Willian Shakespeareren 154 sonetoak euskaraz

William Shakespeareren 154 sonetoak itzuli ditu Juan Garzia Garmendiak, eta liburu eta disko formatuetan argitaratu ditu Mikel Laboa Katedra eta Aztarna zigiluaren eskutik. Diskoan soneto batzuk musikatuak datoz, beste batzuk berriz kulturgintzako hamaika kidek errezitatuak. Aurkezpena egingo dute gaur Donostian.

shakespeare

Urte luzez jardun da lanean Juan Garzia Garmendia William Shakespeareren sonetoak itzultzen. Mikel Laboa katedraren babesaz argitaratu du aurten, liburu eta disko formatuetan. Diskoa osatzeko Aztarna zigilua izan dute ekoizle, Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik. Koldobika Jauregik egin du diska-liburuaren diseinua.

Sonetoek neurriari, errimari, musikaltasunari erreparatuz itzultzea eskatu dio Juan Garzia Garmendiari. Diskoa bera aukera aparta da horiei erreparatzeko, eta horrez gain, diskoak berak kulturgintzako lagun ugariren ahotsak bikldu ditu Shakespearen sonetoak gaurko sentimenduetara ekarriz.

sonetoak

 

Liburuaren aurkezpena

Bestetik, honela aurkeztu du Juan Kruz Igerabidek –Mikel Laboa katedraren izenean- proiektua:

“Shakespeareren lanen bertakotze-maila omen da kultura baten garapenaren neurrietariko bat. Shakespeareren Sonetoak lirikaren gailurrik bikainenetarikotzat jotzen dira, eta kultura-gertakari handitzat hartzen da obra hori beste hizkuntza batera ekartzeko saio bakoitza.

Juan Garzia Garmendia literatura-itzultzaileak aspalditik jardun du buru-belarri Shakespeareren sonetoak euskarara egokitzeko ahaleginean. Hogei bat urtez landu eta orraztu ditu, behin eta berriro, 154 sonetoak eta beste hainbeste argibide-iruzkin ere gehitu, irakurleari bidea errazteko. Horrenbestez, Sonetoen edizio eder bat apailatu da 2014 urtean, sortu berri den Mikel Laboa Katedraren bultzadaz eta laguntzaz.

Shakespeare euskaraz biziberritzea Oihenart biziberritzea ere bada, edo Etxeberri biak, edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Atsular. Juan Garziak horienean jo du atea kox-kox, baina ez gutxiago Bernat Etxepareren erritmo-errimetan edo ahozko tradizioko ereduetan, bertsolaritza zaharrean edo orainagoko idazle nahiz itzultzaileen ekarrietan. Soneto hauek irakurri-entzun ahala, gure kultura literarioaren soinutxo hori atzematen da, kultura unibertsalarekin parez pare mintzatzen jarria.

Sortu berritan heldu zion Mikel Laboa Katedrak proiektu honi, testuarekin batera euskal kulturako bestelako arte-hizkuntza batzuk ere hitzezko hizkuntzaren jai honetara gogatzeko ametsaren atzetik.

Sonetoek soinua eskatzen dute, barne zein kanpoko ahots bat. Euskal poesian, soneto edo hamalaudun deritzon moldeak ez du izan forma finkorik, eta tradizio sendoagoa duten hizkuntzetako bertso-lerro estandarrak berak ere –pentametro janbikoak, endekasilaboak– ez du baliokide garbirik euskarazko olerkigintzan. Obra bakar batek ezin ditu bete, jakina, hutsune horiek guztiak, baina bai eredu bat eskaini, Shakespearerek zerabilen moldetik hurbilena. Errezitazioak, beraz, oso leku garrantzitsua du gure egitasmoan, bolumen handiko corpus bat eskaintzen baitio euskal belarriari forma horretara ohitu dadin.

Errezitazioen soinu-hartze gehienak eta lehenak Donostiako EHUko Carlos Santamaria eraikinean egin ziren. Bilbon ere izan ginen, Bilbo Zaharra euskaltegian. Bai eta Iruñean ere, Zaldiko Maldiko elkartean. Gasteizen,berriz, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Tartean, Luhusoan, Ximun Haran zenaren etxekoek hartu gintuzten beren lagunarte goxoan. Gainerakoak tantaka grabatuak dira, Hernanin gehienak, Aztarna estudioan, eta han-hemenka gainerakoak.

Ezin liteke hitzez adierazi nolako jarrera bihotz-zabala jaso dugun inoren atean ahots eske jo dugun bakoitzean. Gutxi dira hor halako lanetan eskarmentu handirik zutenak, baina kostako zaio entzuleari hala dela sinestea emaitzaren egokitasun eta are bikaintasunari erreparaturik.

