Martxan da ARRAKALATUTA programa

KAXILDA LIBURU-DENDAK ETA TABAKALERA KULTUR ETA ARTE ZENTROAK ANTOLATU DUTE

Urte osoan emango ditu loreak, eta azaroan erein dituzte ARRAKALATUTA programako lehen haziak. Pasa den larunbatean egin zuten GORPUTZA JAURTI irakurle taldearen lehen saioa, eta azaroaren 26tik 30era egingo dituzte azaroko gainontzeko ekitaldiak. Izenburuak berak garbi uzten duenez, arrakaletan barneratzeko asmoa du programak, gorputza, eta baita zaurgarritasuna ere, erdigunean ipintzekoa, eta abiapuntu horietatik praktika artistikoak eta pentsamendua jorratzekoa.

índice

 

portada_folleto

 

Zaurgarriak, zaurkorrak
Zaurtzaileak

Zaurgarritu. Zauritu, kolpatu, hondatu
Urratu. Zartatu, tarratatu. Apurtu. Zabaldu
(Barrez) lehertu

Arrakala. Arteka, pitzadura
Arrakalatu. Printzatu, pitzatu
Ireki

ARRAKALATUTA

Olerki txiki horrekin esplikatu nahi izan dute ARRAKALATUTA programaren antolatzaileek, topaketek zertan datzaten. Beherago, hitz gako gehiago zehazten dituzte: gorputza, lurraldea, diferentzia… Pentsamendua eta arte-praktikak ikuspuntu jakin horietatik abiatuta hauspotzea dute asmo, hirian bertan ere sarea ehuntzea.

Joskintza eta konexio lan horretarako lehen puntua GORPUTZA JAURTI lantaldea dugu, pasa den larunbatean bildu zena estreina, eta hitzordua hilero izango duena. Gorputza erdigunean ipinita artea eta pentsamendua pentsatzea, antolatzaileek dioten moduan, gorputza jartzea baita hemen egoteko modu bakarra.

Larunbatekoa galdu izanaren penaz zabiltzatenok, ez kezkatu, aste honetan ere izango da arakatzen segitzeko aukerarik. Azaroaren 26an, Idoia Zabaletak, koreografoa eta Azala kreazio espazioaren bultzatzailea, POSTHUMOS emanaldia eskainiko du Victoria Eugeniako Club Aretoan, iluntzeko 20tan. Saioaren ondoren ikus-entzuleek artistarekin hitz egiteko parada izango dute. Ostera, biharamunean, Posthumos proiektuaren B aldea ikusgai izango da Kaxilda liburu-dendan, Zabaletarekin solastuko baita Ixiar Rozas idazlea. Gero, Vitoria, Victoria, Vitorear LPa zuzenean aurkeztuko du Oier Etxeberriak.

04.IDOIAZABALETA

Idoia Zabaleta. Posthumos.

Amaitzeko, hiru eguneko tailerra prestatu dute, ahotsa ardatz hartuta. Idoiak Zabaletak berak egingo ditu gidari-lanak. Alta Boza du izena eta azaroaren 28tik 30era egingo dute, Kaxildan hau ere. AEBetako Occupy mugimenduko kideek baliatutako ahots-anplifikaziorako teknikak esperimentatuko dituzte, Easo plazan eta Arroka kaleko frontoian, besteak beste. Izena emateko, helbide honetara idatzi behar duzue: arrakalatuta@kaxilda.net

Programei buruzko informazio osoagoa euren blogean topa dezakezue. Era berean, aperitif gisara, jakin ezazue datorren urteko hainbat bisitariren izenak aurreratu dituztela antolatzaileek: martxoan Chantal Akerman etorriko da, apirilean Bojana Kunst, eta maiatzean Adriana Cavarero.

 

 

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.