“Hatsaren poesia 2015” bilduman parte hartzeko deialdia

“Hatsaren poesia” bilduma plazaratuko du 17. aldiz Hatsa elkarteak. Ohiko moduan parte hartzea irekia da, nahi duen orok urtarrilaren 15a bitarte bidal ditzake testuak. Bestetik, Hatsaren bildumetan jasotako poema zatiekin argazki muntaiak osatu eta blog batean jarri ditu ikusgai Hatsako kide den Auxtin Zamorak.

hatsa 2015

Lau poema gehienez, eta norberaren argazki bat. Horiek dira Hatsari bidali behar zaizkion osagaiak “Hatsaren poesia 2015″ izeneko bilduman parte hartu ahal izateko. Hamazazpigarren bilduma izango da 2015eko udaberrian Hatsak plazaratuko duena. Ohi den moduan, aurten ere apirileko lehen egunetan aurkeztuko dute bilduma Senperen, apirilaren 12an Larraldea etxean.

Ibilbide luzea du Hatsaren ekimenak, eta parte hartze zabala bezain anitza urteotan bildumotako orrialdeetan pilatutakoa. Iaz adibidez, 110 olerkariek parte hartu zuten bilduman, eta baita 150 haurrek ere taldekako ekarpenetan.

Lanak ohiko postaz edo emailez bidal daitezke:

Hatsa Elkartea, Oxtikenea Fr 64310 EH Senpere; olerkibilduma@sfr.fr

Bestetik, aurkezpenetan ohikoa izaten da ere parte hartzaileen ekarpenekin bideo bat egitea. Horri begira ere, nahi duen orok argazki artistikoak bidal ditzake.

Auxtin Zamoraren argazkiak

Hatsa elkartearen bilduman parte hartu duten idazleen testuekin argazki muntaiak egin izan ditu Auxtin Zamora idazleak. Horren lagina topatuko duzue Hatsaren Argazki Bustiak izeneko blogean. Argazkiak banaka euskarri fisikoan eskuratu nahi izanez gero 12 euroan daude eskuragarri. Blogean bertan topatzen ahal da informazio guztia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.