Abangoardiako emakumeen urtea

2014ko urtean literatur uzta ezin oparoagoa bildu da, abangoardiako ustekabez betea suertatu zaigu literatur zaleoi. Lan nekezak izango dituzte Euskadi Sariko epaimahaikideek Literatura Saria erabakitzeko.

2001-12-31 23.00.00-53

‘Erraiak’

Egilea: Danele Sarriugarte.

Argitaletxea: Elkar.

Ezbairik gabe, urteko eztanda literarioa, formaz eta edukiz. Egilearen lehena izanik, nobela anplifikatu honek duen arazo bakarra atzetik letorkeen hurrengo liburua litzateke. Z. izeneko mutil batekiko haustura abiapuntutzat hartuta, gaztaroa zupatzen ari den emakume baten digresiozko bakarrizketa lazgarria, ironikoa eta adiktiboa. Pornografia fisikoan eta emozionalean mozkortuta, sarerik gabeko jauzi literarioak bazuen arriskurik, pedantekeriaren amildegian burua haustekoa. Zorionez, euskal literaturaren olinpoan hautsi da erraien anfora.

‘Tractatus’

Egilea: Jule Goikoetxea.

Argitaletxea: Susa.

Poesiaren ifrentzuan eraikitako aurtengo bigarren eztandan, neurtitz barrokoz eraikitako proposamen etiko-filosofiko zirraragarria eskaintzen digu egileak estreinakoz. Wittgenstein-en «nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira» esaldia irudi piroteknikoz desmuntatuz, bere poesiak ez duela harresirik adierazten digu argiro eta, are gehiago, poesiaren erailketak itxaron beharko duela. Maitasunaren gaineko ikusmolde kaleidoskopikoa eta heterodoxoa, emakumearen gorputzaren presentzia bere gordinean aldarrikatuz.

‘Beltzuria’

Egilea: Ixiar Rozas.

Argitaletxea: Pamiela.

Artefaktu literario gozagarria. Zenbait pasarte egilearen ahotsean entzuteak jainkoei dagokien gozamena behar du izan. Plazeraren, politikaren eta oroimenaren arteko zubi kuantikoa. Liburuaren azal beltzaren presentziak performancearen abiapuntu estetikoa ezartzen du. Generoen arteko mugak ikusezinak zaizkio lasartearrari, bere aitona Xamuiok gogoratutako edo moldatutako bertso batzuen bila. Ahotsaren kobazuloan gotortuta, literaturak aspaldi galdu dituen botere mitikoak berreskuratzeko tour de force miragarria.

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.