Bistakoa da poesiak, eta lirikak bereziki, lotura zuzena duela musikarekin, eta bada proiektuan beste partaidetza bat, arte horretarako ere: Joxan Goikoetxea musikariak, berak sorturiko doinuz, kanta bihurtu ditu Sonetoetariko batzuk, eta euskal kantari multzo ezagun batek jarri dio ahotsa, Goikoetxearen beraren musika-moldaeraz eta haren gidaritzapean”.

Parte hartzaileak diskoan

Kantariak

Olatz Prat – Eñaut Elorrieta – Pier Paul Berzaitz – Paco Ibañez -  Estitxu Pinatxo -  Amaia Azkue -  Petti -  Mikel Urdangarin

Musikariak

Txema Garcés – Oriol Flores – Roberto Yaben – Balen López de Munain -Iosune Marin – Ion Mari Beasain – David Escudero – Oihane Igerabide -Alan Griffin – Mixel Ducau – Juanjo Otxandorena – Luis Fernández Suso Saiz – Joan Valent – Ara Malikian – Robert Rich – Felipe Ugarte

Errezitatzaileak

Gana Salaberri – Lorea Arrieta – Pierre Salaberri- Patxi Zubizarreta – Odile Kruzeta – Aritz Gorrotxategi – Jon Aurre – Jon Bagüés – Maialen Berasategi – Mari Jose Olaziregi – Asier Larrinaga – Juanan Legorburu – Jose Ramon Etxebarria – Iratxe Goikoetxea – Mirentxu Larrañaga – Lauren Etxepare – Itziar Iriondo – Lurdes Auzmendi – Auxtin Zamora – Xabi Paya – Mila Garmendia – Kirmen Uribe – Jose Angel Lasa – Larraitz Ariznabarreta – Joxerramon Zubimendi – Joxean Sagastizabal – Miren Agur Meabe – Arantxa Urretabizkaia – Idoia Santamaria – Maialen Heguy-Lucu – Pello Otxoteko – Itziar Zubizarreta – Rikardo Arregi – Joseba Urteaga – Lontxo Oihartzabal – Monika Czerny – Leire Mendiburu – Ramon Agirre Arantzazu Royo – Julia Marin – Mañu Elizondo – Bego Montorio – Lourdes Oñederra – Gotzon Egia – Bego Muruaga – Jexuxmari Mendizabal – Jexuxmari Mujika – Aizpea Goenaga – Joxean Muñoz – Gerardo Markuleta – Anjel Lertxundi -Txomin Sagarzazu – Joseba Andoni Lakarra – Koldo Tapia – Joxe Austin Arrieta – Manex Fuchs – Jose Luis Padrón- Joxerra Garzia – Karlos Linazasoro – Patxi Goenaga Xabier Olarra – Pello Lizarralde – Edorta Jimenez – Fernando Rey – Karlos Zabala – Itziar Alkorta – Koro Navarro – Angel Erro – Maite Iribar – Xabi Auzmendi – Itxaro Borda – Miren Azkarate – Ximun Fuchs – Julian Maia – Maika Etxekopar – Joseba Urkia – Uxue Alberdi – Patxi Petrirena – Mayi Iza – Xabier Mendiguren Bereziartu – Manu Lopez Gaseni – Xabier Mendiguren Elizegi – Juan Kruz Igerabide – Koldobika Jauregi – Beñat Sarasola – Pello Salaburu – Beñat Axiari – Pedro Alberdi – Bakartxo Arrizabalaga – Iñaki Ugarte – Eider Rodriguez – Oskar Arana – Mikel Lasa – Pako Aristi Juan Luis Zabala – Iñigo Roque – Iñaki Iñurrieta Xabier Zaldua – Xabier Euzkitze – Joxemari Iturralde – Irene Arrarats – Irene Aldasoro – Isabel Etxeberria – Frantxi Lopez Landatxe – Patziku Perurena – Harkaitz Cano Jabier Kaltzakorta – Agustin Arrieta – Itziar Laka – Inazio Mujika Iraola – Jorge Gimenez – Josu Zabaleta – Aritz Branton – Amets Arzallus – Jose Ramon Muruaga Bernardo Atxaga – Mikel Taberna – Andoni Egaña – Maddi Oihenart – Oier Guillan – Koldo Biguri – Manex Mujika – Ramon Saizarbitoria – Hasier Etxeberria – Rikardo Etxepare – Xabier Montoia – Nekane Lasa – Juan Ramon Makuso – Jokin Ansorena – Elixabete Perez Gaztelu – Arantxa Iturbe – Joxan Goikoetxea – Pantxoa Etchegoin – Iban Zaldua – Alfontso Mujika – Ramon Etxezarreta – Gidor Bilbao – Juan Garzia Garmendia

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.