Bazkalosteetarako karta-joko literarioena

Max Aub autore espainiarraren Juego de Cartas eleberri berezi-bereziaz ari gara, noski

Orain justu berrogeita hamar urte kaleratu zuen Max Aubek bere karta-jokoa, joko bat dena ez bakarrik izenburuz baizik baita literalki ere. 108 kartak osatzen baitute, Máximo Ballesterosi buruzko kontakizun hau. Espainiako Gerra Zibilaren ostean erbestera joan zen bizitzera, Mexikora, eta han  zela kaleratu zuen Aubek lana, 300 aleko edizioan. Urte luzez agortuta egon da artefaktua, eskuraezin, baina 2010ean berriz ere argitaratu zuen Cuadernos del Vigía etxeak. Jusep Torres Campalanas margolariaren irudiekin jantzita datoz karta guztiak.

sem-jose2

Oturuntza-garaiak dira askorentzat urtearen hondar egunak, mahaiaren bueltan bildu eta jan-edanak amaitu direnean ere luzez katigatzekoak hitz eta pitz, iluntzera arte edo gaueko ordu txikietara arte luzatzen dira sarri hitz aspertu eta kantuak. Okasio horietarako proposamena dakarkigu gaur, Max Auben Juego de Cartas (Karta-jokoa),denik eta karta-jokorik literarioena.

Aub04

Hona jokatzeko arauak:

Kartak nahasi, ebaki eta banatu karta bana jokoan parte hartzen duten lagun guztiei. Lehenengo jokalariak, alegia, kartak banatu dituenaren eskuinetara dagoenak, bere testua irakurri behar du, gero hurrengoak irakurri behar du berea, azken jokalarira arte. Ondoren, lehenegoak karta bat hartu behar du erdian gelditutako karten tontorretik, eta irakurri egin behar du. Gero, beste guztiek egin behar dute hori, karta amaitu arte.

Jokoa alda daiteke, eta hasiera-hasieratik bizpahiru karta eman, jokalariek nahiago duten eran, eta emaitza ez da sekula berbera izango.

Entretenitzeko joko bat bat, apustuak ez dira derrigorrezkoak.

Gainera, mota guztietako bakarkako jokoak egiteko balio du.

Máximo Ballesteros nor izan zen asmatzen duenak irabazten du.

1290539569781

Izan ere, hil berri den Máximo Ballesteros delako horri buruzkoak dira karta denak, era berean eskutitzak ere badirenak, Ballesterosen ezagun eta ingurukoek Ballesterosen beste ezagun eta inguruko batzuei bidaliak, hil egin dela jakin ondoren.

Surrealismoaren eta dadaismoaren eragina jasota autorea dugu Aub, eta hainbat obratan erakutsi zuen bazuela literaturarekin jolasteko eta esperimentaziorako grina. Lehen begi-kolpean artefaktuaren inpresioa gailentzen bada ere, bakarka irakurri daiteke, nolabait eleberri epistolario gisa, obra hau. Auben pentsamolde nagusietako bati jarraikiz, pertsonon bizimodu fragmentatua islatzen dute 108 pusketatxo literario hauek.

On egin!

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.