Zipriztin nihilistak

Heriotzaz kontatzen den guztia gezurra da. Errealitatea irain bat da, ukabileko bat bular aldean, eta haren kontrako ituna engainu bat da», Sandor Marai idazle hungariar erbesteratuaren aipu nihilista erabiltzen du, beste aipu gogoangarri batzuen artean, Jabier Muguruzak (Irun, 1960) bere hirugarren liburuan,Hilen logika ezkutua (Erein,2014). Liburuaren nondik norakoa emango digu ukabilaren indarra duen aipu horrek.

Tonu minimalista, irakurterraz eta aparteko eztanda narratiborik gabekoa darabil musikari irundarrak, egunerokoaren argazki mindua eta lausotua 16 kontakizun laburretan islatu xedez. Narraziotan ez da gertakari liluragarririk jazotzen baina, bere xumean, zenbait ideia totemiko erabiliko ditu Muguruzak, hala nola, harreman sozialen azalkeria, krisialdi ekonomikoaren eragin zuzenak eta zeharkakoak, kulturaren, eta bereziki, musikarien egoera penagarria, eta aurreko guztiak eta gehiago biltzen dituena: heriotzaren eta bizitzaren zentzugabekeria…

Estilo minimal hori, postmodernitatearen olatu leunetan, bere muturrera eramateak baditu bere arriskuak ere, batez ere zenbait kasutan zirriborro narratiboa besterik ez gauzatzea edo hegaldi literarioan sortu litezkeen kalte sekundarioak nabarmenegiak izatea. Horrela bada, Muguruzaren estiloa zenbaitzuetan astuna gertatzen da, bilatzen duen efektuaren kontrakoa lortuz. Eta esango nuke elipsiaren erabileran dagoela gako nagusia: egunerokoaren argazki desitxuratua ematean demasezkoak dira deskripzio errepikakorrak Nicolae eta AndreiOpor umoretsuakedota Ospakizun ausarta narrazioetan esaterako. Narrazioan aurrera egin ezinik dabilela antzematen zaio, sortu duen ideiaren pisu astunegitik askatu ezinik, ezinbestekoak ez zaizkigun datuak eskainiz. Bitxikeria gisa, pertsonaia askoren adin zehatza emateko obsesioa larregizkoa iruditu zait, zenbaitzuetan pertsonaiaren gaineko ezinbesteko informazioa bada ere, gainerakoetan ez dio ezer apartekorik eskaintzen kontakizunari. Hizkuntzaren erabilera ez da batere «praktikoa», nolabait esatearren, eta ondorioz produktu literarioaren kalitatea nabarmen murrizten da. Euskararen erabilerak azterketa sakonagoa mereziko luke: erdarakada batzuk lar agerikoak dira, «gurasoei agurtu ondoren» edota «segitzen du joaten» moduko harribitxiak lekuko.

Ideien idazlea izanik, Muguruzak baditu nabarmendu beharreko zenbait dohaintza, batez ere ironiaren erabilera findua eta bizitzaren gaineko ikuspegi pertsonala islatzeko trebezia, Tonetti hemen zenBeti aitzina eta Igogailuan preso kontakizunetan agertzen ditu, egunerokoan «fracking» kontraesankor bat sortzeko maisutasuna erakutsiz. Arestian aipatu da kontakizun guztiak irakurterrazak direla, horrek nolabaiteko dinamikotasuna ematen dio liburuari. Nabarmentzekoak dira, baita ere, musikarien egoeraren gainean idatzitakoak. Kazetaritza-estiloa neurtua darabil 52 Funtzio baietz narrazio esanguratsuan. Artean eta bizitzan ezinbestez aurrera egin beharrak zipriztin nihilistak ondorioztatzen ditu.

Hilen

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.