Liburu-artefaktuak

Liburu bati eskatu ohi dioguna hitza da, hitzekin egin beharreko magia eta gogoeta, edo biak batera ahal dela. Baina liburu bat, berez, bada objektu bat ere, lilura sortzen duen “gauza”. Hitzez gain, zer gehiago kabitzen da liburu batean? Zenbat gauza sartu ohi dira egun? Begirada luzatu diegu azkenaldian plazaratu diren liburu-artefaktu batzuei. (Argazkian: Isturitzetik Tolosan barru)

artze


Beharrezkoa da artefaktu izaerarekin bueltaka ibiltzea? Segur aski ez, literatura delako azken finean; edo segur aski bai, literaturaren eremutik haratago liburuaren mugak zabaltzen laguntzen digulako. Aurkezpen batean edo bestean entzungo duzu editore bat, argitaratu berri duen horren “artefaktu” izaeraz, hitz horrek “arte” izenarekin duen loturagatik agian. Aspaldiko kontua da, liburu-objektua literaturaz harago beste eremu batzuetara eraman nahi izatearena: irudiaren erabilera anitzak, disko-liburu formatua, testua antolatzeko modu artistikoak, orriz orriko irakurketa linealak apurtzea bilatzen duten proposamenak, liburu euskarria koadernaketa eredu klasikoetatik haratago berrasmatzeko ahaleginak…

Ez dira plazaratzen errazak artefaktuak, beti daramate beregan arrisku-komertzial handi bat. Editoreek ez ezik, irakurleek ere askotan ez dakite zer duten esku artean, nola bizi behar duten liburu-artefaktu bakoitzaren mundua. Testuaren ikuspegitik, antzeko zer edo zer gertatzen da genero-artekotasunarekin. Literatur bilduma klasikoetan (narratiba, poesia, saiakera…) sailkatu ezin diren lanek erronka bikoitza dute plazara ateratzerakoan: edozein liburuk berez duena gehi artefaktu izaerak irakurlearengan sortzen ahal duen nahasmena.

Beti egon izan dira, kezka artistikoei erantzunez, diziplinartekotasun hori liburu euskarrira eramateko tentazioa izan duten sortzaileak. Gurean JoxAnton Artzeren Isturitzetik Tolosan barru (1969an egilea editore) aipatu genezake aitzindari gisa, Artzeren garairik esperimentalenean; orduko hartan letra tipoak, audio bidezko ahots-grabaketak eta testuen ahozkotasunak, papera desplegatzeak eta manipulatzeak ematen dituen aukerak poesia lan baten zerbitzura jarri zituen Artzek. Pamiela argitaletxeak berrargitaratu zuen 2007ean, bere egunean binilozko diskoan jasotako poema errezitatuez lagunduta zetorren harribitxia CDz jantzita oraingoan. Artzek berak mantendu egin du bere lanik berrienetan liburu-objektuarekiko lilura eta jolasa, Elkarrekin iaz argitaratu dituen Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Heriotzaren ataria dugu bizitza berrienetan “intonso” teknika erabilita. Hitza bera agertzeko moduari dagokionez, hemen ere tartekatuko ditu kurtsibak, letren tamainak, tipografien intentsitateak, eskuz idatzitako aleak.

Pentsa liteke aro digitalaren presiopean liburuak bere burua berrasmatze horretan topatu duela lubaki bat, besteak beste horri egozten ahal zaio komiki eta album ilustratuen presentziaren gorakada azken urteetan. Kostata baina euskarara ere iritsi den olatuak erreferentzia interesgarria utzi ditu azkenaldian: Baleak ikusi ditut (Astiberri) eta Munduko bandarik txarrena (Txalaparta) itzulpenak; Habiak eta Black is Beltza bezalako euskaraz sortutakoak, Txalapartak argitaratua lehena (Dejaburen antzezlan batetik abiatuta sortu du Maite Gurrutxagak, Euskadi Saria jaso berri), Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Jorge Alderetek elkarlanean sortua bigarrena, ekitaldi sorta baten bitartez aurkeztu berri dena. Nolanahi ere, ebook eta enparauen gizarteratze eta txertatze plana segur aski uste zena baino mantsoago, makalago edo ahulago etorri da, beraz paperezko ohiturek agintzen dute oraindik, eta paperaren erreinuan testuak.

