Arantxa Urretabizkaiak Kaxildan aurkeztu zuen atzo bere azken liburua

Arantxa Urretabizkaiak Donostiako kaxilda liburu-dendan aurkeztu zuen atzo Zuri-beltzeko argazkiak liburua, Pamiela argitaletxearen eskutik. Jende ugari bildu zen aurkezpenean, eta egilea irakurleen iritziak ezagutzeko gosez azaldu zen.

arantxa-urretabizkaia

Jende ugari bildu zen atzo Donostian Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela) liburuaren aurkezpenean. Ez kasualitatez, idazleak Kaxilda pertsonalki ezagutu zuela kontatu zuen, hasi orduko. Kaxilda liburu-dendak zabaldu zizkion ateak aurekezpenari, baina ez zen sobera formala izan, berehala ekin zioten bertaratutakoek solasean parte hartzeari. Arantxa Urretabizkaiak hori bera bilatu zuen hasieratik “idazle batek ez daki zer egin duen, zer egin nahi zuen baizik. Irakurleak soilik daki zer egin duen idazleak. Gaur bertan zaudeten batzuek irakurria duzuenez, agian gauerako zerbait gehiago jakingo dut egin dudanari buruz”.

Ama izan du abiapuntu egileak liburu hau sortzerakoan, eta horren haritik askoz gehiago ere “horretan bat zetozen gerra galdu eta irabazi zutenek: emakumea etxean, eta nire ama ez zen etxean geratu”. Liburuko oroitzapenek hamahiru urte bete arte egin diote bidea oraingo honetan, baina ez da memoria hutsa, ez dago argi jakiterik non hasi edo amaitzen den fikzioa “oroitzapenak beti sukaldatu ditut fikzioan. Behin Arxagak Erlearako artikulu bat eskatu zidan, eta hor hasi nintzen oroitzapenak gordinean kontatzen. Hala ere, liburua idazlearentzat askatasun eremu bat da, kazetaritzakoak bezalako idazte-lanetan ez dagoena. Oroitzapenak gordinean kontatu ditut, baina ez nuen gure familiaren bizitza kontatu nahi: garai hartako familia xume baten bizitza nolakoa zen jaso nahi nuen”. Oroitzea fikzioa egitea delako funtsean, “fikzio ariketa bat egin dut, oroitzea interpretatzea delako. Horregatik ez dut jo nahi izan dokumentaziora liburua idazteko”.

Hemen Ixiar Rozasek ekitaldia aurkeztu zuen unea:

CAM00120

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Arantxa Urretabizkaiak Kaxildan aurkeztu zuen atzo bere azken liburua

  1. Mari Jose says:

    Zorionak, Arantxa! Izugarri gustatu zait zure liburua!