“Itzala” antzezlana ikusteko aukera berriak

Asteburu honetan Kabia antzerki taldearen Itzala antzezlana ikusteko aukera berriak izango ditugu. Itzala Joseba Sarrionandiaren Itzalarekin solasa ipuinetik abiatu zen hastapenean, Jokin Oregiren eskutik bestelako testuekin uztartuta bide berri bat hartzeko ostera.

itzala kabia

Euria esan eta euria erortzea antzezlana sortu zuen Kabia Teatroak 2010ean, Joseba Sarrionandiaren testuetatik abiatuta. Antzezlan handia zen hura, aktore asko, proposamen tekniko ugari oholtza gainean… irudi poetikoen bonbardaketa zen antzezlana. Eskaintza anitz hartan baziren nolabaiteko haria eramaten zuten bi pertsonaia: gizon bitxi bat, eta haren itzala, Florentino Badiolak eta Joseba Uribarrik jokatuak. Aktore biek joko fisiko magikoa sortzen zuten, itzalaren mugimenduak bikoiztuz, itzalaren errebelatzeko joera umorera eramanez. Bi pertsonaien arteko jolasak Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburuak topatu daitekeen Itzalarekin solasa ipuina zuen abiapuntu, zehazki.

Urte batzuk geroago, 2013an, bi pertsonaia horiek berreskuratu eta formatu txikiko lan berri bat sortu zuen Kabiak: Itzala. Kasu honetan, Sarrionandiaren testutik harago joan ziren, Bernardo Atxagaren Bagdadeko morroiaipuina ere uztartu zuten dramaturgian, guztiarekin istorio berri bat idatzi zuen Jokin Oregik.

Nor, gure pertsonaia, kaleko edozein pertsona izan daiteke. Bere emaztearengandik bananduta bizi da, bakarrik, etxe xume batean. Nor deitzen diogu, baina izatez Nor ez da inor. Ez du ezer inportanterik egin: ikasketak utzi zituen eta gaur egun taberna batean lan egiten du, bizitzeko lain ematen ez dion soldata batekin. Hain da inor, izena ere ez diogula jarri. 

Ezustean baina, Nor-k bisita berezia jasoko du. Bera bezala baina beltzez jantzita dagoen pertsona bat agertuko zaio. Berehala konturatuko da, ordea, bere itzalaren itxura hartzen duen pertsonaia berezi hori Herioa dela eta bere bila datorrela. 

Pertsonaiaren tragedia, ikuslearen begietan komedia bihurtu ote daiteke?

Itzalak

Asteburu honetan, ikusteko aukera berriak

Hauexek:

- Azaroak 27, 20:00etan: Erandioko Merkatu Zaharrean.

- Azaroak 29, 20:00etan: Lezoko Gezala Auditorioan.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.