Sailkapen sinple batera ekarrita, artefaktuek bi bide har ditzakete: batetik testua oinarri izanda sortzen diren liburu-artefaktuak, eta bestetik testuaren beraren garrantzia atzean utzita liburu-objektua sormen espazio gisa erabiltzen dutenak, testua egon ala ez. Batean zein bestean, liburu-artefaktuen munduan murgiltzeko moduko hainbat proposamen plazaratu dira euskaraz azkenaldian, eta guk errepaso eman nahi izan diegu erreportaje honetan.

Artefaktua literatur-testuaren zerbitzura

Patxi Zubizarretaren 50 (Txalaparta)

Diziplina artistiko ezberdinen arteko elkar eragina bilatzen da sarri artefaktuekin, ahots estetiko ezberdinen arteko talka. Txalaparta argitaletxeak ez ohiko apustua egin izan du maila horretan, bere literatur bilduma nagusiaren estatusaren barruan. Patxi Zubizarretak idatzi duen 50 da adibiderik berriena, Joserra Senperenaren musikarekin eta Mintxo Cemillanen irudiekin osatua. Txalapartak berak aurretik kaleratu ditu Zubizarretaren beste bi lan, ildo beretik: Joan 2010ean, eta Mundua lo dagoen bitartean 2008an.

50

50eri dagokionez, aurkezpeneko hitz hauek jaso zituen Juan Luis Zabalak Berrian:

Sormen diziplinen arteko elkarlanarena ez da joera berria Zubizarretaren ibilbidean. «Pintoreengana eta musikariengana hurbildu nahi izan dut, haiekin aberastu. Ikusle eta entzule moduan lehenik, eta gero egile moduan». Sormen lanek «esanahi maila ezberdinak» hartzen dituzte, idazlearen ustez, elkarketaren ondorioz. «Nik idatzitakoari Joserrak musika jarri eta nik Joserraren musikarekin idazten jarraitzen nuen, eta gero Mintxok musika horrekin sortu… Esanahi mailak gorpuztuz joan dira horrela, zentzumenak, emozioak, gogoetak… Pio Barojaren esana gero eta gaurkotuagoa iruditzen zait: nobela zaku bat da non dena kabitzen den. Gaur egun are gehiago. Aukera dago dena sartzeko, teknologikoki behintzat». (Berria)

Txalapartaren bilduma berean topatuko ditugu ildo berean kokatu genitzakeen beste titulu batzuk ere: Atsekabe zaitut (2010), Branskit (2011) eta Hura ez da lekua (2012).

Ixiar Rozasen Beltzuria

Beltzuria liburuan ere testuak agintzen du, baina liburu-artefaktua edukien neurrira dago sortua. Horretarako Bigara artista bikotearekin kontatu du Ixiar Rozasek, ez kasualitatez: liburu-objektuak bat egiten du guztiz edukien izaerarekin. Kasu bakana da Pamielaren Kondagintza sailean, ez dituelako erabiltzen bilduma horretako beste tituluen maketazio eta estetika bera. Jose Angel Irigaray-k aurkezpenean esan zuenez, “iradokizun asko dituen liburua da, ate eta bide asko uzten ditu ezker eskuin, iradokizunez beteak. Oso performatiboa eta intermitentea da, eta poetikoa”. Baina funtsean “kontatu” egiten du, berdin dio ez badu ohiko bideetatik egiten, eta horregatik sartu dute “Kondagintza” sailean.

beltzuria-azala

Kontagintza zatikatua dakar Beltzuriak, hari ezberdinek elkarlotzen dituzten zati eta atalak. Hari nagusietako zatiak ataletan daude antolatuak, eta horiez aparte “Esku oharrak” izeneko atala dago, guarda beltzekin, eta zerrendekin jolasten duen hitzoste moduko beste atal bat. Esku artean hartu orduko jabetuko da irakurlea ez dagoela ohiko proposamen baten aurrean. Objektuak bat egiten du testuaren edukiak planteatzen dituen ardatz nagusiekin: ahotsaren espazioaren ikerketa, eta idazleak narrazioan agertzen duen eta irakurlearekiko harremanean islatzen den performatibitate baterako joera. Hain zuzen ere, irakurleari zuzenduko zaio behin baino gehiagotan idazlea, eta irakurleak liburu bakar baten aurrean beharrean ez, liburu aukera ezberdinen aurrean dagoela sentitzen hasiko da.

Esku edo oin oharrei dagokionez, liburu-artefaktuak izan ez arren haiekin jolasten duten liburu ugari daude. Julio Cortazazarren Rayuelari zor zaio segur aski, neurri handi batean, joera hori; Danele Sarriugartek hori aitortu zuen behintzat, Erraiak nobelaren antolakuntza azaltzerakoan.

