Ongi etorri Hitzen Uberan-era!

Azkenean heldu gara zure pantailara, zure begien lerro artera. Heldu gara, abiatu besterik egin ez garen arren. Zurekin egin nahi genuke -irakurle, literatur zale hori- aurrerantzean bidaia. Izan ere, Hitzen Uberan nabigatu ahala eraldatzen joango baita ontzia.

Arrantzale askok galdetu digu egunotan zer izango den Hitzen Uberan. Hauxe duzu gure asmoa, gogoa eta erronka:



Astero, gaurkotasunari loturiko erreportajeak eta elkarrizketak egitea eta gatzetan gordetzea.
Aingura hegodunak biltzea: sormen-piezak jasotzea eta eskaintzea.
Periskopioan begia jarri eta ikus-entzunezko literaturaz gozaraztea.
Literatur zalea den orori erakargarriak egiten ahal zaizkion amuak biltzea.
Nabigazio-karta bat eskaintzea: inor galdu ez dadin, gure geografia literarioan sakondu dezagun.
Kofradia sortzea eta bizi-bizi eustea: literaturari buruzko edukiak, kezkak eta eztabaidak konpartitu nahi ditugunon komunitatea sortzea.
Euskal literaturaz ari diren gainerako hedabideetatik ale arrantzatuak eskaintzea.
Sareak ematen dizkigun aukerak baliatzea literaturaren mesedetan.
Kaian, portura datorren guztia jasotzea, antolatzea eta arrain-partea egitea.

Proiektu honekin behinola Euskal Idazleen Elkartearen eskutik Testuketanen egindako lanari jarraipena eman nahi diogu Uxue Alberdi eta Oier Guillan kazetariok. Literaturak ematen dituen edukien eta mugimenduen berri sakontasunez jaso nahi dugu, kazetari ikuspegia eta literaturari diogun maitasuna elkartuz, begirada propio bat sortuz, sormenari eta gertakizunen kronikari lotua.

Ez dugu ezer asmatuko, egunero Euskal Herriko hainbat txokotan lanean dabilen jende anitz horri tresna baliagarria eskaini nahi genioke, edo gutxienik gure esku dagoen guztia egin haien lanaren berri emateko. Mugimendu handia dago hainbat lekutan, jende ugari lanean, uberak han eta hemen: idazleak, editoreak, antolatzaileak, liburuzainak, irakurleak, zaleak, ilustratzaileak, argazkilariak… Etengabeko mugimenduan dagoen kultur-errealitate horren berri ematen saiatuko gara. Ezingo dugu gertatzen den guztia jaso, baina jasotzen dugun guztia begirada propio batekin ematen ahaleginduko gara.

Hitzen Uberan proiektu soila zen garaian, hainbat jenderi eskatu genion aholkua. Horietako bilera batean, ‘non dago literatura gaur egun?’ galdera jarri zigun idazle batek mahai gainean, ‘liburuetan, jakina, baina baita erakusketetan, hitzaldietan, tabernetako errezitaldietan, iragarkietan, telesailetan, kale-bazterretan ere’. Zentzumenak erne ditugu, eta bilatu egin nahi zaitugu, literatura, han edo hemen.

Kofradiaren bidez webgunean edukiak txertatzeko edo kofradiakideen eremuan eztabaidak jarraitzeko aukera izango da. Parte hartzea izango da gure helburuetako bat, zalea izan dadila protagonista… edo behintzat proiektua zabalik egon dadila beti.

Asko zor diegu gure aurretik sarean erreferente izan ditugunei eta gaur egun ere lan betean dabiltzanei. Hitzen Uberanek izango du zer ikasia eta zer hobetua, literatura bezala etengabeko mugimenduan dagoen sareen sare honetan. Horregatik, gogo onez jasoko dugu webgunea hobetzen lagun diezagukeen edozein iradokizun, proposamen nahiz kritika.

Mila esker dagoeneko gurean parte hartzera animatu zareten ilustratzaile, argazkilari, idazle eta aholkulari guztiei, eta baita spotak grabatzen eta editatzen lagundu diguzuen aktore eta artista guztiei ere.

Askatu ditugu amarrak! Goazen, beraz, Hitzen Uberan letren arteko itsaso zabalean barrena. Haizea alde dugu!

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>