeren ibilbidea jarraitu duenari ez zaio arraro egingo liburu-objektuak duen bizia eta garrantzia, aurreko lanetan arteko adibide batzuk gogoratzearren: Oihana ahuenka erosi zuenak ezpala jaso zuen harekin batera, liburua oinarri zuen performancea gogoan; Isturitzetik Tolosan barru izenekoan berriz (1969koa jatorrizkoa, 2007an berrargitaratua), objektuak ez ezik testuaren izaera espaziala, eskultorikoa kasik, markatzen zuen liburu-objektua, egilearen ahots-grabaketez lagundua, idatzizkoan ahozkotasunak zuen eragina are eta gehiago nabarmenduz.

Lauxaeta saria jaso duten azken bi liburuetan ere suma daiteke Joxean Artzek testuen izaera propioari eta paperean agertzeko moduari ematen dion garrantzia: testu laburtxoak dira gehienak, edukietatik abiatuta sortzen dira elkarren loturak poema luze bakar bat osatuz kasik, hitzen sakonera eta forma behin eta berriz irauliz, hitzen sonoritatetik zentzu berriak eta irakurketa zabalak eskainiz… ahots ezberdinetan ematen den barne-bakarrizketa edo poema luze baten modura.

Guztia obsesio eta galdera funtsezkoen peskizan: bizitza, heriotza. Naturaren elementuei atxikirik zabalduko dira beste behin lehen liburuko poemen ateak. Hari horretan tartekatuko ditu kurtsibak, letren tamainak, tipografien intentsitateak, eskuz idatzitako aleak. Musika konposizio baten moduan hitzak modulatuz, irakurlea eramanez, ekarriz.

 

Zuriaren zuriz urdinskatu elurretan,

zurimin horretan dena idatzia dago,

-eta idazten ari-

aspaldidanik munduak mundu

eta mendeak mende direnetik.

 

Bai, idatzirik, ez ordea aditzera emanik:

kolore oro hor zuripean,

hitz guztiak hor ixilean;

entzutear, baina entzuteke,

agertzear, baina agertzeke…

zain zeini agertu, zeinek agerraraziko,

zeinek entzun eta entzuneraziko.

 

Kolore guztiak hor zurian kirika,

hitz oro hor ixilean borbor…

ixiltasun xurian,

xuritasun ixilean!

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.