Juan Kruz Igerabide, Elena Odriozola, Oihane Igerabide: Ur, euriaren liburua

Ur, euriaren liburua aurkeztu dute Juan Kruz Igerabidek, Elena Odriozolak eta Oihane Igerabidek Denonartean argitaletxearen eskutik: hitza, irudia, musika. Euskarri horiek biltzeko kutxa bat, barruan formatu bakoitzak bere ataltxo soltea, irudiekin materialki jolasteko aukera… liburu bat sorpresaz beteriko kutxa izan daitekeen ideia muturrera eraman dute lan honetan, kutxa zabaldu eta irakurleak bere modura antolatuko baititu edukiak, interaktuatu ahal izango du irudiekin…

ur

Txikitako euri-jolasak inspirazio iturri, elkarlana den jolasetik etorri zen edukia, jolastera gonbidatu dute irakurlea bera, modu honetan:

Euriaren eta bizitzaren jolas gisa jaio zen honekin jolasten jarraitzera gonbi- datzen zaitugu.

Liburu hau txikitako euri-jolasen oroitzapenenetatik jaio zen. Elena Odriozolaren irudi hauek testuekin euri-jolasean jaio ziren. Oihaneren musika hau euri-doinuekin jolasean jaio zen. Grabazio hau lagun arteko jolasean jaio zen, hitzaren euri-festa batean.

Ezustekoen kutxa hau euri-jolaserako gonbita duzu, mundura «euri-ekarri» eta bere itsasora garamatzan bizitzarekin jolasteko. Haur, guraso eta lagun ugari bildu gara, testuak grabatuz jolastera, ontzat eman arte errepikatuz, hitzaren zirrara sentituz.

Euriaren eta bizitzaren jolas gisa jaio zen honekin jolasten jarraitzera gonbidatzen zaitugu.

Irudiekin irakurtzen diren liburuak

Ainara Lasaren Falta (EZ) diren gauzak

Argitaletxea EDO!k hainbat lan ildo planteatu zituen bere sorreran, atalka banatuta: “Literola” bilduman saiakera, itzulpen, oro har literatur lanak biltzen dira, “Xortak” bilduman gauza bera baina formatu txikian edukien nolakotasuna hitzaldi txiki eta literatur lan laburretara zabaltzen delarik, Begikoak bilduman berriz irudiak eta proposamen grafikoek dute protagonismoa.

Oro har EDO!ren liburu guztietan ematen zaio garrantzia irudiari, horren adibide da “Literola” eta “Xortak” bildumetako azal bakoitzeko irudia artista ezberdin bati eskaini izan zaiola. “Begikoak” bilduman protagonismo osoa ematen zaio liburu-objektuaren protagonismoari.

azala-falta-es-diren-gauzak

Bilduma horren baitan aurkeztu berri dute Ainara Lasaren FALTA (EZ) diren gauzak. Bertan egileak irudiaren bitartez kontatzen du emozio bat, hitza erabiliko du ere baina elementu bat gehiago bezala. Liburuak hainbat materialekin jolasten du beraz (irudien konposizioa, transparentzien bitartez gainjartzen diren irudiak, hustasunak zulatu eta era berean batzen dituzten zuloak…). Era berean, orrialdetako batean jostorratz bat dakar liburuak, irakurleari liburuan modu aktiboan parte hartzeko gonbitea luzatuz. Behean ikus dezakezue egileak bera liburua josten, argibide modura.

Aurretik plazaratu zituen EDO!k Maite Gurrutxagaren Alderik alde artista liburua, Gari garaialderen Zu ikusteko bidean argazki liburua, Lorena Martinezen Maite dut liburu-kutxa.

Artefaktuetako liburu-ikuskera

Euskal literaturaren historian urtez urte atzera egingo bagenu, etengabe luzatuko litzateke era ezberdineko artefaktuen zerrenda. Ez dirudi joera handi edo uniforme bat denik, ez dirudi bizitza komertzial errazeko lanak, baina etengabe egiten dute horrelako proposamenek salto plazara. Idazlearen bakarkako lana elkarlanetik zabaltzeko gogoaren eraginez batzuetan, ikuspegi artistiko batetik liburua sormen-espazio bezala esperimentatzeko grinatik besteetan, irakurlearen begiak ez ezik, eskuak ere harritzeko xedez beti.

 

 

 

 

 

This entry was posted in Albisteak, ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.